El Pobaleko burdinolaren historia

Bizkaiko meatze-eremuaren bihotzean, Barbadun ibaiaren ertzean, El Pobaleko burdinola dago, XVI. mendetik burdina-minerala lantzeko erabili zena. Bada, minerala metal bihurtzen zen bertan, eta askotariko erramintak (goldeetarako burdin hesiak, mailuak, aitzurrak, pikotxak...) eta etxeko tresnak egiten zituzten. 

Historia apur bat

  • Bizkaiko meatze-eremuaren bihotzean, Barbadun ibaiaren ertzean, El Pobaleko burdinola dago, burdina-minerala lantzen zuen fabrika hidrauliko bat. Bada, minerala metal bihurtzen zuten bertan, eta askotariko erremintak (goldeetarako burdin hesiak, mailuak, aitzurrak, pikotxak...) eta etxeko tresnak egiten zituzten. Bizkaian, bere garaian, burdinola ugari egon ziren (200 baino gehiago!), eta guztien artean ondoen kontserbatu dena dugu El Pobalekoa; are gehiago, gaurdaino jatorrizko makineriaren zati handi batekin (gurpil hidraulikoa, mazoa, hauspoak...) iritsi den bakarra da Euskadin, eta horrek sekulako balioa ematen dio.

  • Muñatones gaztelutik eskualdea menderatzen zuen leinu bandotarrak eraiki zuen, Salazar sendiak, XVI. mendearen hasieran, eta 1965era arte ibili zen jardunean, alajaina!

  • XVII. mendearen amaieran bizi izan zuen goreneko unea, tailerra handitu eta presa, kanala, antepara eta tunel hidraulikoa berreraiki zituztenean. Dena dela, gaur egun ikus ditzakegun eraikuntzen eta makineriaren zati handi bat XIX. mendearen erdialdekoak dira. Burdinolaren inguruan, ekoizpen-barruti oso bat zegoen: olagizonen etxebizitza (jatorrian, dorretxe baten itxura zuen), errota (garia eta artoa ehotzeko bi harri-pare zituen), ogitarako labea, baratzeak eta ikatz- nahiz egur-pilak zeuden.

  • El Pobal museo bizia Bizkaiko Foru Aldundiaren jabetzakoa da, eta, erakustaldien, bisita gidatuen eta guztiontzako moduko askotariko egitarauaren bidez, Bizkaiko industriaurreko bi jarduera garrantzitsuenen berri ematen du: burdingintzaren eta errotagintzaren berri, hain zuzen ere.