Bizkaian lur hartzen duten bisitari askok Bilbo ezagutzera datoz, eta gure hiriburua kultura, tradizioa, arkitektura, gastronomia eta garapenaren adibide ezinhobea bada ere, inguratzen gaituen naturak berezi egiten gaituen beste ezaugarri funtsezkoa da ere.
Urdaibaiko bezalako leku gutxi daude munduan. Biosfera erreserba babestu honetan itsasoak, mendiek eta ibaiek bat egiten dute, naturako leku miresgarriak eskainiz: Gaztelugatxe eta Izaro irla, Mundakako olatua, Ereñozarreko San Migel baseliza… leku hauen nolakotasunaz gain, bertara hurbiltzen den bisitariari askotariko jarduerak eskainiko dizkio Urdaibaik. Barnealdean ostera, Agustin Ibarrolaren Baso margotu magikoa eta inguruetako Santimamiñeko kobazuloak aurkituko dituzu, historiaurrera bueltatzeko aukera izanik.
Gorbeiak artzainen bizitzara hurbilduko zaitu. Bertako artzain batzuek milurteko ogibide honetaz nekez bizi dira gaur, eta euren txakur eta latxa motako artaldeekin mendian zehar ikustea ikuskizun zoragarria izango duzu. Ardi hauek Idiazabal gazta sortzen dute, gure gastronomiako produktu erakusgarrienetarikoa. Gorbeiara hurbilduz gero, gure mendi garrantzitsuena igotzea gomendatzen dizugu, gailurreko gurutzetik Bizkaiko hainbat begiztatuko dituzu-eta.
Urkiola usadio eta mitologiaren gotorlekua duzu. Euskal Herriko lamia famatuena, Mari, Anboto mendiko kobazuloetan bizi da, eta zonalde horren inguruetan Urkiolako Antonio Abad eta Paduaren Santutegia topatuko duzu. Tenplu hau, eta parke natural osoa, naturaz inguraturiko paradisua duzu. Bertan, ibilbide ugari aurkituko dituzu, Urkiolamendi edota Saibigainekoak esanguratsuenetarikoak izanik.
Armañoneko parke naturalak 200 kobazulo baino gehiago ezkutatzen ditu lur azpian, horietako famatuena Pozalaguakoa izanik. Nahigabe deskubritutako kobazulo harrigarri hauez gain, Sopeñako artadi xelebrea dugu, zeinean mediterraneoko klima epela sortu dute Kantauri aldeko zuhaitz hauek, ezohiko fenomenoa, gero!
Ibilbideak
Ibilbide guztiak aipatzea ezinezkoa da, baina kontuan izan artikulu honetan aipatutako lekuak parke naturalen ingurukoak direla. Urdaibaiko kasuan, xendazaletasuna, txirrindulaz eta oinez egiteko hamaika ibilbide topatuko dituzu bai kostaldean, bai barnealdean. Ibilbide gehienak nahiko lauak dira, batez ere kostaldekoak eta Baso Margotuan egin daitezkeenak.
Parke natural bakoitzak berezitasun propioak eskainiko dizkizo, bai kostaldean, bai barnealdean
Barnealdeak ibilbide maldartsu eta berdeagoak eskainiko dizkizu. Gorbeia parke naturaleko ibilbide famatuena Areatzako Pagomakurretik Gorbeiako gailurrera doan egun erdiko ibilbidea duzu.
Igoera honek behiez eta ardiez beteriko belardietatik, baso zarbatzuetatik eta arkaitzez beteriko larretatik eramango zaitu Bizkaiko zabaiko gurutzera arte (1.482 metro). Bizkaira bazatoz derrigorrez igo beharreko mendia duzu honako hau.
Urkiolak kontrastez beteriko natura eskainiko dizu mitologiaz beteriko inguru magiko batean. Bertara hurbilduz gero, turismo bulegora joatea gomendatzen dizugu, parkean zehar egin daitezken ibilbide guztiak ezagutu ahal izateko eta inguruko mapak eskuratzeko. Ibilbide famatuenak Saibigain eta Urkiolamendira doazenak dira. Saibigainekoak joan etorriko ibilbidetxo laburtxoa eskainiko dizu harrizko gurutzera arte. Urkiolamendikoa egiteko denbora gehiago behar izango duzu, eta ibilbide mota zirkularra da.