Familia guztiarentzako txango honen bidez, aisialdi eta turismo zentro honek naturarekin eta animaliekin elkarbizitzeko pausuak eta gomendioak eskainiko dizkizu. Txangoak ordu bi t’erdiko iraupena dauka gutxi gorabehera.

Animalia basatiak sendatzeko zentro bezala inauguratu zen Karpin Fauna 1995ean eta harrezkeroztik Karpineko eskaintza zabaldu da eta gaur egun ingurugiroaren zein iraunkortasunaren inguruko informazioa eskaintzen die bertara hurbiltzen diren bisitariei. Hain da handia hezkuntzari eskaintzen dion balioa ezen urtero Euskadiko 120 eskoletako 8.000 haurren bisitak jasotzen ditu.

Guztira 55 animalia espezie topatuko dituzu Karpin Faunan. Zerrenda luzea da oso: hegazti harrapariak, ahateak, basakatuak, pumak, mapatxeak, hudoak, makakoak, titi tximinoak, kirikolatxak, emuak, ostrukak, panterak, katamotzak… animalia bakoitzaren atzean istorio hunkigarriak topatuko dituzu: horietako batzuk bertan behera utzitako maskotak dira, beste batzuk itxitako baserrien ondorioz bizilekurik gabe geratu ziren animaliak dira, beste kasu batzuetan animalia-trafikoaren ondorioak pairatutakoak dira….

Zentroak antolatzen duen txangoaz gainera, Karpinek bisitaria ehiza ilegalaren kontzientziazioan, maskotak izatearen inguruan eta dibertsitatearen edo flora zein faunaren inguruko ezagutzan sakontzea bilatzen du. Horretarako bisita gidatuak, hiru erakusketa areto, azalpen-paneleko gela eta audiogela berezia dauka. Horietan maskoten, merkataritza ilegalaren eta espezie inbasoreen inguruko informazio ugari topatuko duzu.

Ibilbideak

Karpin Fauna natura-hezkuntzaren museo bizia duzu eta bertan Jurasikotik gaur egun arteko faunaren inguruko informazioa topatuko duzu.

Bertan lau zonalde bereizten dira: Animalia, Terrasauro, Gastornisland eta Dinotxiki

Animalia izenekoan parkean bizi diren izakien inguruko informazio osoa jasoko duzu: bizilekua, elikadura… animalia bakoitzak fitxa teknikoa baitu.

Bestalde, baso itxi batean Terrasauro eta Gastornisland zonaldeak dauzkazu, Jurasikora eramango zaituen atala. Bertan, dinosauroak desagertu zireneko garaiko izaki bizidunen informazioa jasoko duzu. Terrasauron tamaina errealeko erreprodukzioak daude eta Gastornislanden, dinosauroak desagertzean planetaren erregeak bilakatu ziren bi animalia taldeak ikusiko dituzu: hegaztiak eta ugaztunak.

Jatetxearen ondoan Dinotxiki zonaldea dago, txikienei eskainitako zonaldea. Karpin Faunako ibilbideak ordu biko iraupena dauka gutxi gorabehera baina nahi bezala antolatu dezakezu bertan igaroko duzun denbora: parkea bisitatu, jatetxean atsedena hartu, askaldegian ezer jan… zuk zeuk! Karpin Faunatik autoz 20 minutura Armañon parke naturala daukazu lurpeko Pozalagua kobazuloa bertako erakarpen turistiko nagusia izanik.

Nola heldu

Beratara heltzeko garraiobiderik arin eta erosoena autoa duzu. Karrantzako Biañez auzoan kokatuta (Bizkaiko auzo hedatuenetarikoa), garraio publikoak ez dizu autoak besteko erosotasuna eta arintasuna eskainiko eta maiztasun gutxi dago bertako garraioen artean.
 

  • Trena

    FEVE konpainiak Bilbao-Karrantza linea dauka eta jaitsi beharreko geltokia Ambasaguas da. Geltokitik Karpin Abenturara 3,4 kilometroko tartea duzu, 45 minutuko oinezko ibilaldia eginez. Taxia baliabide oso erabilgarria duzu kasu honetan.

