Erandio eta bertako industria-ondarearen historia

Bilbotik Elorrieta aldetik irtenda, metroz edo itsasadarrean zehar zirga-bide historikotik doan bidegorri berriaren bidez, Erandiora iritsiko gara berehala. Erandioko historia ezin da ulertu industrializaziorik gabe, ez behintzat auzorik hiritarrenen industrializaziorik gabe: Altzaga, Astrabudua, Asua eta Lutxana-Enekuri. Erandion itsasontziak eraiki eta konpondu dira, lehenik egurrezkoak eta ondoren metalezkoak; pinturak egin dira ontziok pintatzeko eta ordezko piezak horiek konpontzeko; Bizkaia Zubiari eta meategietako aireko tranbiei eusteko kableak eraiki dira; arrokak atera dira itsasadarraren zati bat bideratzeko… Itsasadarraren ezkerraldearen isla da, eskuinaldean. Bertan dago “beste industria”, ez dena hain ezaguna, aurrean zeuden kolosoen itzalpean egin duena aurrera.

Historia apur bat

  • Jatorritik, Erandio landako izaera nabarmeneko udalerria izan da eta, gaur egun ere, goialdean, auzo batzuetan, izaera hori mantentzen du; hala nola Erandio Goikoan. Aitzitik, XIX. mendearen amaieran industrializazioa heldu zenean, aro berri bat hasi zen Erandion: langileentzako etxebizitzak eraikitzeko eta industriarako espazio berriak sortu ziren.

  • Industria garaiko arkitektura adierazgarriena duten eraikinak itsasadarreko pasealekuan kokatuta daude. San Inazio eta Elorrietatik itsasadarreko errepidetik irtetean, Lutxana Erandio auzoa dago eta bertan eskola zaharrak gailentzen dira, estilo neoeuskalduna daukate eta metro-geltokitik hurbil daude. 1924an, Angel Líbanok proiektua egin zuen, auzo horretako eskola-eskari handia zela-eta; ondoren, 1931n, Pedro de Ispizuaren eskutik birgaitu egin zuten.

  • Pixka bat aurrerago, Asua ibaiaren bokalearen ondoan, Pinturas Internacionales fabrika dago. 1923an sozietatea sortu zen eta itsasontzietarako pinturen, gai antikorrosiboen, bernizen eta antzeko produktuen ekoizpenean eta salmentan aritu zen, The International Paint and Compositions Co konpainiaren patenteekin (Londres, 1881). Bere produktuek lortu zuten onarpena eta eskariaren gorakada zirela-eta, geroagoko faseetan jatorrizko eraikina handitu zen.

    Ezaugarri tipologiko bitxiak ditu, ontzi- eta siderurgia-sektorean ohikoa den arkitekturarekin konparatuta, oso desberdinak; horregatik, ondare-balio handia dauka, gaur egun bertan behera egon arren.

  • Asua ibaia zeharkatzea, era berean, historiaren zati ez oso ezaguna zeharkatzea ere bada, garrantzi handikoa, gainera. Izan ere, Asua auzoa errege-portua izan zen Behe Erdi Aroan, hortaz, argi dago kokagunea garrantzitsua izan zela. Beraz, auzo horrek Erandioko historian garrantzia dauka, baita itsasadarreko eskuinaldeko gure ibilaldiaren zati honetan ere.

    Portu horren arrasto materialik ez dagoen arren, XIX. mendean Asua jaurerrian trafiko gehien zuen portuetako bat izan zen, harik eta 1820ko hamarkadaren hasieran soilik Bilboren atzetik bigarren postuan egon arte. Zamalana eragiten zuten salgaien etengabeko merkataritzari esker, uneren batean hiriburuko portuarekin zuzenean lehiatzera heldu zen.

  • Salgaiekin jarduera etengabea zen, hala nola egurra eta larruarekin. Gabarrek mareen fluxua erabiltzen zuten Muskizeko hegaletatik ateratako mineralak lehorreratzeko, zeinak Barakaldotik heltzen ziren Txorierriko burdinolak hornitzeko. Burdin hori, gerora, goldatzeko hesi, mailu, aitzur, pika edo ezpata bihurtuko zen. Galerak bandaz banda jartzen zituzten hornitzeko edo konpontzeko. Funtsean, salgaiak joan etorrian zeuden eta, esaten dutenez, gerora salgai horiek Nerbioi ibaiak hartuko zituen industria-kokaguneen jatorria ere izan ziren, eta, kokagune horien artean, Erandio garrantzitsuenetariko bat izan zen.

  • Arrontegiko zubia José Antonio Torrojak eraiki zuen 1977. eta 1979. urteen bitartean, eta Estatuko ingeniaritza zibileko obra garrantzitsuenetariko bat izan zen. Horren azpi-azpian, Erandioko lehenengo ontziola industriala kokatu zen, Astilleros Ardanaz, alegia, 1917an Rafael Olazabalek sustatua.

    Urte batzuk geroago, 1928an, toki horretan bertan Astilleros y Talleres Celaya SA (ASTACE) kokatu zen. Fisikoki, inoiz ez zuen ontziola-itxura handirik izan. Aitzitik, itsasadarretik errepideak banatutako ortua zirudien. Baliabide gutxiko ontziola zen. Ez zeukan ia tailerrik eta langile gutxi zeuden. Horregatik, hain zuzen ere, harmailentzako espazio-falta zela-eta, ontziak alboz uretaratu behar zituzten.

