Zugaztietako meatze-herriaren historia
Zugaztieta meatzari-herrixka monumentu izendatu zuten 2002an, eta meatze-jarduera biziak utzi digun ebidentzia ukigarri osoenetako bat da, oroitzapenezko toki bat, bisitariari XX.
Historia apur bat
-
XX. mendearen hasieran, Meatzaldea (Trapagaran, Ortuella, Abanto-Zierbena eta Muskiz udalerriek osatzen dute) Europako meatze-ustiategi handienetako bat bihurtu zen. Euskadiko eta Estatuko txoko guztietatik, milaka lagun iritsi ziren meategi hauetan lan egitera. Hala, meatzariei ostatu emateko, herrixkak eraiki zituzten burdinazko mendien hegaletan, eta horrelaxe sortu ziren, besteak beste, Larreineta, La Barga, La Concha, Cadegal, Gallarta eta Arnabal, baita Zugaztieta ere, zeina 1877an altxatu baitzuten, eremuko azken basoan multzokatutako txabola-talde batetik abiatuta. Etxeak egurrezkoak ziren, eta elkarri atxikita zeuden, lerro irregularretan jarrita. Zalantzarik gabe, baina, meatzari-barrakoietan baino bizi-kalitate hobea zuten hor, une batzuetan 150 edo 200 lagun inguru pilatzen baitziren barrakoi haietan, lurrean bertan lastairen gainean lo egiteko. Aspaldiko barrakoi haien birsorkuntza bat dago Euskal Herriko Meatzaritzaren Museoan.
-
Zugaztieta meatzari-herrixka monumentu izendatu zuten 2002an, eta meatze-jarduera biziak utzi digun ebidentzia ukigarri beteenetako bat da, oroitzapenezko toki bat, bisitariari XX. mendearen hasierako lan-, gizarte- eta aldarrikapen-jarduera sutsu haren oihartzuna entzunarazteko gai dena. Zugaztieta da, zalantzarik gabe, Bizkaiko meatzaritza historikoaren auzorik adierazgarriena, baita Bilbo Handiko paisaia klasiko eta ezagunenetako bat ere.
-
Meatzari-herrixka izateaz gainera, Zugaztietak natura- eta paisaia-ingurune ikusgarria eskaintzen du. XIX. mendearen amaieran, lehergaiak erabiltzen hasi ziren burdina aire zabalean erauzteko. Hala, toki batzuetan maila freatikora iristen ziren, eta, hori gertatzen zenean, ura ponpekin atera behar izaten zuten, meategian lanean jarraitu ahal izateko. Meatze-ustiapena utzitakoan, lurpeko ura gainazalera atera zen, eta, gaur egun, Zugaztietako mea-erauzketaren ondoriozko putzuak (Hostion, Blondis eta Parkotxa) laku zoragarriak dira, pasieran ibiltzeko eta naturaz gozatzeko apartak.
-
Hostion putzua Zugaztietaren ondoan dago, eta hiruretan handiena da. Mame, Carmen eta Orkonera meategien lursailak hartzen ditu. Gaztelaniaz ondo moldatzen ez zen langileburu euskaldun bati zor dio izena, antza, “yo dar hostión” esaten baitzuen beti, lan ondo egiten ez zuten meatzariei mehatxu egiteko. Blondis putzua Orkonera 5.a meategian dago. “Blondin” garabitik datorkio izena: XX. mendearen 30eko hamarkadan instalatu zuten, mea meategiaren hondotik igotzeko, eta, oraindik ere, garabiaren hondakinak bertan daude, putzuaren ondoan (gero, arrapala makurra jarri zuten garabiaren ordez) Parkotxa putzua Barrionuevoren azpian dago, eta, lehen, Parcocha eta Unión meategiak zeuden bertan. XX. mendearen 70eko hamarkadan, Larreinetako mea-garbitegiko lohiak isurtzeko erabili zuten, eta horregatik dauka kolore marroia.