Ezagutu Artxandako funikular enblematikoa

Artxandako Funikularra: Bilboko zerurako bide enblematikoa

Artxandako Funikularra, mende bat baino gehiago dituena, Bizkaiko hiriburuko garraiobide enblematikoetako bat da, eta seguruenik, Bilbao Bizkaia osoan ezagunenetako bat ere.

Matiko auzoan kokatua, eta hiriko edozein lekutik irisgarria, Funikularrak, berez harritzeaz gain, Artxandara, hiriburuaren ikuspegi ederrez gozatzeko mendia, iristeko modu zuzenena ere bada. Bilbo erdian bazaude eta Artxandara begiratzen baduzu, egun osoan zehar gora eta behera dabiltzan Funikularraren kabinak ikusiko dituzu.

1915ean inauguratu zen Funikularra, eta beste garai bateko itxura klasikoa ditu. Nekaezina dela esaten dugunean ez gaude puzten, martxan jarri zutenetik historiaren bi garaitan bakarrik gelditu baita: Bilbok Gerra Zibilean jaso zituen bonbardaketetan eta 1983ko uholdeetan, hain zuzen ere.

Artxanda mendia beti izan da bilbotarrentzat aisialdirako eta olgetarako tokia, naturaz gozatzeko ingurune atsegin eta familiarra, hiritik distantzia gutxira, eta Funikularrari esker, erdigunetik gailurrerako ibilbidea 3 minutura soilik laburtu ahal izan zen.

Bai, hala da: horren azkar igotzen du funikularrak. Funikularra hartzen baduzu -eta, denbora baduzu, egin ezazu- igoerak irauten dituen 3 minutuetan, Bilbo beste modu oso desberdin batean ezagutuko duzu, eta ulertuko duzu zergatik deitzen dioten bilbotarrek mendi artean ezkutatuta dagoen hiriari “botxo” (zuloa euskaraz).

Artxandako Funikularraren inguruan jakin behar duzun guztia: kokapena, ordutegia eta prezioa

  • Non dago? Matiko auzoan dago, Funikularraren plazan Z.g., 48007.

  • Nola iritsi? Bilbo ia osotik oinez iritsi daiteke erraz Funikularraren geltokiaren beheko partera, 15-30 minutu arteko paseoan, jatorriaren arabera. Bilbobusen ere gertura zaitezke (72-26-11-22-71 lineek geltokitik metro gutxira uzten gaituzte) eta Bizkaibusen (A3223 lineak beheko geltokitik gertu uzten gaitu eta A3216 lineak Artxandako Polikiroldegiaren ondoan, goiko geltokitik gertu).

  • Zenbat balio du igo eta jaisteak?
    • Joaneko bidaia bat: 2,50 €.
    • Joan-etorria: 4,30 €.
    • Eskola-taldeak: 0,32 €.
    • 6 urtetik beherako haurrak, gurpildun aulkien laguntzaileak edo itsuak: doan.
    • Barik txartelarekin: 0,32€ (Kide), 0,26€ (Kide FN20), 0,16€ (Kide FN50, Gizatrans, Gizatrans FN20, Gizatrans FN50, Bilbotrans).

  • Zein ordutegi du?
    • URR 1 - MAI 31: 7:15 - 22:00 (astelehenetik larunbatera), 8:15 - 22:00 (igandeak eta jaiegunak).
    • EKA 1 - IRA 30: 7:15 - 22:00 (astelehenetik ostegunera), 7:15 - 23:00 (ostiral, larunbat eta jaiegun bezperak), 8:15 - 22:00 (igandeak eta jaiegunak).
    • ASTE NAGUSIA (larunbatetik larunbatera): 24:00ak arte.

  • Zenbateko maiztasunarekin igotzen eta jaisten da? 11:00-22:00, 10 minutuan behin. Gainerako orduetan, 15 minutuan behin.

  • Informazio gehiago: ikus www.funicularartxanda.bilbao.eus webgunea.
 

Bisita gidatuak Artxandako Funikularrera

Artxandako Funikularraren historia eta ezaugarriak sakon ezagutu nahi baldin badituzu, eta hark Bilboko gizartean izan zuen eragina, egin erreserba gida espezializatu batekin bisita gidatua egiteko:

  • Bisitak gaztelaniaz eta euskaraz.
  • Doan Funikularraren sarrerarekin.
  • Ordu eta erdiko iraupena.
  • Hilabete bakoitzeko lehen larunbatean, 10:00etan (gaztelaniaz). Euskarazko taldeek eguna eta ordua adostuko dute, eskaeraren arabera.
  • Geltokiaren barruan topatuko dira.
  • Informazio gehiago eta erreserbak: 94 401 00 10 (8:00-22:00).
 

Zer egin Artxandan?

Artxandatik ikus daitekeen Bilboko panoramika paregabea bada igotzeko arrazoia. Baina, Artxandak askoz ere gehiago eskaintzen du.

Funikularraren goiko geltokitik gertu, ondare kulturaleko bi pieza interesgarri mirets daitezke: Engranajea, Funikularraren lehen makineriako pieza zahar bat, eta Aztarna, Juan Jose Novellaren eskultura, Gerra Zibileko biktimei omenaldia egiten diena.

Artxandan, aisialdirako gune zabal bat ere aurkituko duzu, paseatzeko, erlaxatzeko eta piknik-gune on bat antolatzeko aproposak diren askaldegi, landare eta jolasguneekin. Eta, gertu dagoen polikiroldegian kirola egiteaz gain, urteko hilabete beroenetan uretan murgil zaitezke.

Eta badago gehiago. Bilbao Bizkaia gastronomia onaren sinonimoa da eta, noski, Artxanda ez da salbuespena. Funikularraren goiko estazio inguruan, hurrengo jatetxeak aurkituko dituzu: Txakoli, Txakoli Simón, Antón, La escuela, Isidro, Artetxe eta Kate Zaharra.

Ekitaldiak