Lea ibaiaren bidearen historia

Lea ibaiaren industria-bidea Lea-Artibai eskualdean dago. Paisaia hori, 2015ean monumentu-multzo gisa babestua, gure Silicon Valley partikularra izan zen XVII. mendearen amaieran, eta ondare-balio handiko ondasun eta paisaia-espazioek osatzen dute; industriaurreko garaian garatu zen burdina-, errota- eta ontzi-jarduerari lotuta daude horiek.

Historia apur bat

  • Munitibarrera heltzean, bertatik oinez edo bizikletaz ibilaldi bikainean abiatzeko aukera daukagu, Bizkaiko paisaia industrial ederrenetako batetik: 23 kilometroko bidexka Lea ibaiaren ertzetik Lekeitioko bokaleraino. Ibilbide horretan, ibai-ertzean, aukera ezin hobea izango duzu historiaz betetako inguru lasai eta ezezagunak aurkitu eta horietaz gozatzeko.

  • Leia ibaia laburra baina bizia da. Munitibarreko Oiz mendigunearen iparraldeko isurialdean sortzen da, beste muturreko Aulesti, Gizaburuaga eta Amoroto udalerriak zeharkatzen ditu, eta Mendexa eta Lekeitioren artean itsasoratzen da. Erromatarren garaitik aurrera inguruak izandako jarduera aberatsen berriak eta aztarna arkeologikoak aurkitzeko aukera izango duzun arren, XVI. eta XVIII. mendeak eskualdeko aberatsenak eta goieneko aldia izan ziren.

    Ingeniari hidraulikoak, burdinoletako ekoizpena, ontziolak eta eremuko arrantza Europako abangoardia izan ziren. Gure Silicon Valley berezia izan zen. Pedro Bernardo Villarreal de Bérriz industria-gizon eta ingeniari ilustratuak Tratado de Máquinas Hidráulicas de Molinos y Herrerías liburua argitaratu zuen; bertan, zientzia- eta ingeniaritza-arloetako teknika eta aurrerapen berriak garatu zituen eta, haiei esker, biztanleen bizi-baldintzak izugarri hobetu ziren.

  • Lea ibaiko paisaia industrialak inguruko natura eta hainbat instalazio hidraulikoren arrastoak uztartzen ditu. Oraindik ere ibilbide osoan zehar mantentzen dira eta ibilaldi eroso eta lasaian gozatzeko aukera daukazu. Paisaia-balio handiko ingurune naturalean gure ondare industrialaren elementu interesgarriak ezagutzera emateko ibilbide bikaina da.

  • XIV. eta XV. mendeetatik aurrera, ohiko ale errotez gain, mineralarekin burdina lortzeko burdinola berritzaileak ezarri ziren ibilgu horretan, uraren indarrak hauspoak eta mailuak mugi zitzan. Ibaiko ura instalazioetara bideratzeko, presa txiki eta handi ugari eraiki ziren eta, gehienak mantendu direnez, Villarreal de Bérrizek ezarritako aurrerapen teknologikoen adierazgarri dira.

    Zenbait adibide nabarmenak dira, hala nola grabitate-presa zuzenak eta arku motakoak. Horiei esker, materialen diseinuan eta optimizazioan egondako garapena eta ekoizpenaren hobekuntza ikusten dira.

  • Azpiegitura horiez gain, Lea ibaiaren Kantauri itsasoko bokalean, Marierrota marea-errota ikustea merezi du. Itsasoko urarekin dabilen errota da, ibaietako erroten antzera. Baina, berezitasun gisa, harlangaitzezko dike handi bat eta presa bat zeuzkan, itsasgoran urez bete eta itsasbeheran hustu egiten zen, eta, hala, errota abian jartzen zen. Errota zaharra berreskuratu egin dute eta, orain, errota ezagutzeko zentroa dago barruan. Udako asteburuetan, bisitarientzat ateak zabalik dauzka.

