Lamiakoren historia: futbola hasi zen tokia
Athletic Cluben historiaren arabera, Lamiakoko zelaian bildu ziren lehen aldiz probintziako futbolzaleak. Lamiakoko zelaiak arauzko baldintzak betetzen zituen eta belar ona zuen. Halako lehen zelaia izan zen Bizkaian, eta agian Estatu osoan. Hain zuzen, 1891ko urtarrilaren 12an futbol partida bat egin zen “Areetako hipodromoan” —britainiar asko bertaratu ziren—. 1887an Lamiakon abian jarritako kirol eta aisialdirako gunea zen hori. Hipodromo bat (1889an inauguratua), hainbat futbol-zelai, uso-tiroketa, polo-zelaia eta aerodromo txiki bat zituen.
Historia apur bat
-
1889. urtearen inguruan, Bizkaira futbola heldu zen. Sestaoko Astilleros del Nervión enpresak altzairuzko ontziak egiteko Britainia Handiko langileak kontratatu zituen, eta haiek ekarri zuten.
1888an, Astilleros del Nervión sortu zen José Mª Martínez de las Rivasen ekimenez, zeina Bizkaiko industrializazioko enpresa adierazgarrienetariko baten jabea zen, Sestaoko San Francisco de la Mudela fabrikaren jabea, alegia. Charles M. Palmerrekin batera, Martínez Rivas & Palmer sozietate kolektiboa sortu zuen, eta altzairuzko ontzi handiak eraikitzeko beharrezkoak diren dimentsioak eta ekipamendua zituen Estatuko lehenengo ontziola izan zen. Charles M. Palmer ontzigintza-ingeniaria zen eta baita Jarrow Tyne-n, Newcastle-n (Ingalaterra), kokatutako Palmer’s Shipbuilding & Steelworks ontziolaren jabea ere.
-
Martínez Rivas & Palmer enpresak berehala ekin zion ontziolaren instalazioen eraikuntzari eta beharrezkoak ziren ekipamendua eta makinak erosteari. Gainera, beharrezkoak ziren langileak kontratatzen hasi zen eta altzairuzko ontziak eraikitzen eskarmentua zeukaten langile kualifikatuak kontratatzera behartuta ikusi zuen bere burua, zeinak batez ere Glasgow eta ingurukoak ziren.
Kalkuluen arabera, Eskoziako berrehun eta bostehun langile artean zeuden, garaiaren arabera, eta lanpostu tekniko kualifikatuak zituzten. Bertan jaio zen gaur egunera arte heldu den ondarea: FUTBOLA.
-
1889an, Astilleros Nervióneko langile eskoziarrek Club Atleta sortu zuten, enpresaren barruan sortutako kirol- eta aisialdi-kluba, alegia, bertokoekiko isolamendu nabarmena bizitzen zuten langile atzerritarrak entretenitzeko helburuarekin.
1889. eta 1894. urteen bitartean, Club Atleta kirol-jardueran aritu zen eta zenbaitetan nabarmendu zen, hala nola atletismoan, kriketean, txirrindularitzan, errugbian, arraunean, hartze eta emate jokoan eta, noski, futbolean; izan ere, haien artean hainbat futbolari eta jokalari-ohi zeuden.
1890eko apirilaren 4an, ontzioletan futbolera jokatzearen inguruko lehenengo albisteak argitaratu ziren, Club Atletako bazkideen arteko futbol-partida jokatu zelako: Makinen Saila (ingeniariak) ontziolako langileen aurka. Eskoziako Glasgow Evening Post egunkariak Sestaotik heldutako albisteak jaso zituen.
-
Club Atletak bere ekitaldi eta jarduerekin jarraitu zuen. 1891ko urtarrilaren 12an, beste futbol-partida bat egin zuten Areetako hipodromoan eta bertan bizi ziren britainiar ugari joan ziren. 1887an Lamiakon irekitako kirol- eta aisialdi-gunean egin zen, hain zuzen ere. Bertan zenbait futbol-zelai, uso-tiroketa, polo-zelai bat, aerodromo txiki bat eta 1889an inauguratutako hipodromoa zeuden.
Hilabete batzuk geroago, 1892ko azaroaren 1ean, Club Atletaren eta Bilbao FCren arteko lehenengo partidaren inguruko berriak daude, bigarren hori ontziolarekin loturarik ez zuten eskualdeko biztanle britainiarrek osatzen zuten. Topaketa Lamiako hipodromoan izan zen eta ikusle ugari bertaratu ziren. Gizonezkoek pezeta bat ordaindu behar zuten lehentasunezko lekua izateko eta bi erreal sarrera orokorrerako, emakumezkoak, aldiz, doan sartzen ziren.
-
Hainbeste ingelesek jokatzen zuten futbolera, ezen futbol-partidak behar bezala antolatzeko toki finkoa bilatu behar izan zuten. 1892ko azaroaren 18an, Enrique Jones Birdek, Club Atletako idazkariak, Gobernu Zibilari idatzizko eskaera egin zion azarotik apirilera bitartean Lamiakoko hipodromoa futbol-zelai gisa erabili ahal izateko (garai hartan, futbolean neguan baino ez zuten jokatzen eta, udan, aldiz, kriketean jokatzen zuten).
Athleticen historiak adierazten duenez, probintziako futbol-zaleak elkartu ziren lehenengo lekua Lamiako izan zen. Lamiakoko zelaiak arauzko baldintzak betetzen zituen eta soropil ona zeukan; hala, Bizkaian ezaugarri horiek zituen lehena izan zen, eta baliteke Estatuko lehena ere izatea.
-
Ondoren, 1894ko udaberrian, El Noticiero Bilbaínon berri laburra argitaratu zuten, hamaika bilbotarren eta beste hainbeste ingelesen arteko «foot-ball» norgehiagoka jokatu zela esanez. Horietako askok, batez ere Bilboko eskola ingelesetan ikasten zuten familia aberatsetako semeek, jada britainiar jatorriko kirol horretan jokatzen zuten.
Handik denbora gutxira, Bilboko Zamacois gimnasioko kirol berri horren zale gazte batzuk Lamiakon aldian-aldian jokatzen hasi ziren eta Sociedad Gimnástica Zamacois sortu zuten, Astilleros del Nervión enpresako langileen ereduari jarraituz. 1894ko urriaren 17an, kirol-elkarte horrek bere araudia onetsi zuen.
Hain zuzen ere, 1898an Lamiakon jokatzen zutenek Athletic Club izeneko taldea sortu zutela dirudi.
-
Estatuan jokatutako lehenengo futbol partida:
1890eko apirilaren 4an, Club Atletako bazkideen artean Estatuko lehenengo futbol-partida jokatu zuten, eta horri buruz Eskoziako Glasgow Evening Postek argitaratutako kronikak honako hau adierazi zuen: «Astillero taldeak jokatu zuen egiaz Espainiako lehenengo partida (duela sei hilabete inguru), eta ez Sevilla taldeak». 1890eko martxoaren 8an Sevillako Tablada hipodromoan jokatutako Sevilla FC eta Recreativo de Huelva taldeen arteko partida aipatzen zuten; izan ere, Eskoziako beste egunkari batek (The Dundee and Angus Courier) «Espainian jokatutako lehenengo futbol-partida» izan zela adierazi zuen.
Hala ere, Glasgow Evening Post egunkariko kronikaren arabera, 1889ko urrian edo azaroan Club Atletak jada futbol-partida bat jokatu zuen, Martínez Rivas & Palmer sozietatea sortu eta denbora gutxian.