Sestaoko langileen etxebizitzaren historia
Industrializazioan, Sestaok arazo latza izan zuen etxebizitzarekin. Lehenengo emigranteak azpierrentamenduan finkatu ziren fabriken inguruan altxatutako etxebizitza-blokeetan, bilakaera ekonomiko berriaren epeletan.
Alabaina, iritsi berriei ostatu emateko premia hain zen handia eta denboran hain pilatua, ezen goi-mailako arazo bihurtu baitzen.
Historia apur bat
-
Sestaoko hirigintza-prozesuak goranzko mugimendu bati jarraitu zion: 1875ean, San Frantziskon eta La Puntan hasi zen, Barakaldorekiko muga jurisdikzionaletik hurbil, eta Urbinagarantz eta Rivaserantz jarraitu zuen gero, 1880an. Beranduago, 1882an, Simondrogas eta Vega Nueva eremuetan hasi ziren eraikitzen; 1885ean Txabarrin, eta 1888an La Iberian. Mende berria iritsi zenean, eraikin berriak goiko eremura iritsi ziren, Kascoren ingurua zati batean hartuz. Ondoren, 1920an, Bista Alegre eta Kueto auzoek bat egin zuten prozesuarekin, eta San Pedro eta Albiz inguruak 1930ean hasi ziren jendeztatzen.
-
Industrializazioan, Sestaok arazo latza izan zuen etxebizitzarekin. Lehenengo emigranteak azpierrentamenduan finkatu ziren fabriken inguruan altxatutako etxebizitza-blokeetan, bilakaera ekonomiko berriaren epeletan. Alabaina, iritsi berriei ostatu emateko premia hain zen handia eta denboran hain pilatua, ezen eraikuntza-tipologia bereziak garatu baitziren; Lan Puntan (1885) eta La Galanan (1892), adibidez, korridore- edo eskorta-erako etxeak egin zituzten, familia bakoitzari bideratutako tokia gutxienekora murrizteko. Bien bitartean, udalak eraikuntza anarkikoa baimentzen zuen, baita biztanleak metatzea ere.
-
Udala ezaxola zegoenez, gobernatzaile zibilak esku hartu zuen Sestaoko bizikidetza-moduetan, 1880an: osasuna eta higiene publikoa arriskuan jarri ez zitezen, kautelazko neurri gisara, etxe bakoitzak familia egoiliarraz gain gehienez ere izan zitzakeen maizterren kopurua finkatu zuen. 1884tik aurrera, gainera, Frantzian kolera-agerraldiak hasi zirenean, etxebizitza guztiek komuna edukitzea eskatzen hasi ziren. 90eko hamarkadan jada, udalaren eskakizunek gora egin zuten, aurretik baziren higiezinen eta eraikuntza berrien higieneari, aireztapenari eta saneamenduari dagokienez. Halaber, patioetan, ganbaretan, trastelekuetan eta batez ere logeletan txerriak eta beste animalia batzuk haztea debekatu zuten, baina etxebizitzaren arazoa ez zen zuzenean jorratu.
-
La Unión taldeko etxe merkeak 1922an eraiki zituzten, Santos Zunzunegi arkitektoak gidatuta. Etxebizitzak zabalak dira: 84 m2 bi solairutan banatuta. Behe-solairuan, jatorrian, sarrera, egonlekua-jantokia, sukaldea, janaritegia eta komuna zeuden, eta, lehenengo solairuan, familia osoak behar zituen hiru logelak: bat gurasoentzat, beste bat mutilentzat eta beste bat neskentzat. Bestetik, lorategi-hiriaren eredu ingelesari jarraikiz, lorategi bat zuten aurrealdean, eta baratze txiki bat atzealdean.
-
La Unión taldearen ondo-ondoan, “La Galana” dago, Sestaon geratzen den langileen etxebizitzarik zaharrena: Francisco Berriozabal obra-maisuak diseinatu zuen 1892an, langileentzako etxeen eraikuntza arautzeko lehenengo legeak idatzi baino hamarkada batzuk lehenago. Pisuak txikiak dira, eta banaleku- eta sarrera-lanak egiten dituen galeria batera irekita daude. Elementu hori etxebizitzen aireztapenari eta argiztapen naturalari bide emateko sortu bazuten ere, arazo handia izan da beti bertan bizi zirenentzat, leiho gutxi daudelako.
-
La Unión taldeko langileen etxebizitzak ondare-balio handikoak dira, eta, gainera, Sestaoko erreferentziazko beste baliabide batetik oso hurbil daude, La Galana etxebizitzatik hurbil, alegia. Etxebizitza hori bisitatu ahal da, eta, dudarik gabe, baliabide giltzarria da udalerriko industria-turismoko eskaintzan.
-
Lau hamarkadak banantzen dituzte langileentzako etxeen bi ereduak, elkarrekiko oso desberdinak. Labirinto honetan markatutako ibilbidetik ateratzen bazara, beste etxebizitza-talde batzuk aurkituko dituzu Sestaon sakabanatuta. Aurkitzen dituzunean, gogoratu Bizkaiko industriara oso estu lotuta daudela.