Munoa Finkaren eta Jauregiaren Historia

Munoa finka Barakaldoko jauregi burges bat da, Ricardo Bastida arkitektoak molde frantsesarekin birgaitu zuena.

Historia apur bat

  • Munoa XVI. mendean aipatu zen jada, Burtzeñako monasterio hurbilaren jabetza gisa, eta, dirudienez, baserri bat, sagardiak, mahastiak eta baratzeak egon ziren bertan XIX. mendearen erdialderaino. 1860an, Juan Etxebarria La Llana Bilboko alkate, hainbat aldiz diputatu eta Barakaldoko jabe handienetako batek erosi zuen lursail osoa.

  • 1916an, etxea Juanen biloba Rafael Etxebarria Azkarateren eskuetara pasa zen; hau da, Horacio Etxebarrieta industrialari ezagunaren arreba Amalia Etxebarrietaren senarraren eskuetara. Ezkontideek jauregia goitik behera birgaitzea erabaki zuten, eta Ricardo Bastida arkitektoari agindu zioten obra. Hark jatorrizko blokea kontserbatu zuen, baina dorre bat gaineratu zion albo bakoitzean, eta eraikina luxuzko etxe bihurtu zuen, Frantziaren bigarren inperioko etxeen moldeari jarraituta. Aldi berean, garaje bat, atezainarentzako etxe bat, baserri bat eta ingeles erako lorategi handi bat eraikitzea erabaki zuten.

  • Horacio Etxebarrieta Maruri industrialaria eta Amalia arreba Cosme Etxebarrieta Lascurainen seme-alabak ziren; alderdi errepublikanoko burua izan zen, baina baita negozio-gizona ere, eta jabetza eta interes ugari izan zituen meatze-industrian. Horaciok aitaren jabetzak eta kargu politikoak hartu zituen oinordetzan, eta, Etxebarrieta-Larrinaga enpresaren bidez, puntako ekonomia-gune bat garatu zuen; harrezkero, XX. mendearen lehenengo erdiko enpresaburu garrantzitsuenetako bat izan zen. Hona hemen Horacioren enpresa-jarduketa garrantzitsuenak: Cadizko ontziola, Dueroko ur-jauzietako enpresa, Iberia-Espainiako Aireko Lineak, Bartzelonako metropolitarreko 1. linea, Madrilgo Kale Nagusia, Prentsaren Etxea eta Bilboko zabalguneko hainbat eraikin.

  • Dirutza eginda, hainbat eraikuntza egin zituen; hala nola, Begoña lurmuturreko jauregia eta galeriak (Getxo). Alabaina, asturu on hura 40ko hamarkadan itzaltzen hasi zen, asmo handieneko proiektuak pilatutako zorrengatik: itsaspeko ontzien modelo moderno bat eraiki nahi izan zuen Cadizko ontziolan. Lur jo ondoren, Amalia arrebarekin batera bizitzera joan zen Munoa jauregira, eta hantxe hil zen, 1963an.

  • Lursail osoa Etxebarrieta sendiaren jabetzakoa izan zen 2014ra arte, Barakaldoko Udalak erosi baitzuen.