Bilboko San Inazio eta Elorrieta auzoen historia
San Inazio eta Elorrieta auzoak industria-historia oparoa duten Bilboko bi auzo dira. San Inazio 1945ean hasi zen garatzen, Bizkaira batez ere industrian lan egitera zetozen familiei ostatu emateko. Erdiko klaseko eta langile-klaseko etxebizitzak ditu, plaza eta berdeguneekin. Elorrietak, bere aldetik, industria eta zerbitzu garrantzitsuak zituen jada XIX. mendearen amaieratik aurrera. Aipagarria da 1900eko ponpaketa-etxe historikoa, hau da, hondakin-urak arazteko lehen sistema modernoa Estatu osoan.
Historia apur bat
-
Deustu auzotik irten eta eskuinaldetik kostara bidea hartuta, Bilboko San Inazio eta Elorrieta auzoetara helduko gara. San Inazio auzoa 1950eko hamarkadakoa da; dena den, 1945ean Deustuko ibarrean eraikuntza-lanak hasi ziren, izena eman zion Loiolako San Inazio Etxeko Obra Sindikalaren eskutik.
-
Lo-auzo» hori Bilboko 1943ko Hiri eta Eskualde Antolamenduko Plan Orokorraren esparruan sortu zen, Gerra Zibilaren ostean industrian lan egitera Bilbora heltzen ziren etorkin-kopuru handiari erantzuna emateko.
1945eko ekainaren 16an, behin betiko adjudikatu zen auzoaren eraikuntza-lana. Hilabete geroago, lehenengo fasea abiatu zen eta hamarkada bat iraun zuen. 1952. urtearen amaieran, San Inazioren bigarren fasearen berri eman zuten: mota bereko 2.332 etxebizitza berri izango zituen eta auzoa Deustuko kanalerantz hedatuko zen.
-
José Fonseca Etxebizitza Institutu Nazionaleko arkitekto-buruak gidatutako San Inazio auzoaren proiektuan, honako arkitekto hauek esku hartu zuten: Germán Aguirre (1912-1989) eta Hilario Imaz Arrieta (1894-1968) udal-arkitektoak, eta Luis Lorenzo Blanc (1912-1991) probintziako Etxeko Obra Sindikaleko arkitektoa.
Logela-kopuruaren arabera, hamaika etxebizitza-mota egin ziren: hiru logelako 512 etxebizitza, lau logelako 448 eta bi logelako 72. Aurrenekoek gehienez ere eraikitako 82 metro karratu zituzten, bigarrenek 100 eta txikienek 60. Etxebizitza horiek erdi-mailako klaserako ziren; hau da, 30 eta 35 pezeta bitarteko egunsaria zeukaten teknikari kualifikatu, funtzionario, eta bankako eta merkataritzako langileentzako, edo 20 pezeta baino gehiagoko egunsaria zeukaten eskulangile kualifikatu, langile eta peoientzako.
-
Arkitekturak lauki-sare eskema dauka eta, horren barruan, zenbait eraikuntza-eredu uztartzen dira, zuzenean etxebizitzekin lotuta dauden espazio libre, plaza eta berdeguneekin. Deustuko kanala auzoa eta gero eraiki zen; hortaz, San Inazio-Elorrieta eremuan eragin handia izan zuen. Kanala portu-gune bihurtu zen eta, hala, Erriberak jarraikortasuna galdu zuen, eta kanala gainerako auzotik berezita geratu zen. Elorrieta auzoa Bilbo eta Erandioren arteko mugan dago eta XIX. mendearen amaieran eraldatu egin zen.
-
Bilboko itsasadarraren bihurgune batean kokatuta dago, eta Obren Batzarrak itsasadarraren ibilgua leundu eta Zorrotza puntatik mendebalderantz mugitu zuen. 1880 eta 1884 urteen bitartean, Sepurukoatxa mendiaren behealdean itsaslabarra lehortu zuten eta, hala, lursail handi bat lortu zuten. Lortu berri ziren lurzati horiek industria enpresei saldu zizkien Portuko Obren Batzarrak.
Bertan kokatu ziren enpresen artean, nabarmentzekoak dira Sociedad Anónima Española de Dinamita, Tubos Forjados eta Burt Boulton & Haywood konpainia. Azken horrek mundrun-fabrika bat jarri zuen eta, 1921ean, Bizkaiko Labe Garaiak enpresak erosi zuen. 1916an, Aceros de Elorrieta ere industria gune horretan kokatu zen.
-
Deustuko Udalak Elorrietan oinarrizko zerbitzuak ere jarri zituen, besteak beste hiltegi bat 1893an eta eskola bat 1906an. Garai horretakoa da Elorrietako ponpaketa gunea, Estatuko hondakin-uren lehenengo araztegia. 1990ean ireki zuten, kolera-epidemiari konponbidea emateko. Zaharberritu ondoren, 2022an Eusko Jaurlaritzak babes bereziko kultura-ondasun izendatu zuen, monumentu-multzo kategoriaren barruan.