Getxoko etxe handien pasealekuaren historia
Etxetzarren paseoa kultura-ondasun izendatu zuten 2001ean, monumentu-multzoaren kategorian, eta Getxoko arkitektura burgesaren eraikinik esanguratsuenetak batzuk ikusteko aukera ematen du; eraikinak Areeta eta Neguri auzoen goieneko aldian eraiki zituzten, XIX. mendearen amaieran eta XX. mendearen hasieran.
Historia apur bat
-
Etxetzarren paseoa kultura-ondasun izendatu zuten 2001ean, monumentu-multzoaren kategorian, eta Getxoko arkitektura burgesaren eraikinik esanguratsuenetako batzuk ikusteko aukera ematen du; eraikinak Areeta eta Neguri auzoen goieneko aldian eraiki zituzten, XIX. mendearen amaieraren eta XX. mendearen hasieran.
-
Nork bere kabuz egiten du ibilbidea, 29 interpretazio-taulak lagunduta, eta garai hartan gailendutako arkitektura-moldeetara (eklektizismoa, tradizio ingeleseko arkitektura eta erregionalismoa), arkitekto ospetsuenengana eta, besteak beste, garaiko gizarte-testuingurura hurbiltzeko bidea ematen du.
Areetako kaitik eta Arriluzeko kaitik ibilita, Getxoko urrezko urteetara joango zara.
-
XX. mendearen hasieran, Espainiar Estatuko familiarik aberatsenak Getxon bizi ziren. Raymond Carr historialari britainiarraren esanetan, “Espainian benetan aberatsak ziren gizonak, 1900etik aurrera, salbuespen gutxi batzuekin, euskaldunak ziren”, eta ia guztiak ziren “Neguriko klanekoak”. Milioi askoko ondasunak edukitzeaz gainera, eragin handia izan zuten politikaren eta enpresa-munduaren barruan.
Meategiak, labe garaiak, garraioa, banketxeak eta elektrizitatea izan ziren haien negozioen oinarriak.
-
Familia haiek beren bizipenetan islatu nahi izan zituzten hala aberastasuna, nola posizio soziala. Etxetzarren paseoa, hain zuzen ere, Bizkaiko historian inoiz izandako goraldi ekonomiko handienaren isla da, eta balio historiko eta artistiko handia dauka.
XIX. mendearen amaierako eta XX. mendearen lehenengo hereneko arkitekto bizkaitar bikain gehienek lanak egin zituzten Getxon.
-
Lehenengo garaian (1900 baino lehen), estilo aldetik eklektizismora lotuta, Severino Atxukarro gailentzen da. Haren ondoan, baina, beste egile entzutetsu batzuk izan ziren: Pedro Peláez, Federico Borda, Daniel Escondrillas, José María Basterra edo bertako Francisco Ciriaco Menchaca eta José Bilbao Lopategui.
-
XX. mendean jada, arkitektoen belaunaldi berriak molde britainiarrak eta erregionalistak irudikatzen hasi ziren, orduan modan baitzeuden. Ohikoa zen beren lanetan estilo desberdinetako ezaugarriak tartekatzea. Zalantzarik gabe, izenik nabarmenena Manuel María Smith da, garaiko bizitegi-arkitektura burgeseko adierazpen gorena. Harekin batera, profesional bikain ugari zeuden (hala nola, Rafael de Garamendi, Mario Camiña, Fidel Iturria, Emiliano Amann, Ricardo Bastida, Ignacio María Smith, Antonio Araluce eta Manuel Galíndez), eta haietako askoren lanak ikus daitezke paseo atsegin honetan.