Elorrietako ponpaketa-etxearen historia

Karmelo Larrea parkean dago, Elorrieta-San Inazio auzoan, eta Bilboko saneamendu-sistema zaharraren instalazioen zati bat dago bertan. Recaredo de Uhagón ingeniariak diseinatu zuen 1894an, eta hondakin-urak arazteko lehen sistema modernoa izan zen Estatu osoan. Sistemak sare bereizlea, biltegi handi bat eta lurrun-makinen etxea zituen; lurrun-makinok Worthington ponpak zituzten, zeinak oraindik ere kontserbatzen diren. 2022an, kultura-ondasun monumental izendatu zuten bere balio historikoagatik.

Historia apur bat

  • Bizkaiko industria eta meatzaritza ukitu zituen kolera-epidemiak, 1885ean, eragin handia izan zuen Bilbon ere, hiria zati batean oraindik itsasadarreko ur kutsatuarekin hornitzen baitzen. Hilkortasun-tasa kezkagarria zenez, 1890ean Bilboko Udalak saneamendu proiektu bat egiteko lehiaketa publikoa lizitatu zuen, eta Recaredo de Uhagón ingeniariak irabazi zuen. Bere ezagutza teknikoagatik eta proiektuaren bideragarritasunagatik aukeratu zuten bere proposamena, “Mens sana in corpore sano” izenekoa.

  • 1894an, Bilbok ia 64.000 biztanle zituen. Uhagónek aurkeztu zuen proiektuak estolderia-sare bereizia proposatu zuen; hala, putzu beltzak kenduko ziren eta ur zikinetarako sistema berria eraikiko zen, euri-uren sistema bere horretan mantenduta.

    Hiru biltzaile nagusi planifikatu ziren: bi ezkerraldean eta bat eskuinaldean. Sifoien bidez lotuta egongo ziren eta gaur egungo Elorrieta auzoko biltegi handira bideratuko ziren. Bertatik, hodi baten bidez Galeara (Getxo) heltzeko ponpatuko ziren eta tratatu gabe itsasora isuriko ziren.

  • Horretarako, lehenengo, eskuinaldean zehar 10 kilometroko hormigoi armatuko hodi batetik eramango ziren urak, trenbidearekiko paraleloan; eta, gero, azken zatian, Gobelako arroa jarraituko zuten, 3 kilometroko tunel batetik.

    Tunela eraikitzeko bost zatitan banatu zuten eta beste hainbat hargune-putzu hondeatu zituzten; horiek, behin obrak amaituta, tunelaren erregistro gisa erabiliko ziren. Gaur egun, putzu horiek Getxoko malakateak izenarekin ezagutzen dira herrian. Tunela itsaslabarraren oinean amaitzen zen, saneamendu-hondartzan, tunel-aho gisa ere ezaguna.

  • Obrak 1895ean hasi ziren eta 1903an amaitu ziren, eta kostua Udalak urtebeterako zuen aurrekontu osoaren antzekoa izan zen: garaiko 5,5 milioi pezeta inguru. Denbora-bitarte horretan, lurpean 20 kilometroko hodiak eta Getxoko azken zatian ia 3 kilometroko tunela eraiki ziren.

    Estetika industrial nabarmenarekin diseinatutako Elorrietako ponpaketa-etxea azpiegituraren zati bat zen. Bertan, jada desagertutako Babcock & Wilcox hiru galdara eta Worthington bi zurrun-makina ezarri ziren; azken horiek eraginkorrak eta trinkoak ziren, eta oraindik mantentzen dira. Osagarri gisa, zubi-garabi bat eta korronte sorgailu bat ezarri ziren.

  • Azpiegitura horri esker, Bilbo saneamendu sistema modernoa zeukan lehenengo hiria izan zen Estatuan; batik bat berritzailea izan zen bakteriolisi bidezko arazketa-teknikak erabiltzen zituelako. Aitzitik, 1903an jada Elorrietako instalazioen ahalmena gainditzen zuen hiriak. Hurrengo hamarkadetan, instalazioak hiriaren hazkundearen arabera moldatu ziren.

  • XX. mendearen erdialdean, lurrun-makinak zaharkituta geratu ziren, eta Udalak eta Ur Partzuergoak esparrua utzi zuten. Metroa egiteko obrek eta beste hirigintza esku-hartze batzuek leku hori are gehiago narriatu zuten.

  • Bertan behera geratu zen arren, Uhagónen saneamendu-sistemaren balio historikoa dela-eta, 2022an Eusko Jaurlaritzak kultura ondasun kalifikatu izendatu zuen.

    Gaur egun, Elorrietako instalazioak zati batean birgaitu dira, eta unean uneko bisitetan eta ekitaldietan instalazioa bisitatu daiteke. Gainera, Getxon oraindik ere tunel-ahoaren hondartzan urak irteteko tunela eta malakateak mantentzen dira.