Evaristo de Churruca jaunaren historia: itsasadarra "domatu" zuen ingeniaria

Bilbok, Bizkaiak eta Euskadik oro har sekulako zorra dute Evaristo Txurruka ingeniariarekin.
Ingeniari ausart hau Bilboko Portuko Lanen Batzordeko arduradun gorena izan zen 1877tik aurrera, eta itsasadarra bideratzeko lanak gidatu zituen, Bizkaian historia osoan garatu diren ingeniaritza-lan handienetako bat.

Historia apur bat

  • Bilboko ontzi- eta portu-jarduerak, XIV. mendean hasi zenetik, Bilboko metropoliaren ardatz bihurtu du Nerbioi-Ibaizabal itsasadarra. Industrializazioa behin betiko garatu zenean, itsasadarra lantoki bihurtu zen, salgaiak zamatu eta pertsonak garraiatzeko mugimendu geldiezinaren gune, itsasontzien eta gabarren bizileku: indar bisual handiko paisaia sortu zen.

  • Itsasadarraren gaur egungo fisonomia bera Bilboko eta bi ibaiertzetako udalerrietako industrializazio-prozesuaren ondorio zuzena da. Itsasadarreko zubiek, kaiek, ontziralekuek, zamalekuek eta abarrek merkataritzaren eta ekonomiaren garapen zehatz bati erantzuten diote, XIX. mendearen erdialdetik aurrera ingurune hau ezaugarritu zuen garapen-ideiari, hain zuzen ere.

  • Duela mende batzuetako arbasoek Bilboko itsasadarra ikusiko balute gaur, ez lukete ezagutuko. Zalantzarik gabe, itsasadarra bideratzeko lanak Bizkaian historia osoan garatu diren ingeniaritza-lan handienetako bat dira. Ez zen batere erraza izan lortzea. Nahiz eta Bilbo portu segurua izan, ekaitz gogorrik eta kortsarioen erasorik gabea, itsasadarraren 15 kilometroetan nabigatzea abentura ikaragarria zen marinelentzat.

  • Itsasadarrera Abratik sartzea izan zen buruhauste nagusia, “Portugaleteko barra” ezagunarengatik: hondoko hondar-banku hori nahi bezala mugitzen zen, eta itsasontzien zeharbideak markatzen zituen, itsasbeherak eratzen zituen igarobide estuetatik. Oztopo hori gainditutakoan, kapitainek “Fraidearen beheragunea” saihestu behar zuten; Axpeko bihurgunean zegoen, Erandioren parean, eta deskuidu batek ontzia bertan trabatzea eragin zezakeen. Elorrietako bira beste buruhauste bat zen, luzera handiko itsasontziei ez zielako uzten maniobrak egiten, Zorrotzako bihurguneak bezalaxe. Hiribildurantz igo ahal zutenei beste gune beltz bat geratzen zitzaien: Olabeagako txurroak. Errekarri- eta hondar-banku horrek kilometro batetik gorako luzera zuen, eta salgaiak hortxe bertan lehorreratzera behartzen zituen ontzi handiak, gero gabarretan igo zitzaten Alde Zaharreraino.

  • Naturaren oztopo horiek zirela-eta, Bilboko Kontsulatuak itsasadarra hobeto bideratzeko lan txikiak egin behar izan zituen XVI. mendean. XVII. mendean, tokiko agintariek lehenengo kanala eraiki zuten itsasadarrean, Campo Volantin pasealekuaren parean, Uribitarteko bihurgunea saihesteko. Horren ondorioz, Uribitarteko irla sortu zen, XIX. mendera arte iraun zuen lur-zati bat; izan ere, mende hartan, agintariek itsasadarraren beso naturala betetzea eta tarte artifiziala ubide bihurtzea erabaki zuten.

  • 1877ko azaroaren 27an, Evaristo Txurruka bide, kanal eta portuen ingeniariak hartu zuen Portuko Lanen Batzordearen ardura. Lehendabizi, itsasadarraren egoera aztertzea, zer lan egin behar ziren zehaztea eta lehentasunak ezartzea erabaki zuen. Hala, lehenik itsasadarra bideratzeko dikea (Burdinazko kaia) eraikitzea erabaki zuen, barra arriskutsua kentzeko. Bilbok, Bizkaiak eta Euskadik oro har sekulako zorra dute Evaristo Txurruka ingeniariarekin. Baita bere unean Portuko Lanen Batzordea eratu zedin eskatzea erabaki zutenekin, Merkataritza Batzordeko kideekin (Emiliano Amman zen presidenteordea, eta probintziako gobernatzailea zen presidentea) eta Pablo Alzola bideen ingeniariarekin ere, «portura sartzea eta itsasadarrean nabigatzea errazteko proiektu arin bat eta aurrekontu finko bat egiteko lana» agindu baitzioten 1871n eta, halaber, lan haren ondorioz 1872ko azaroaren 19ko Errege Agindua eman baitzen, Portuko Lanen Batzordea –gaurko Portu Agintaritzaren aurretikoa– sortzekoa.