Zamalanda parkea historia

Bizkaiko Labe Garaiek antzina itsasadarraren ondoan zituzten lurrak —Barakaldoko historia markatu zuen industria-eremu horrek— Zamalanda parkea dira orain. Naturara, aisialdira eta kirolera bideratutako bederatzi hektarea dira.

Hala ere, langileen iraganaren arrastoa kontserbatzen du aisialdirako eremuak: bertan dago Konpainia Franko- Belgikarraren mineral-kargaleku zaharra, 1886koa, zeinaren funtzioa lur barruko ustiategietako minerala kanpora ateratzea baitzen.

Historia apur bat

  • Itsasadarreko zamalekuak garraio-sistema konplexu baten azken kate-begia ziren, eta garraio-sistema konplexua zela diogu, burdina preziatua meatze-barrutietatik itsasontzietaraino iristea zuelako helburu, gero Europako herrialdeetara esportatzeko. Hala, Barakaldoko zamalekuak dira Nerbioi-Ibaizabal itsasadarrean gaur egun ikus dezakegun zamaketa-kaien segidarik onena, eta ondare-balio handi-handiko paisaia osatzen dute.

  • Haietako bi (Orconera Iron Ore Co. Limited eta Société Franco-Belge des Mines de Somorrostro konpainien zamalekuak) burdina garraiatzeko erabili zituzten; hirugarrena (Sefanitro - Sociedad Española de Fabricaciones Nitrogenadas S.A konpainiarena), berriz, ongarri nitrogenatuak zamatzeko. XIX. mendeko eta XX. mendearen erdialdeko industria-ondarearen harribitxiak dira, itsasadarrari benetako koloso industrial gisa begiratzen dioten altxorrak.

  • Babestutako multzorik garrantzitsuena Orkonerako antzinako mea-zamalekuek osatzen dute, eta haietako bat oso kontserbazio-egoera onean dago. Uraren gainean eraikitako egurrezko zamaleku zaharrenaz ari gara (1877an altxatu zuten). Are gehiago, mundu osoan zutik jarraitzen duten egurrezko bi zamalekuetako bat da; bestea Dunston-en dago, Gateshead-en, Ingalaterran.

  • Konpainia franko belgikarraren ontziralekuak 1886koak dira, eta hiru ziren. Trenez garraiatutako burdina deskargatzen zuten bertan, konpainiak trenbide bat baitzeukan Ortuellako Cadegal geltokiaren eta Barakaldoko Reketa auzoaren artean, Lutxana auzoaren ondoan. Gaur arte iraun duen zamalekua hirugarrena da, goitik behera berregin zutelako aspaldiko erara.

  • Sefanitro - Sociedad Española de Fabricaciones Nitrogenadas SA konpainiaren zamalekuak hormigoizko egitura dauka, eta enpresak Lutxanan zeukan atrakalekuarekin komunikatzen zuen industria-esparrua. Aurreko mendearen 40ko hamarkadan eraiki zuten, Lutxana Mining meatze-konpainiaren antzinako zamalekuaren hondakinen gainean, zeinari El Regatoko trenbidea ere esaten baitzitzaion. Trenbidea 1872an inauguratu zuten, eta Barakaldoko El Regato auzotik Lutxanako zamalekuraino garraiatzen zuen mea. 1928an, konpainiak behea jo zuen, eta Bizkaiko Labe Garaiek erosi zuten. Hala, Labe Garaiek Gerra Zibila amaitu arte ustiatu zuten trenbidea (gero, Sefanitro eratu zen).