  • Dena den, Erandion kokatutako Astilleros Celayako harmailetatik askotariko berrehun ontzi inguru irten ziren, hala nola kabotaje-ontziak, luxuzko yateak eta gabarrak. Izan ere, 1960an, Portuko Obren Batzarrak bi gabarra eraikitzeko eskaria egin zion, haien flota indartzeko (1. gabarra eta 2. gabarra). Horietako bat Athletic Clubek ospakizunetan erabiltzen duen gabarra ezaguna da.

  • ASTACEren ondoan, FRIMOTOR antzinako enpresaren eraikina eraiki zen. Bigarren horrek, Westinghousen lizentziarekin tresnak ekoizten zituen, hala nola hozkailuak, garbigailuak, aire girotuko tresnak, plantxa elektroautomatikoak, trenentzako osagaiak, kotxe baten prototipoak, autobus elektrikoak… Westinghouse 750 langile baino gehiago izatera heldu zen eta Erandioko erreferentzia-enpresetako bat izan zen. Baina, tamalez, 1967ko zorigaiztoko istripuagatik ere gogoan daukagu, instalazioen zati bat erortzean hamasei langile hil baitziren.

  • Pixkanaka-pixkanaka, garaiko ibaiertzeko etxebizitza-eraikinez gozatu bitartean, ontziralekura helduko gara, itsasadarreko paisaia lasaitasunez begiratzeko leku paregabea. Hortik gasolinoa Barakaldora abiatzen zen. Ezkerraldeko fabrika handietara joateko langileek erabiltzen zuten modurik azkarrena, merkeena eta errazena zen. Halaber, errepidetik heltzen ziren edo kaian lehorreratzen zituzten produktuak eta salgaiak kontrolatzeko aduana ere izan zen eremu hori.

    Itsasadarrean zehar portu-garabi gutxi batzuk zeuden eta horietako bat oraindik mantentzen da. Leku horretan bertan ontziolaren alboko fatxadan margotutako horma-irudi handian jarriko dugu arreta. 2007an Wallart enpresak egin zuen eta, 72 m2-tan, ibaiaren uhaldia islatzen du (argazki erraldoia balitz bezala).

  • Metro batzuk aurrerago, antzinako Sociedad Franco Española de Trefilería, Cablería y Tranvías Aéreos dago. 1898an Senret eta Chandonet frantsesek sortu zuten eta eraikina Frantziako Filiberto Bonvillain ingeniariak diseinatu zuen. Altzairuzko kableak eta alanbreak ekoitzi zituen Estatuko lehenengo fabrika izan zen eta altzairu-kablearen hornitzaile nagusia izan zen meatzaritza, zubi eta bestelako industrientzat. Besteak beste, Bizkaia Zubiko kableak hornitu zituen.

    1939. eta 1967. urteen bitartean Manuel eta Carlos Castellanosek egindako eraberritzeen ondorioz, gaur egun itxura arrazionalista dauka.

  • Axperantz bidean aurrera egitean, GESTAMP eraikinarekin topo egingo dugu, zeina automobil-osagaiak diseinatzen, garatzen eta ekoizten dituen nazioarteko enpresa talde baten jabetzakoa den. Jatorriz, higiezina Industrias Aguirenarena izan zen, makina elektriko astunen ekoizlea.

  • Eraikin horren aurrean Astilleros de Murueta enpresaren instalazioak ikusiko ditugu. Espezializazio handiko ontzi-fabrika garrantzitsua da eta 156 metro luzeko harmaila itzela dauka. Pelikano-motako garabiak udalerriko zeruan nabarmentzen dira eta, gaur egun, eremuko ontzi-tradizio luzearen ikurra dira. 1941ean Tomás Ruiz de Velascok ontziola horiek sortu zituen, eta, 40.000 m2-tan, gehienez ere ia bostehun pertsonek lan egin zuten. Bertan egiten diren alboko uretaratzeak itsasadar osoko deigarrienak dira.

  • Gutxi gorabehera tarte horretan Fraidearen Haitza zegoen, itsasgora zenean ezkutuan geratzen zen eta nabigatzea arriskutsua zen. 1882an, Evaristo de Churrucak, Portuko Obren Batzarraren zuzendariak, behin betiko konponbidea eman zion eta Fraidearen Haitza barruan hartzen duen bideratze kai-muturra sortu zuen. Hala sortu zen Axpe kaia, amarratzeko buiaz mugatutako 540 metroko kai-muturra. Hala, Churrucak Axpeko bihurgunea leundu ahal izan zuen eta marinel zein nabigatzaileei hainbeste buruhauste eragindako itsasadarraren zati hori bideratu zuen.

  • Hortik aurrera itsasadarraren ondoan ibiltzean Axpeko antzinako harrobia ikusiko dugu. XIX. mendearen amaieran, bertako erauzketak, besteak beste, Altzaga auzoaren zati bat betetzeko eta ibaia bideratzeko erabili ziren.

    Gaur egun eraikuntza berrien multzoa ikusten dugun lekuan, 1962an Metalquímica del Nervión enpresa kokatu zen. Kobre-kontzentratuak eta burdinarekin aberastutako minerala lortzeko piritaren, kobrearen eta zinkaren errautsak baliatzen zituen Estatuko lehenengo fabrika izan zen. Gaur egun, leku horretan industrialde bat dago eta harrobiaren antzinako hormetan belatz batzuk ikusten dira.

    Puntu horretatik, beti Erandioko eta Astrabuduko metro-geltokiak lagun, Leioara pixkanaka hurbilduko gara.