Frank Gehry arkitektoak diseinatutako museoak milioi bat bisitari inguruk ikusten dute urtero. Zer dela eta honenbesteko arrakasta? diseinatzailearen arabera, portuari egindako omenaldia dugu: garai batean zen portua eta gaur egun den hiria. Museoa Norvegiako Sorensen Yakhelln & Cia edo Egurren Konpainia izeneko enpresa zegoen leku berean topa daiteke.

Bizkaiko XX. mendeko bigarren erdialdeko eraikin ospetsuena dugu Guggenheim museoa, hiriko atrakzio turistiko nagusia. Unibertsitate Etorbidetik ikusita ezkerraldean atrakatutako titaniozko itsasontzia dirudi, eta airetik ikusteko aukera baduzu, arrosa bat ematen du Euskal Herriko museo ospetsuenak.

Eraikinaren material nagusiak titanioa eta kristal argitsua dira eta kurbez osaturik dago. Barnealdean, XX. mendeko artearen erakusketa ibiltari ugariez goza dezakezu. Behin betiko erakusketen artean, ostera, Rothko, Saura, Warhol edo Basquiat artisten obrak kontenplatzeko aukera ezinhobea izango duzu, Richard Serraren ‘Denboraren Materia’ obra erraldoia ahaztu gabe.

Museoa begiradarekin arakatu beharreko eraikina da: barrutik, kanpotik, inguruetatik… xehetasun bakoitzak liluratuko zaitu eta argazki ugari egingo dituzu, ziur. Museoaren inguruan aho bete hortz utziko zaituzten hainbat obra ikusi ahal izango dituzu: sarreran Puppy ikusiko duzu (ezinezkoa da ez ikustea), lore eta landareez egindako West Highland White arrazako txakur erraldoia, gure museoko zelataria.

Jeff Koons diseinatzailearen asmakizuna da honako hau. Ibaiertzean, Koonsek Tulipak izeneko kolorezko tulipanen eskultura egin zuen. Zonalde berean, Anish Kapooren ‘Zuhaitza’ izeneko zilar koloreko eskultura ikusi ahal izango duzu, eta baita Louise Bourgeoiseren armiarma izugarria. Azken hau beldurra ematera heldu daiteke Fujiko Nakayaren lanbroa agertzen denean, eszena zirraragarria, benetan. Behe lainoa agertzen den zonalde berean, batzuetan Yves Klein artistaren su-erregailuak pizten dira, ikuskizun zoragarria eta giro misteriotsua sortuz, ikusmen eta entzumenerako eszena zirraragarria eskainiz.

Museoak eskaintzen duen beste pribilegio bat kokapena da: ibaiertzean, hiriko erdigunean eta La Salve zubiaren parean dago, hiriko paisaiaren oasia balitz. Inguruetatik paseotxoa egitea oso gomendagarria: bertako parkeak oinez eta bizikletaz gozatu daitezke eta baita Nerbioi ibaia ere: kanoa, piragua, kayaka edota paddle surfa praktikatzea ibaia beste modu batean gozatzeko aitzakia da, udan bereziki.

Ibilbideak

Bilboko udaletxean hasiko dugu ibilbide kultural hau. Eraikina XIX. bukaerakoa dugu eta Ernesto Erkoreka plazan kokatzen da. Aurrez aurre Jorge Oteizaren ‘Variante Ovoide’ izeneko eskultura ikusi ahal izango dugu. Campo de Volantín pasealekutik jarraituz gero, minutu batzuetan Calatravaren Zubizurira helduko gara. Zubio honek belauntzi baten itxura dauka, uretik hamar metrotara. Berau gurutzatzean Isozaki Atea ikusiko dugu, XXI. mendeari irekita. Eraikin bi hauek Zabalgunea eta Bilboko Ibaia konektatzen dute.

