Nekazaritzako eta Abeltzaintzako azokak

Neguan, Abadiñoko San Blas azoka, Amorebieta-Etxanoko emakume nekazari eta artisauen azoka, Sopuertako txerrikiaren azoka eta Bilboko San Tomas azoka nabarmentzen dira. Udaberria Balmasedako Erdi Aroko azokarekin eta Gueñesko San Jose azokarekin estreinatzen da, eta, udan, Gernikako Piperraren Eguna nabarmentzen da, barazkien eta fruten azoka eta euskal artisautzaren salmenta gaineratzen baitzaizkie piper-dastatzeei. Irailean, Muskizko azoka egiten da. Ekoizpen ekologikora hurbiltzeko, Durangoko azoka ekologikoa aukera ona da.

Udazkenean jada, urriko azken astelehenean, Gernika-Lumo osoa hartzen duen jai-giroan, Euskadiko nekazaritza-azoka garrantzitsuena gailentzen da. Gainera, udalerri horrek urteko astelehen guztietan ematen dio aterpe bertako azoka ezagunari, eta, urriko lehenengo astelehenean, abeltzaintza-azoka egiten du.

Zallako Gangas Eguna benetan berezia izaten da, eskualdeko baserri-azoka zaharrena baita, tokiko artisau-produktuen erakusleihoa. Azaroan, eskualdeko nekazaritza- eta abeltzaintza-azokarik garrantzitsuena egiten du Markina-Xemeinek. Orozkok, berriz, Santa Luzia azoka tradizionalean egiten du, non terreña behien ganadutegiak lehiatzen baitira.

San Tomas azokak Gabonen hasiera markatzen du. Bertan, abereen erakusketak ikus daitezke, eta herrialdeko ohiko produktuak erosi: gazta, txakolina, eztia, erroskillak, barazkiak, frutak, artisautza... Musika ere azokaren zati da, eta hortxe izaten dira festa-giroa alaitzen duten bertsolariak, trikitilariak eta txalapartariak. Milaka lagun biltzen dira Bilboko Hareatzan eta Plaza Barrian, batez ere taloa (txorizoz, txistorraz, odolkiz eta abarrez betetako artoopila) eta sagardoa edo txakolina dastatzeko.