Bizkaia Zubiaren (UNESCO) historia

Bizkaia zubia ingeniaritzaren arloko artelantzat jotzen da. munduko lehenengo zubi transbordadorea izan zen, XIX. mendeko burdinaren arkitekturako eraikuntza bikainenetako bat.
UNESCOk, 2006ko uztailaren 12an, gizadiaren ondare izendatu zuen erraldoi hau: euskal monumentu bati horrelako aitortza egin zaion lehenengo aldia izan zen, eta, Estatuan, industria-erako lehenengoa.

Historia apur bat

  • Bizkaia zubiak Portugalete eta Getxo udalerriak elkarlotzen ditu, zeinak Bilboko itsasadarraren alde banatan baitaude, bokaletik hurbil. Bilboko Portu Agintaritzarena da, eta, gaur egun, emakida-araubidean kudeatzen dute. Zubi transbordadorea da, bidesariduna, eta ekimen pribatuz sortu, diseinatu eta eraiki zuten 1887tik 1893ra bitartean. Ur sendagarridun Portugalete eta Getxo bizitegi-udalerriak komunikatzeko premia zegoen, baina ez zuten merkataritza-nabigazioa eten nahi; orduan, Alberto Palacio Elizaga euskal arkitektoak hainbat irtenbide eman zizkion arazoari. Azkenik, «zubi transbordadorea» hautatu zuen, eta, diseinurako, Ferdinand Arnodin ingeniari eta enpresaburu frantsesaren ezinbesteko laguntza jaso zuen, hura bihurdura-kableetan aditua baitzen. Zentzu hertsian, ez zen zubi bat, ontzitxo bat baizik; hau da, gurdi mugikor baten kable gurutzatuetatik esekitako ontzitxo bat zen, eta gurdi mugikorra arkupedun egitura handi baten goiko habean (zeina kableen bidez baitzegoen tenkatua eta esekia) jarritako erreietatik irristatzen zen.

  • Bizkaia zubia ingeniaritzaren arloko artelantzat jotzen da. Munduko lehenengo zubi transbordadorea izan zen, XIX. mendeko burdinaren arkitekturako eraikuntza bikainenetako bat. Zubi transbordadorearen kontzeptua bera oso teknika bereizi bi uztartzearen ondorio izan zen: batetik, egitura lerden eta gogorra sortu behar zuten, eta, bestetik, translazio-sistema mekaniko fidagarri bat lortu.

  • Zorrotzako Tailerrak enpresak fabrikatu zuen zubiaren goiko habea; 160 metroko argia dauka, eta 45 metroko nabigazio-galiboa uzten du itsasgoran. Bestetik, bi pila bikoitzen gainean dago bermatuta; ibaiertz bakoitzak berea dauka, eta Le Creusot faktoria frantsesak eraiki zituen. Jatorrian, habea dorreen burualdeetatik tenkatutako kable- eta pendulu-sistema bikoitz batetik zegoen zintzilikatuta, eta sistemari zotzi kable nagusik eusten zioten. Arnodinek fabrikatu zituen zortzi kable horiek, Firminyko trefilategietako alanbreekin, eta bi dorreen arteko katenaria osatzen dute; halaber, bi ertzetan haiengandik 110 metrora jarritako bloke trinkoetan daude iltzatuta.

  • Boulet lurrun-makinak ematen zuen beharrezko indar eragilea; makina hori bertikala zen, bi zilindroduna eta 25 CV-koa, eta dorreetako batean zegoen. Jatorrizko ontzitxoak burdinazko, egurrezko eta olanazko egitura zuen, arina.

  • Portugaleteren eta Getxoren arteko Bizkaia zubia beste guztien aitzindaria izan zen. Ekimen partikularrez sortu zen, baikortasun industrial eta ekonomiko handiko une batean. 1893an inauguratu zuten, eta, etenik gabe ibili zen Gerra Zibilean jomuga militarra izan zen arte: 1937ko ekainaren 16an, kableen ainguraketa leherrarazi zuten, eta habea ibilgura erori zen.

  • José Juan-Aracil Segura ingeniariari enkargatu zioten berreraiketa-proiektua, garai hartan Bilboko zubiak berreraikitzeaz arduratzen baitzen; bada, aldaketa moderno batzuk egin zizkion hark (adibidez, tiranteak kendu zituen, eta Warren sareta bat jarri zion habeari). Basauriko Baskonia Konpainiari agindu zioten metalezko egitura berria, eta Erandioko kableen enpresa franko espainiarrak hornitu zituen kableak. Zentzuzkoa denez, trakzio-sistemari eta ontzitxoaren diseinuari askotariko aldaketak egin zaizkie zubia inauguratu zutenetik igaro diren 130 urte pasatxo hauetan.

  • 2000ko hamarkadan, eraldaketa handia egin zioten zubiari; batetik, zubia bera transformatu zuten, orga eta sistema motorra aldatu, bi igogailu jarri eta goiko habean pasabide bat finkatu baitzituzten, eta, bestetik, ontzitxoa eta bi ibaiertzetako ontziralekuak eta itxarote-gelak eraldatu zituzten.

  • UNESCOk, 2006ko uztailaren 12an, gizadiaren ondare izendatu zuen burdinazko erraldoi hau: euskal monumentu bati horrelako aitortza egin zaion lehenengo aldia izan zen, eta, Estatuan, industria-erako lehenengoa. UNESCOk aitortza hori eman zuen, balioetsi zuelako zubia “gehikuntza ikusgarri eta estetikoki atsegina dela ibaiaren estuariorako, eta sormen teknikoaren adierazpen bikaina, formaren eta funtzioaren arteko erlazio benetan ona islatzen baitu”. Halaber, balioetsi zuenez, “transbordadorearen mekanismoa garatuz eta burdinaren teknologia altzairuzko kable berriekin uztartuz, eraikitzeko modu berri bat sortu zuen zubiak, eta mundu osoko zubien garapenean eragin zuen”.

  • 45 metrora dagoen pasarela panoramikora bisita egin daiteke (igotzeko, dorreetan dauden igogailu panoramikoak erabil daitezke), baina, bestela, ontzitxoaz goza daiteke, eta itsasadarra alderik alde zeharkatu, urteko 365 egunetan, egunez zein gauez.

    Bizkaia zubia goi-mailako baliabide turistikoa da gaur egun, eta, gure iragan industriala ezagutzeko, nahitaezkoa da bertara bisita egitea.