Lamiakoko ibarraren historia
Erandio aldetik, itsasadarreko bulebarretik, Leioara iritsiko gara, Lamiako auzora. XIX. mendearen erdialdetik aurrera, eremu horretako hirigintza izugarri aldatu zen, hondartzetatik gertu zegoelako.
Maximo Agirre merkataria izan zen erantzule nagusia. Luxuzko bizitegi-eraikuntza planifikatu zuen Getxoko Areetan eta Santa Anan; aldiz, industria-, nekazaritza- eta jolas-jarduerak finkatu zituen Leioan. Gaur egun, Lamiakok hiri-plangintza aitzindari haren zati garrantzitsuak kontserbatzen ditu. Bizkaia osoko industria-paisaia bikainenetako bat da, eta oinez zein bizikletaz goza daiteke hartaz, lasai asko, itsasadarrean zehar.
Historia apur bat
-
XIX. mendeko erdialdetik aurrera, Getxo udalerriaren kokapen historiko eta urbanistikoak eraldaketa handia izan zuen. Geografikoki Bilbo hiribilduaren ondoan eta hondartza zabalez inguratuta zegoenez, errazagoa izan zen biztanleria mugikorra agertzea, lehenengo turistak, alegia. Bertara, lasaitasuna, aisia eta itsasoan bainatzeko aukera bila joaten ziren.
Turismoarekin batera, hazkunde ekonomikoak gizarte-sarearen zati bat aberastea eragin zuen eta Getxora Bilboko burgesiaren talde garrantzitsu bat erakarri zuen, hiribilduak zituen arazoetatik aldentzeko eta gainontzeko biztanleriarengandik bereizteko nahian.
Hala, Bilbon, laster burgesiak hiribilduaren hedapena bultzatu zuen —1864 eta 1876ko Zabalguneko proiektuak—, eta, bien bitartean, udako bigarren etxebizitzak ezartzeko Getxo aukeratu zuten (Areeta, Santa Ana eta Ereagako eremua, zehazki), gainontzeko Mendebaldeko Europan arrakasta zuten bizimoduen bultzadari jarraituz.
-
Portugalete eta Sestaoren aurrean, hareatza handiak Ondizko Ihitegiak izenarekin ezagutzen zituzten. Gero, gune horrek Lamiako izena hartu zuen, Ugarte familiaren jabetzako Lamiko baserria zegoelako.
-
1856. urtean, Estatuak enkantean jarri zuen Erandioko mugan dagoen Udondo ibaiaren bokalearen eta Getxoko Areeta auzoaren arteko lursail osoa. 1859an, Máximo Aguirre jaunak lursail horiek osorik erosi zituen, eta bera har dezakegu Bizkaiko lehenengo higiezinen sustatzailetzat. 120 hektarea ziren eta erabat planifikatuta zeukan zertarako erabiliko zituen: Getxoko jurisdikzioko eremua eraikitzeko toki aproposa zen, Leioakoa jarduera industrialetarako sektoretan banatu zuen, eta, ibarrean, nekazaritza-jarduerak eta kirol- eta aisialdi gune handi bat ezarriko zituen, azken hori Santa Ana eta Areeta auzoetako udako biztanleentzako.
-
Une hartan, Lamiakoko padura lohiz beteta zegoen eta itsasadarreko kaiek segurtatzen zuten. Gainera, kaiak handitzen eta zolatzen ari ziren, zirga-bidetik gurdiak igaro ahal zitezen, «lehen bide txarra zena errepide eroso bihurtzeko».
-
Lamiakoko kaian zehar hiru drainatze-zanga proiektatu ziren, kaiak eutsitako paduraren urak biltzeko, eta, Zortzi Begien eta Udondo zubien bidez, Udondo kaitik itsasadarrean ateratzen zuten ura.
Halaber, urte horietan Gobela ibaiaren bokalea, Udondo ibaiarekin batera, itsasadarrera bideratzeko obrak egin ziren. Ordura arte, Gobela ibaiaren ibilgu bihurgunetsua zuzenean itsasadarreko kaietara heltzen zen, gaur egungo Kale Nagusiaren eta Areetako Gobela kalearen artetik.
-
1863an Máximo Aguirre hil zenean, Viuda de Máximo Aguirre e Hijos sozietatea sortu zen. Lursailen zati bat lotetan saldu zuten eta nekazaritza eta abeltzaintzako eremua kirol- eta aisialdi-gune bihurtu zuten. 1887tik aurrera zenbait futbol-zelai, polo-zelai bat, aerodromo txiki bat eta 1889an inauguratutako hipodromo bat egon ziren bertan.
-
Era berean, 1887an Bilbo-Areeta trenbidea ireki zuten, Bilboko burgesia Getxoko kostara erakartzeko helburuarekin. Gaur egun, antzinako linea hori Bilboko metroko lineetako bat da eta, gainera, Lamiakoko ibarretik hurbil bi geltoki ditu: Leioa eta Lamiako.