Udondoko zubiaren historia

Leioako metroaren geltokitik oso gertu, Udondo eta Gobela ibaien bokalean, Nerbioi-Ibaizabal itsasadarrean, Bizkaiko industria-ondare altxorrik handienetako bat dugu: Udondoko zubia. Bilbok izan dituen zubie guztietatik gehien iraun duena da. Estatuan eraikitako lehen burdinazko zubia izan zen, baita gaur egun kontserbatzen direnen artean zaharrena ere. Gainera, Britainiar uharteetatik kanpo oraindik dauden burdinurtuzko zubi bakanetako bat da.

1846-47an eraikia, jatorriz Bilbon zegoen, baina 1876an kendu eta Leioan jarri zuten, karlistek dinamitatu zuten harrizko zubia ordezkatzeko.

Historia apur bat

  • Udondo zubia Udondo eta Gobela ibaien gainean kokatuta dago, Erandio eta Leioaren arteko mugan, Bilbotik Areetara doan errepidean. Bere historia 1844an hasi zen; orduan, Antonio de Goicoecheak Bilboko Udalari proiektu bat aurkeztu zion, hiribildu historikoa (gaur egungo Zazpikaleak) eraikiko zen Zabalgune berriarekin eta, batez ere, tren-geltokiarekin lotzeko.

    Errege Agindu batek proiektua onetsi zuen, eta, 1845ean, eraikitzen hasi ziren. 1848ko urtarrilean, “Elisabet II.aren Zubia” izenarekin inauguratu zuten.

  • Hiru arku txikiez gain, zubiak tarte altxagarri bat zeukan erdigunean eta 11 metro argiko lau burdinurtuko arku. Boluetako (Bilbo) Santa Ana fabrikaren lehenengotariko obra handia izan zen. Alderdi batzuei dagokienez, Sevillan eraikitzen ari ziren Triana zubiaren antzekoa zen, zeina Bilbokoa baino hiru urte beranduago inauguratu zuten.

  • 1874ko karlistaldian eta Bilboko setioan, eremuko zenbait zubi hondatu zituzten, besteak beste, Leioako Udondo ibaia zeharkatzen zuen antzinako harrizko zubia, Elisabet II.aren Zubia eta Areatzako zubia. 1876an, Bilboko Areatzan zubi berria eraikitzeko obrak hasi ziren, eta, horretarako, aurrekoaren arrastoak eraitsi beharra zegoen.

    Urte horretan, Bilboko Udalaren ekaineko osoko bilkuran, Pascual Landak, Bizkaiko Obra Publikoen ingeniari-buruak, sinatutako ofizioa irakurri zuten, eta honako hau adierazten zuen: “Estatuarentzat komenigarria eta merkea izan daiteke burdinazko arkuetako baten zertxak erostea, hiribildutik Areetara bitarteko zirga-bidearen gaineko Udondo zubia berreraikitzeko erabil baitaitezke eta obra hori egitea premiazkoa baita”. Bilboko Udalak onetsi egin zuen.

  • XX. mendearen erdialdearen inguruan, Bilbotik Areetara bitarteko errepidea hedatu egin zen; hala, historia-puska hori hormigoiarekin estali zen, eta nolabait gaur egunera arte babestuta geratu da.