Museoaren 10. urteurrena ospatzearren, Daniel Buren artistaren arkua inauguratu zen La Salve zubian

Guggenheimera heldu baino lehen, La Salve zubi erraldoia dugu, hormigoi berdekoa eta goialdean arku gorria duena. Ibaiertzean, ostera, Olabarri jauregia dago, eklektizismo neobarrokoaren eraikin adierazgarria.

La Salve zubia atzean utzi ostean, ibaiaren eskumaldean Deustuko Unibertsitatea izango dugu, eta Guggenheim museoa, ezkerraldean. Bilbo mundura bultzatu zuen museo hau debalde bisitatu dezakegu kanpoaldetik. Sarrera ordaintzeak benetan merezi du, barnealdeak txundituko zaituelako.

Museoaren inguruan Ingelesen Kanpa dago, eta bertatik paseo ederra egin ahalko duzu Deustuko zubiraino. Beste aukera bat Pedro Arruperen pasarela gurutzatzea da, Deustuko Unibertsitatera. Aurrez aurre, ibaiaren bestaldean Liburutegia topatuko duzu, Rafael Moneorena. Milioi bat liburu inguru ageri dira bertako apalategietan.

Liburutegiaren aurrean Álvaro Siza arkitektoaren Bizkaia Aretoa topatuko duzu, zuri kolorekoa, aurreko liburutegiarekin kontrastea sortuz. Inguru honetan, eraikuntza nagusia Iberdrola dorrea da. César Pelliren eraikuntza honek 165 metroko altuera eta 41 solairu dauzka. gaur egun Bilboko finantza-zonaldeko erdigunea dugu eta hiriko leku gehienetatik ikus daiteke Euskal Herriko eraikin altuena.

Ibilaldia ibaiertzetik jarraituz Deustuko zubira helduko gara. Antzina, burdinezko zubi hau altxagarria zen, itsasontziei pasu egiteko. Aurrerago Euskalduna jauregia ikusiko duzu, ezkerraldean. Euskalduna Ontziolen hautsen gainean eraiki zen Federico Soriano eta Dolores Palacios arkitektuen eskutik, bukatugabe dagoen itsaontziaren itxurako eraikin honen bidez. Bertan, antzerkia, musika-iksukizunak eta kontzertuak, hitzaldiak... ikus daitezke, besteak beste.

Museoaren parean izen bereko kurba formadun zubia daukazu, bai oinezkoentzat, bai ibilgailuentzat. Behean Ramon de la Sota kaiak Itsas adarreko museoa eta 1954 urteko Carola izeneko garabi eraberritu dotorea ikus dezakezu, ibaia agurtuz. Futbolzalea bazara, ibaiko eskumaldetik, San Mames Barria futbol zelaia edo ‘Lehoien Katedrala’ ikus daiteke.

Nola heldu

Abandoibarra eta Guggenheim museoa Bilboko erdigunean kokatuta daude. Bertara heltzeko askotariko garraioak erabili ditzakezu eta den-denak mugikortasun mugatua dutenen pertsonentzat prestaturik daude. Denborak eta eguraldiak uzten badizute, esan beharrekoa da bertara ibiltzen joatea paseo ederra dela, zonaldea horretarako prestatuta dago-eta.

  • Trena

    Aldirien tren-geltoki hurbilena San Mames da, San Mames Barria estadio ondoan dagoena, eta baita Abando, Areatzako zubiaren albokoa.

  • Metroa

    Lurpetik bazatoz, Metroak Moyua plazan utziko zaitu. Bertatik Guggenheim museora bost minutuko paseotxoa eman beharko duzu Alameda Rekalde kaletik La Salve norabidean.

  • Tranbia

    Bertara arin heldu nahi baduzu, tranbia duzu garraiobiderik aproposena. Kaleen artetik doan garraio honek, Bilboko berrienak, arin batean utziko zaitu Guggenheim, Euskalduna, Uribitarte edo Pío Baroja geltokietan.

