Hemen aurkezten dizkizuegu familia giroan ederki pasatzeko planik onenak:

1. Museora, txikienen alaitasunarekin
Bilbao Bizkaian harro gaude gure iraganaz, gure erroez. Bisitatzen gaituztenek gure ondarea ezagutuz primeran pasatzea nahi dugu. Horregatik, gure museoek umeei zuzendutako jarduera anitz dituzte. Bilbao Bizkaiak museo asko, eta ondorioz, jarduera asko dituela egia bada ere, Guggenheim Bilbao, Arte Ederren Museoa, Itsasmuseum Bilbao, Museo Arkeologikoa eta Euskal Museoa bezalako museoekin, beste askoren artean, Bizkaia osoa txikienei emanda dago. Esaterako, barnealdean, Balmasedan, La Encartada Museoa eta bere ekintza eskaintza zabala dituzue; kostaldean, Bermeon, Arrantzalearen Museoan primeran pasa dezakezue. Gainera, zuen ezagutzak eta nabigazio-teknikak sakondu nahi badituzue, Lekeitioko Santa Katalinako itsasargia gomendatzen dizuegu. Euskadi osoko lehen itsasargi bisitagarria eta bakarra, ez ezazue galdu!


2. Zirimiria hasten denean… badugu plana!
Txikiland gune estalia da, doako sarrera duena eta 0 eta 13 urte bitarteko haurrekin egiteko jarduera ugari eskaintzen dituena. Entretenimendurako, dibertsiorako eta elkarbizitzarako tokia da, eta Bilboko erdigunean dagoena, Azkuna Zentroan. Askaria egiteko orduan, gozoki perfektuaren bila erromesaldi txiki bat egitea baino plan hoberik ez zaigu bururatzen. Ez zaituztegu engainatu nahi, Bilbo Bizkaian gozozaleak gara, eta beste inon aurkituko ez dituzuen pastelak eta gozokiak ditugu: karolinak, gurin opilak, arroz pastelak edo santiagitoak. Ezin zarete Gernikako ori-baltzak eta Markina-Xemeingo kokoteak dastatu gabe joan. Eta zuen seme-alabak nagusiagoak badira, escape room batean primerako esperientzia izatea proposatzen dizuegu. 


3. Abenturazaleak… martxan!
Nabigatzaileak, adi! Bilboko itsasadarrean zehar nabigatzea ezinbestekoa da! Itsasontzian edo kayakean, hiriburua beste modu batean ezagutzeko aukera izango duzue. Eta gurpil gainean egitea nahiago baduzue, bizikleta batzuk alokatzera eta itsasadarraren ertzetik ibiltzera animatzen zaituztegu, Alde Zaharretik hasita, Zorrozaurreraino. Badaude gainera hiriko estanpa eta bere itsasadarra ikusteko toki bikainak: mendiak. Hiriko lekurik enblematikoenetakoa Artxanda mendia da. Funikularrean joanez, gailurra hiru minutu eskasetara dago, eta bertatik Bilbo Metropolitarraren bista paregabeez gozatu ahal izango duzue. Eta panoramikez ari garela, ezin dituzue galdu Bizkaia Zubia, Bilbotik 20 minutura baino ez dagoena (Areeta edo Portugaleteko geltokietatik hurbil) eta ikuspegi paregabeak dituena; Gaztelugatxeko tontorretik, Rocadragón en Juego de Tronosen, ateratako argazki ikusgarriak, edo Bizkaiko funikularrik zaharrenean, Larreinetakoan, muntatu ondoren Zugaztietan arnasten den aire freskoa.


Eta futbolzaleak bazarete, San Mames Katedralean partidaren bat ikustea beharrezkoa duzue, edota Athletic Cluben Museoan 105 urte baino gehiagoko ibilbide historikoa egitea. Ikusgarria lehoiek orro nola egiten duten entzutea!


4. Animalien bila
Bilbao Bizkaia, bere berdeguneei, haranei eta kostalde basatiari esker, helmuga ezin hobea da txikienek naturaz eta faunaz goza dezaten. Gure lurraldean Gorbeiako, Urkiolako eta Armañongo Parke Naturalak nabarmentzen dira. Denek dituzte gainera maila guztientzako ibilbideak. Animaliengandik hurbil egon nahi bazarete, Urdaibai Bird Center bisitatzea gomendatzen dizuegu. Bertan, zerutik igarotzen diren hegaztiak begiztatu ahal dira. Gure txoko preziatuenetakoa, Urdaibaiko Biosfera, uretatik ere bisita daiteke, estuariotik stand up paddle, kanoa edo piraguan jaitsiz. Eta itsas-bizitza alde batera utzi gabe, jarduera berezia proposatzen dizuegu, baleen, delfinen eta bestelako zetazeoen bistaratzea. Modu baketsu eta lagungarrian, noski. Santurtzi edo Bermeo bezalako portuetatik irtenez, Bizkaiko Golkoa  eta bere itsas-bizitza aditu eta naturisten eskutik ezagutu ahal dituzue. Lehorrean, zuen prismatikoak hartu eta basa-fauna mehatxatua babesteko babesleku eta zentroetara hurbiltzea gomendatzen dizuegu, hala nola Basondo Kortezubin eta Karpin Karrantzan.


5. Familia harritu nahi duzuenontzat
Zuen familia egonaldi bereziarekin harritzea bilatzen duzuenontzat, plan paregabeak proposatzen dizkizuegu, hala nola Butroeko Gazteluaren inguruan zaldiz paseatzea, Urkiolan egun batez artzain aritzea edo Bizkaiko lurpeko mundua ezagutzea, Armañongo Pozalaguako kobazuloak edo Kortezubiko Santimamiñekoak bisitatuz. Halaber, gure kulturara gehiago hurbiltzeko hainbat jarduera egin ditzakezue: herri kirolen erakustaldi batera joan edo sukaldaritza-tailerretan tokiko plater tipikoetako bat prestatzen ikasi. Hiriko zaratatik aldendu eta naturan murgildu nahi izanez gero, Bizkaiko landetxeren batean gaua egitea proposatzen dizuegu.


Zuen zain gaude!