Ezbehar edo beharrizan bati erantzuteko asmoz, bizkaitarrok ezaugarri dugun zolitasunak errezeta mamitsuak ahalbidetu ditu, sormena eta gogoberotasuna ezinbesteko osagaiak baitira gure sukaldean. Tren-makinistei, arrantzaleei eta, jakina, norbere etxeko amamei zor diegu, beraz, gaur egun gozatu ditzakegun marmitakoa, putxerak eta beste hainbat delizia.

Pil-pilean edota bizkaitar erara, porrusaldetako osagaia ere bada bakailaoa. Izan ere, arrain hau jateko hainbeste moduen zioa gaizki-ulertze batean datza. 1835. urtean, Jose Maria Gurtubay merkatariak bere hornitzaile ingelesei telegrama bat bidali zien, non “100 edo 120” bakailao gazitu eskatzen zituen. Alabaina, 1.000.120 ale gisa ulertu zen mezua. Kasualitatez, lehenengo Gerra Karlista bide, gehiegizko eskari horrek hiriak bizitako gabeziei aurre egitea ahalbidetu zuen.

Enkarterri aldean, tradiziozko platerrik nabarmenena putxerak dira. Bere jatorria XIX. mendean datza, tren-makinistek sortu zutela. Trenen lurrunaz baliatuta, putxeraren baitan poliki-poliki egosten zituzten babarrunak; tipula gorria, piperra, baratxuria eta sakramentuekin batera, hots, saiheskia, odolostea eta txorizoarekin. Ohitura gozagarri honi fidel, Balmasedan ospatzen dute San Severino jaieguna, urriaren 23an. Kuadrilek herrian zehar prestatzen dituzte beren putxerak, jai giroan.

Kostaldera zoazela, guztiz gomendagarria da marmitakoa, batez ere udazken-negu partean. Marmita lapikoari zor dio izena. Funtsean, hegaluzea eta patatez osatutako plater sendoa da, tipula, piperra eta tomate osagarri gisa ere daramatzala. Kantauri itsasoko arrantzaleen errezeta dugu hau. Antzinean, itsasontziko sukaldariak osagai gutxi zituen, eta muga horiengatik, edo hobe esanda haiei esker, marmitakoa sortu zen. Buztin-ontzian hartu ohi da, bero-bero.

Bilboko ukitua

Nahita ala kasualitatez, kutsu bilbotarra daramate luze eta zabal ezagutzen diren hainbat errezetek, gure izaera berezia platerrean ere islatuz

Bilbotarrok gustuko dugu gure marka uztea nonahi. Honela bada, pistoa edo piperrada ere gure erara prestatu ohi dugu. Beste lekuetako errezeta gozo honengandik bereizten duen ezaugarririk nabarmenena arrautza litzateke. Urdaiazpikoa eta ogi txigortua ere aipatu genitzake. Barazkiez osatutako plater xume hau eguneko menu askotan topatuko duzu erraz.

Bakailaoak pil-pilean ere bere bertsio bilbotarra dauka. ‘Bakailaoa club Ranero eran’ errezetaren egiletza Sociedad Bilbainako Alejandro Caveriviere sukaldariari dagokio. Antza denez, Tablas txakolindegian lekutzen da abiapuntua. Talde bat igelean jolasten zegoen, eta espero baino lagun gehiago batu zitzaion. Eskatutako bakailao pil-pilean platerkada eskas izango zen beldur, sukaldariak tipula frijitua, piper berdea, tomatea eta piper txorizeroak gehitu zizkion, errezeta berri bati bide emanez.

Nola heldu

Gastronomia

Non jan

Tradizioaren jagole arduratsuak izateko ospea dugu; hortaz, betiko euskal sukaldaritzak leku nabarmena dauka oraindik ere. Ia edozein taberna edo jatetxetan dastatu ahal izango dituzu arestian aipatutako plater zaporetsuak, dela Bilbo hirigunean (bereziki Alde Zaharrean eta Zabalgunean) dela Bizkaiko herrietan barrena.

Adibidez, Balmasedako putxerak dastatzea gomendatzen dizugu. Kostaldean, marmitakoak nahiz arrain freskoak ziur asebeteko zaituztela Bermeon, Lekeition edota Mundakan, herri bakan batzuk aipatzearren.

  • Euskal sukaldaritza tradizionala betiko jatetxe eta erretegietan disfrutatzeaz gainera, gure bizimoduaren bereizgarri diren txokoetan ere ohiko menua da, lagun artean.

    Horrez gain, urtean zehar antolatzen diren azoka ugarietan ere dastatu ahal izango duzu taloa txorizoarekin, adibidez. Berebat, Gernikako indabak eta piperrak erosiz gero, primerako osagaiak izango dituzu zure sukalkia prestatzearren.