Burdinazko Mendiak Bide Berdearen Historia
Burdin Mendien Bide Berdeak antzinako trenbidearen 28 km inguruko trazadurari jarraitzen dio, eta, Barbadun ibaiarekin paralelo ia, Traslaviña eta Gallarta hiriguneak lotzen ditu.
Gaur egun, oinez edo bizikletaz ibiltzeko prestatuta dago trazadura hori; malda leunak dauzka, bai eta bihurgune zabalak ere, eta, beraz, oso erosoa da, erraza.
Historia apur bat
-
Burdin Mendien Bide Berdea 28 km inguruko ibilbide lineala da, zailtasun gutxikoa, eta Traslaviña eta Gallarta hiriguneak lotzen ditu. Burdin Mendien Bide Berdeak antzinako trenbidearen trazadurari jarraitzen dio; malda leunak dauzka, bai eta bihurgune zabalak ere, eta, beraz, oso erosoa da, bertatik ibiltzeko erraza.
-
Bide berdean, naturaguneak, toki kulturalak eta hiriguneak daude. Trenbidearen trazadura leuna denez, ahalegin fisiko handirik egin gabe ibil gaitezke bertan, geure kabuz.
-
1876 inguruan, Bilbao River Cantabrian Rail konpainiako enpresaburu ingelesek 22 km-ko trenbide bat inauguratu zuten, Galdameseko meatze-ustiategiak eta Nerbioi ibaiaren Sestaoko kaiak lotzen zituena. Eremuko meatze-trenbiderik luzeena izan zen, eta Nerbioi ibaia Trianoko mendien mendebaldearekin komunikatzen zuen bakarra. Trazadura bihurgunetsuak zabalera berezia zuen (1,14 m), eta errailek, Galdameseko meategietako ekoizpena ez ezik, trenbidearen inguruko meategi guztietako mineralak ere mugitzen zituzten. Hala, zamaleku ugarik zuinkatzen zuten ibilbidea. Bereziena La Florida auzoan zegoen. Zamaleku horretara, 4 km-ko arrapala makur bikain bat iristen zen, Sauco meategitik trenbideraino iristen zena. Espainiako arrapala makur luzeenetako bat izan zen, eta sei geltoki zeuzkan bagoneten joan-etorrietarako.
-
Trenbideak, Bilboko portura eta altzairu-fabriketara minerala garraiatzeaz gainera, bidaiariak garraiatzeko trenen trafiko gutxi gorabehera erregularra jasaten zuen. Bidaiariak meatzariak ziren, eta, trenak mugitzeko erraztasunak eskaintzen zizkienez, trenbidearen ertzetan finkatzen joan ziren. Horrela, meatzari-auzoak sortu ziren mendian bertan: La Balastrera, La Aceña, Saúco... Gerra Zibilaren ondoren, izen anglo-saxoia zuen beste enpresa batek erosi zuen trenbidea, Babock & Wilcox izenekoak; bada, entitate horrexek kudeatu zuen ustiapena 1968ra arte. Handik lau urtera, 1972an, burdinbideak kendu zituzten, eta bidea erabilera berrien zain geratu zen.