Desertu-Barakaldoko tren-geltokiaren historia

Charles Vignoles ingeniariak proiektatu zuen Bilbo-Barakaldo-Portugalete-Santurtzi linea, 1858an, Bilbo-Tutera trenbidearen luzapen modura, Abrarekin lotura egiteko, non kanpo-portu handi bat eraikitzeko asmoa baitzegoen.

Historia apur bat

  • Charles Vignoles ingeniariak proiektatu zuen Bilbo-Barakaldo-Portugalete-Santurtzi linea, 1858an, Bilbo-Tutera trenbidearen luzapen modura, Abrarekin lotura egiteko, non kanpo-portu handi bat eraikitzeko asmoa baitzegoen. Arazo ekonomikoak eta Gerra Karlista tarteko, egitasmoa aldi batez eten zuten, baina, 1884an, beste emakida bat egin zen, eta lanak hasi ziren, Pablo Alzola ingeniari eta enpresako bazkidearen zuzendaritzapean. Bilboren eta Portugaleteren arteko tartea 1888an inauguratu zuten, eta 1889ko abenduan ireki zuten behin betiko, Najako kaian (Bilboko Areatzako zubiaren ondoan) eraikitako geltokia inauguratu zutenean. Euskadin, garai hartako trenbide-sareko burdinbide gehienek bide metrikoaren (bide estuaren) alde egin zuten; Bilbo-Portugalete lineak, baina, sei oin gaztelauko zabalera aukeratu zuen, 1.672 milimetrokoa.

  • Jatorrizko lineatik geratzen diren elementu apurretako bat da Desertu-Barakaldoko geltokia, eta horregatik izendatu zuten monumentu 2008an.

  • Pablo Alzola ingeniari bilbotarrak sortu zuen, eta, gaur egun ere, jatorrizko diseinuaren elementu gehien-gehienak dauzka: bigarren mailako geltokia zenez (auzoetako geltokiak dira bigarren mailakoak, hirigune nagusietan ez daudenak), gorputz nagusi bat dauka, bi isurialdedun estalkiarekin errematatuta, altuera txikiagoko bi albo-hegalen artean.

  • Linea honek lau helburu zituen: bidaiariak garraiatzeko tren metropolitar bat eskaintzea, Abrara eta kanpo-portura iristea, Bizkaiko Foru Aldundiaren trenbidearekin (eskuarki, Trianoko trenbidea esaten zioten) lotzea eta XIX. mendearen amaieran eta XX. mendearen hasieran Nerbioi ibaiaren ezkerraldean sortu ziren industria guztiei zerbitzu ematea. Horrenbestez, trenbide-linea historiko hau giltzarria izan zen Bizkaiko garapen sozial eta industrialean, ezkerraldea eta kanpo-portua garatzeko ardatza.

  • Linea honen hastapenetan, bidaiarien trafikoak garrantzi handia zuen, eta horren erakusgarri da geltoki ugarirekin diseinatu izana, nasak bagoien altuerara jarri izana (Estatuan lehen aldiz), nasen ezaugarriak eta egunean hamazortzi orduz 100 tren baino gehiago ibili izana. Nolabait, aurre egin behar zitzaion Bilbotik Santurtzira iristen zen tranbiarekiko lehiari (tranbiaren ibilbidea trenbidearekin paralelo zihoan, eta Espainian elektrifikatutako lehena izan zen (1898)).

  • Salgaien trafikoa, beraz, bidaiariena baino txikiagoa izan zen 1896ra arte, urte hartan egin baitzen Bilbo-Tutera linearekiko behin betiko lotura, Cantalojasetik Olabeagarako adarraren bidez. Ordutik aurrera, linea hau giltzarria izan zen Bizkaiko enpresarik garrantzitsuenetako batzuei trenen bidez arreta emateko; adibidez, honako hauei: Bizkaiko Labe Garaiak, Zorrotzako Lantegiak, Nerbioiko Ontziolak, Euskalduna eta La Naval.

  • 1926an, Santurtzirainoko tartea amaitu zuten azkenean, Portuko Lanen Batzordeak lagunduta. Dena dela, linea elektrifikatzeak ekarri zuen benetako hobekuntza, 1933ko abuztuaren 4an. Trakzio berriak trenen maiztasuna handitu zuen: lanegunetako puntako orduetan, 7 eta 15 minuturo zeuden trenak.