Santurtziko itsas museoaren eta arrantza-ondarearen historia

Santurtzi Itsas Museoak Santurtzik itsasoarekin duen loturaren berri ematen digu, alderdi guztiei dagokienez: profesionala, soziala, kulturala eta aisialdikoa.
Agurtza atunontzirako bisitarekin osatzen da esperientzia: gure kostetan geratzen diren arrantza tradizionaleko egurrezko azken ontzietako bat da.

Historia apur bat

  • Museoa Santurtziko historiako eraikinik enblematikoenean dago kokatuta, arrantzaleen kofradian. Santurtzi Itsasoa Museoaren gaiak Santurtzik itsasoarekin izandako loturari heltzen dio, alderdi guztiei dagokienez: profesionala, soziala, kulturala eta aisialdikoa. Bizkaiko portuen artean, Santurtzikoa izan da baxurako arrantzara ontzi gehien bidali dituena. Ontzi horien erakusgarri modura, Agurtza atunontzia daukagu. Gure kostetan geratzen diren arrantza tradizionaleko egurrezko azken ontzietako bat da, eta gure ondarearen zati da.

  • Ibilbidean, santurtziarrek 1600etik gaur arte itsasoarekin izandako loturaren berri ematen digute ikus-entzunezko bitarteko ugarik. Bisitariek, hala, jakin ahalko dute zer-nolako lanak izaten zituzten lemazainek ‘hareazko barra’ beldurgarria gainditzeko (barra horrek izugarri zailtzen zien itsasontziei Bilboko itsasadarrera sartzea nahiz hortik irtetea) eta zer irtenbide eman zioten nabigazio-arazo larri hari.

  • Museoak, halaber, itsaso hauetan nabigatzen zuten kortsario eta piraten bizitza liluragarriak kontatzen dizkigu, bai eta kontrabandista santurtziar ezagunenetako baten XVI. mendearen erdialdeko ibilerak, estropaden jatorria eta traineruek udalerrian duten tradizioa ere. Eta, nola ez, sardina-saltzaileek beren tokia dute museoan, Santurtziko figura garrantzitsu eta enblematikoenetakoak dira-eta: emakume argi haiek adi-adi egon behar izaten zuten beti, arrantza-ontziak noiz iritsiko, eta itsasadarraren ertz osoan ibiltzen ziren salgaiak saltzen, baita urrutira joanez ere (Plentziara edo Balmasedara, adibidez).