  • Autobusa

    Abandoibarra eta Guggenheim, Bilboko arteria nagusian egonda,Bilbobus autobus linea ugari hartzen dituzte. 01, 10, 13, 18 eta A7 lineak Henao / Museo 1 geltokitik igarotzen dira. 13, 27, 38 eta 48 lineak, ostera, Alameda Rekaldetik igarotzen dira eta 11 eta 71 lineak La Salve eta Campo Volantínen.

  • Autoa

    Bilbora A68 edo A8tik autoz bazatoz, Bilbo San Mames irteera hartu beharko duzu. Errepidearen norabidea jarraituz Bihotz Sakratuaren errotondara helduko zara, eta bertan Guggenheimerako seinaleak topatuko dituzu. Seinaleek Abandoibarrako bidetik eramango zaituzte, Euskalduna jauregia ezkerrean utzita ibaiertzetik doana. Guggenheimean aparkatzea oso zaila da, eta lasaitasunez aparkatzeko Pio Baroja zein Euskadi plazan bertan lurpeko parkingak topatuko dituzu.

Gastronomia

Non jan

Gastronomiak artearekin topo egiten duen lekua duzu Abandoibarra. Gastronomia modernoak lekua dauka artez beteriko zonalde honetan, eta betiko pintxoak dituzten taberna eta jatetxe tradizionalez gain, Michelin izardun abangoardiako jatetxeak topatu ahal izango dituzu hain miretsia dugun Abandoibarran.

Aukera izatekotan, ibaia eta museora begira dagoen jatetxea aukeratu ezazu, edozein jatetxek ez baitauka leku honi begira dagoen terrazarik. Hau pribilegioa hau!

Ostatua

Non lo egin

Abandoibarran hotel ugari dauzkagu aukeratzeko, zeure beharrizanetara doituta beti. Abandoibarrako zonaldea ez da alde zaharra bezalako inguru zaratatsua izango, kaleak zabalagoak direlako eta ibai baten ondoko hotelean egingo duzulako lo.

Museotik gertu dauden hotel horiek pribilegiozko ikuspegiak eta zerbitzuak eskainiko dizkizute, eta zonaldetik aldentzen direnek dirua aurreztuko dizute ziurrenik. Hala ere, ez ahaztu ondo bilatzen baduzu hostalak, pentsioak eta baita hostelak topa daitezkela zonalde honetan.

  • Abandoibarra eta bertako inguruak bakarrak dira Bilbon. Nerbioi ibaiaren ertzean erikitako paisaia bakarra duzu: naturak Bilbo kosmopolitarekin bat egiten du, eta alde batean Bilboko arteria nagusia den ibaia duzun bitartean, ezkerraldean arte garaikidearen sinboloa den Guggenheimeko titaniozko xafla kurbatuak ikusiko dituzu, paisaia bakarra sortuz.

    Guggenheim Bilbao Museoa
    Abandoibarra etorbidea, 2. 48009 Bilbo, Bizkaia
    Telefonoa: 944 359 080
    E-posta: informacion@guggenheim-bilbao.eus

    • Ordutegia

      Asteartetik igandera, 10:00etatik 20:00ak arte (astelehenak itxita)

  • Abandoibarrako inguruak ezinhobeto ezagutu ahal izateko, itsasontzi-ibilaldiak gomendatzen dizkizugu. Ibaia udaletxetik Deusturaino egiten duten zenbait enpresa topatu ahal izango dituzu.

    Ibilaldia oinez egitea erabaki baduzu, gure ibaiertza ezagutzeko modu oso lasaia duzu honako hau, eta laua izan arren, hainbat kilometro egingo dituzu, horretarako oinetako aproposak erabiliz. Abandoibarrako inguruak bereziki oinezkoentzako prestatuta daude, eta bertan eraikin, obrak, lorategiak eta aisialdirako eskaintza ugari topatu ahal izango dituzu, Bilboko altxor nagusia den Guggenheim museoa bisitatzeaz gain, noski.