  • Autoa

    Bilbotik bazatoz A-8 autobiaren bidez hel zaitezke parkera Colindres-Burgos irteera hartuz eta N-629 korridoretik. Ibilbideak ordubeteko iraupena dauka. Bilboko barnealdetik bazatoz Bi-630 errepidea aukera ona duzu, Enkarterrietatik igaroz. Karpin Abentura parkeak doaneko aparkalekua dauka eta 350 auto eta bost autobus har ditzake.

Gastronomia

Non jan

Etxetik askaria eramanez gero, parkeak bankuz eta mahaiez osatutako askaldegia dauka ibilbidearen hasieran. Aukera paregabea da egun eguzkitsuetarako. Gogoratu zaramak zakarrontzietara botatzeaz.

Parkearen barnealdean taberna-jatetxea topatuko duzu entsaladak, plater konbinatuak, bokatak, errazioak eta bestelako eskaintzekin. Eskolako opor garaietan taberna eta jatetxea irekita daude asteko zazpi egunetan zehar.

Ostatua

Non lo egin

Enkarterriak Bizkaiko mendebaldean daude. Gure iragan industrialeko jarduera nagusia zonalde honetan garatu zen eta askotariko altxorrak topatuko dituzu lur azpian. Zonalde honetan landetxeak, hotelak, pentsioak eta termak topatuko dituzu, ospetsuenak Karrantza haraneko Molinar auzokoak izanik. 

  • Karpin Fauna familia osoari gustatuko zaion plan aparta duzu. Bertan, aterpetxeko animalia basatiak ezagutuko dituzu, dinosaurio artean ibiliko zara, taberna-jatetxean atsedena hartzeko aukera izango duzu eta txikienek zonalde propioa izango dute primeran pasatzeko. Bisita uste baino lehenago bukatu baduzu, autoz 20 minutura Pozalaguako kobazuloa bisitatzeko aukera duzu Armañon parke naturalean.

    Karpin animalien aterpetxea
    Biañez auzoa, 37. 48891 Karrantza
    Telefonoa: 946 10 70 66 / 626 622 245
    E-posta: karpinabentura@karpinabentura.com

    • Ordutegia

      Uda (Uztailaren 1etik irailaren 15era arte)
      Zabalik egunero, 11:00etatik 19:00ak arte.

      Gabonak
      11:00etatik 17:00ak arte zabalik, ikasturteko oporrekin
      Abenduaren 24an, 25ean eta 31n eta urtarrilaren 1ean eta 6an itxita

      Bestelako datak
      Asteburuetan eta jaiegunetan zabalik, orokorrean.
      Irailaren 16tik urriaren 16ra arte, 11:00etatik 19:00ak arte.
      Urriaren 17tik martxoaren 31ra arte, 11:00etatik 17:00ak arte.
      Apirilaren 1etik ekainaren 30ra arte, 11:00etatik 19:00ak arte.

      Astean zehar taldeentzako bisitak antolatu daitezke 15:00ak arte

    • Prezioa

      2-3 urte bitarteko haurrak.
      Banakako sarrerak doan
      Taldeak (12 pertsona baino gehiago) 3,5 €

      4-14 urte bitarteko haurrak.
      Banakako sarrerak 6 €
      Taldeak 4,5 €

      15 urtetik gorakoak.
      Banakako sarrerak 10 €
      Taldeak 7 €

      Jubilatuak.
      Banakako sarrerak. 7 €
      Taldeak 5 €

      Karpin-Pozalagua promozioa: bi leku horietako banakako sarrera aukeztuz beherapena egingo da bigarren sarreran.

      Bestelako informazioa behar izatekotan, Karrantza herriko webgunea kontsultatu. 

    • Kokapena

      Karrantza harana

  • Bisita osoa egiteko denbora tartea ordu bi ingurukoa izan ohi da normalean. Oso gomendagarria da Karpin Abenturara argazki kamera edota prismatikoak eramatea. Bertan ikusiko dituzun animaliak basatiak dira, eta berez ezin daitezke gure lurraldean normaltasunez ikusi.

    Gogoratu bertako animalien lasaitasuna mantentzearren Karpin Abentura parke barrura ezin daitezkeela txakurrik eraman. Bertara txakurrarekin hurbildu bazara, ez kezkatu! harrera nagusian arduratuko dira zure txakurra zaintzeaz. Horrez gain, gogorarazi umeei parkean lasaitasunez ibili behar dela, animalien bizimoduan ahalik eta eragin gutxien izateko.