Portugaleteko burdinazko kaiaren historia

Euskadin, bi inguruabar giltzarrik jarri zioten bidea industrializazioari: batetik, Meatzaldean eduki fosforiko gutxiko burdina zegoen, Bessemer prozeduraren bidez altzairua eskuratzeko ezin hobea, eta, bestetik, Evaristo Txurruka ingeniariak burdinazko kaia/dikea eraiki zuen Portugaleten.

Historia apur bat

  • Esan ohi denez, Euskadin bi inguruabar giltzarrik jarri zioten bidea industrializazioari: batetik, Meatzaldean eduki fosforiko gutxiko burdina zegoen, Bessemer prozeduraren bidez altzairua eskuratzeko ezin hobea, eta, bestetik, Evaristo Txurruka ingeniariak burdinazko kaia/dikea eraiki zuen Portugaleten.

  • XIX. mendearen amaieran, Ibaizabal-Nerbioi itsasadarreko itsas trafikoak ikaragarri egin zuen gora, burdina garraiatzen zuten ontziak etengabe igarotzen baitziren handik. Portuko Lanen Batzorde sortu berriak arazo garrantzitsu bati egin behar izan zion aurre: itsasadarraren bokalean, hondarra pilatzen zen, eta pilaketa horrek «Portugaleteko barra» deiturikoa eratu zuen. Ondorioz, uraren sakonera ez zen metro batera iristen itsasbeheretan, eta itsasontziek hondoa jotzen zuten.

  • Diru-faltak asmamena zorroztu zion Evaristo Txurruka portuko lanen ingeniari zuzendariari, eta gaur egun ere txunditzen gaituen irtenbide bat aurkitu zion auziari: burdinazko kaia.

  • 1887an inauguratu zuten, eta 567,50 metroko luzera du. Bartzelonako Lehorreko eta Itsasoko Makinistak enpresak eraiki zuen metalezko egitura, eta Mitchell motako hari-piloteak erabili zituen lehendabiziko lana izan zen (hari-piloteei esker, lurzoru hareatsuen gainean egiturak zimendatu zitezkeen). Lanak nazioarteko aitortza ekarri zion Txurrukari, eta, halaber, 80 metroko zabalerako kanal etengabe bat edukitzeko aukera ekarri zuen; hala, 4,5 metrora baino gehiagora areagotu zen sakonera itsasbeheretan.