Nazioarteko ospe handiagoa daukaten Donejakue bide gehiago egon arren, iparraldeko bideak hitzik gabe utziko zaitu: paisaia gordinak eskainiko dizkizu kilometroz kilometro, etapa batetik bestera kontraste izugarriak ikusteko aukera izanik.

Duela zenbait urte, kostaldeko bidea ezezaguna bezain gordina zen, eta seinaleztapen urria egoteaz gain ez zeuden aterpetxe asko. Gaur egun gauzak aldatu dira eta erromes gehiago topatuko dituzu bidean, nahiz eta gainontzeko bideen iragatea momentuz erdietsi ez duen. 

Bizkaitik igarotzen diren 91 kilometroetako lau etapetan 12 aterpe topatuko dituzu guztira. Horrez gain, bidean zehar zerbitzu ugari topatuko dituzu gure geografiako herrietan. Kostaldeko bidea Frantsesa bezain zaharra dugu eta Erdi Aroko errege europarrek Santiagora joateko erabiltzen zutena zen. Errekonkistak aurrera egin ahala iparraldeko bide honek garrantzia galtzen joan zen: mendeetan zehar erromesek ez zuten erabili, baina Donejakue bidea egiten jarraitu zuten beste bideetatik eta horri esker gure kostaldeko ibilbidea berreskuratu da.

Zilarrezko Bidearen ostean biderik luzeena dugu kostaldekoa, baina Zilarrezkoarekin alderatuta, gureak askotariko paisaiak eskainiko dizkizu etapaz-etapa: barnealdeko mendien berdetasun zoragarria, herri arrantzaletako kresalaren usaina eta zaporeak, Bilboko historia industriala zein arkitektura garaikidearen nolakotasuna… ibilbide bakarrak den-dena eskainiko dizu.

Etapak

5. etapa: Markina-Xemein - Gernika Bizkaitik igarotzen den bide honetan, lehen herria Markina-Xemein dugu. Aipatzekoak dira bertako planta hexagonaleko San Migel Arretxinagako baseliza eta Zenarruza monasterioa, Euskadiko monumentu nazional izendatua.

Lau etapa hauetan barrena, sekulako paisaia natural nahiz hirikoak behatzeko aukera ederra izango duzu

6. etapa: Gernika - Bilbo Bideak Muxika eta Morgako herri baserritarrak erakutsiko dizkizu. Ruta Juradera jarraituz, Bizkaiko jauntxoek egindako bera, Urdaibai utzi eta Txorierri haranera helduko zara.

Larrabetzu, Lezama eta Zamudiotik igaro ostean Avril menditik igarota Bizkaiko hiriburura helduko zara: Bilbora. Bizkaiko bidearen etapa luzeena duzu honako hau.

7. etapa: Bilbo - Portugalete
Landa eremua alde batera utzita, Bilbotik Portugaleterainoko paisaia ez dauka zerikusirik momentura arte ikusitakoarekin; basoak, bidexkak eta errekak alde batera utzita, eraikinen artetik Kobeta mendira igoera egingo duzu, gure industrial iraganeko botxoa atzean utziz. Hiriaren airetiko panoramika egiteko leku polita duzu Kobeta.

8. etapa: Portugalete - Kobaron
Etapa honek Kantauri itsasora hurbilduko zaitu berriro, meatzaldetik gertu oraingo honetan. Portugaletetik bertatik bidegorri oso atsegina irteten da Muskiz norabidean, mendien arteko ibilbidea eskainiz. Etapa erosoa izango duzu honako hau, Ortuella eta Abanto-Zierbenatik igaroz, Area hondartzara iritsi arte. Pobeña atzean utzita, Kobaronera iritsiko gara antzinako Mehatzaldeko trenaren burdinbide berdea jarraituz. Etapako azken zati honek panoramika zoragarriak eskainiko dizkizu. Etapa honetan Barakaldotik pasatuko zara.

Kontuan hartu...

Bizkaitik igarotzen diren lau etapak behar bezala adierazita daude. Hala ere, Txorierri aldean, erromes askok zailtasunak izan ohi dituzte Zamudioko aldean, Avril mendira desbideratzeko orduan. Hortaz, garrantzitsuena herriko elizara heldu eta bertako errotondara iristean ezkerretara jotzea. Bidea mendian gora jarraitzea baino ez duzu baserrien artetik eta Txorierri autobia zubi baten gainetik gurutzatu ostean mendian gora egin beharko duzu.

Nola heldu

  • Ez da gauza bera Donejakue bidea oinez, txirrindulaz edo zaldiz egitea. Hortaz, bidean zehar arazoren bat izatekotan, gure lurraldeko aterpetxeen datuak eskainiko dizkizugu, badaezpada:

    Markina-Xemein 
    Convento de los padres Carmelitas
    Maiatzaren 15etik irailaren 30era arte

    Ziortza
    Ziortza Beitia - urte osoan zehar irekita - 946 165 259

    Zenarruzako monasterioa 
    Zenarruzako erromesen aterpetxea - Urte osoan zehar irekita 
    946 164 179

    Mendata 
    Idatze Etxea udal aterpetxea - Urte osoan zehar irekita. Astelehen eta asteartetan Artape jatetxean giltza eskatu behar da

    Gernika 
    Gernikako aterpetxea - Gaur egun aterpetxea itxita dago

    Morgako Santa Maria 
    Meakaur gazte-arterpetxea 
    944 911 746

    Lezamako Santa Maria
    Lezamako udal aterpetxea - ekainaren 1etik irailaren 30era irekita

    Bilbo
    Bilboko Erromesen aterpetxea - uztailaren 1etik abuztuaren 31ra arte irekita
    Egeria, erromesen aterpetxea
    944 125 712 / 606 730 045
    Gazteen aterpetxea - urte osoan zehar irekita
    944 270 054 / 944 204 200

    Portugalete 
    Portugaleteko erromesen aterpetxea - uztailaren 1etik abuztuaren 31ra arte irekita 
    944 729 314

    Pobeña
    Pobeñako aterpetxea - uztailaren 1etik abuztuaren 31ra arte irekita 
    946 706 000 / 946 707 075 / 
    946 706 016

  • Bide luzea da honako hau, eta 91 kilometroetan zehar eroso joan behar zara. Mendiko botak alde batera uztea gomendatzen dizugu. Mendiko tarte batzuk egon arren, ibilbide gehiena pistan zehar egiten da eta horretarako trekking motako oinetakoak erabiltzea gomendatzen dizugu.

    Neguan bazatoz Gore Tex daukatenak oso erabilgarriak dira, gure klimako nolakotasunagatik. Horrez gain, 30 litroko bizkar egokidun motxila eramatea ideia paregabea da. Jende askok zorro handiak eraman ohi ditu, eta zenbat eta tamaina handiagoko motxilak erabili orduan eta gauza gehiago sartuko dituzu nahigabe. Garrantzitsuena benetan beharrezkoak diren gauzak eramatea da, besterik ez.

    Bestalde, egunean kontsumituko duzun janaria, edaria, txanoa, eguzkitarako betaurrekoak eta eguzkirako krema eramatea da, zira arina ahaztu gabe, noski.