  • Bestalde, Lea ibaiaren amaieran erriberako ontziola oso interesgarriak daude, hala nola Mendieta, Eguiguren eta Achurra. Ibaiaren estuarioan, Isuntza hondartzaren eta San Nikolas uhartearen artean, Lazunarri malekoiaren zati bat mantentzen da. XVIII. mendean azpiegitura hidraulikoa eraiki zuten ibaiaren bokalea bideratzeko eta ibaiaren emari gogorrarekin area mugitzean barra sortzea saihesteko, ontziak ibaian gora joatea ekiditen eta arrantza-portura sartzea eragozten baitzuen.

  • Ontziolak Lea ibaiaren bi ertzetan zeuden, erriberetako hareatzetan, plataforma artifizialen gainean. Azpiegitura tradizional horiek ez dute gune itxirik, erabilera anitzeko lekuak dira eta honako elementu hauek dituzte: harlangaitzezko plataforma, muntaia-harmailaren oinarria gisa; eraikitzen ari diren ontziko gila oinarritzeko erabiltzen ziren bikezkatutako langetak jartzeko harmaila; ontzira igotzeko eta jaisteko egurrezko pasarelak; hormatarte bat edo gehiagoko nabeak, non hormek eta egurrezko zutoiek eusten zioten ageriko egurrezko zertxekin egindako estalkiari; teilazko edo xaflazko isuri bikoitzeko estalkia; lurrezko zoruak, eta sarbideak.

    Ontziolek, batik bat pribatuak, arrantzarako eta kostaldean mugitzeko ontziak eraikitzen zituzten, hala nola patatxak, pinazak eta mineral-ontziak. XIX. mendearen amaierako eta XX. mendearen hasierako eraikinak dira. Dena den, Lea ibaian aurretik ere ontziolak zeudela badakigu.

  • Lea ibaiko industria-bideko lekurik garrantzitsuenak honako hauek dira:

    BENGOLA burdinola - energia naturala, energia berriztagarrien inguruko interpretazio-zentroa (Munitibar)

    Interpretazio-zentro horretan ikusiko duzu metalurgian energia hidraulikoaren erabileraren orain arteko Euskadiko aztarnarik zaharrena. Zehazki, burdinolaren antzinako bi faseren arrastoak dira. Lehenengoa gutxi gorabehera XIII. mendearen amaierakoa da: burdina erreduzitzeko labe baten hondoa eta mailu txiki (gabi) baten instalazioaren oinarria. Hurrengo fasean, XV. mendearen amaieran edo XVI. mendearen hasieran, antzinako burdinolaren ondoan beste bat jarri zen, eta horren mailuaren eta labearen arrastoak aurkitu ziren. Gaur egun, multzo hori museo bihurtu da eta arrastoak bisitatu daitezke. Interpretazio-zentro horretan, energia berriztagarrien parkeaz ere gozatu ahal izango duzu. Espazio didaktiko bat da eta bertan energia natural eta berriztagarri nagusien (energia eolikoa, eguzki-energia, energia geotermikoa, energia hidraulikoa…) ezaugarriak azaltzen dira.

  • BENGOLEA burdinola (Gizaburuaga)

    Zalantzarik gabe, Bizkaiko burdinolarik garrantzitsuenetarikoa eta, XVIII. mendeko lehenengo hamarkadetan, munduko garrantzitsuenetarikoa izan zen. Gizaburuagako Okamika auzoan kokatuta, instalazio hidrauliko konplexua da. Burdinola bikoitza da eta honako elementu hauek ditu: ikaztegi oso handia, zaina eta totxoa biltzeko zenbait gune, gordelekuak, hiru irin-errota, urtegi bat eta bi begiko zubi bat. Zutabe bakarrak estalki osoari eusten zion. Euskadiko burdinola konplexuenetarikoa da, baina gaur egun bertan behera dago. XVIII. mendearen hasieran, leku horren jabeak, Pedro Bernardo Villarreal de Berrizek, instalazio gehienak berritu zituen. Bengolea presa berezia da, horma-bular (prisma) bakarra baitauka erdian, inguruko urtegiek ez bezala.

  • MARIERROTA marea-errota (Mendexa)

    Marierrota Leako bidexkaren amaieran kokatutako marea-errota da, zehazki, Isuntza eta Karraspio hondartzen arteko ibaiaren bokalean dago eta mareen zikloa erabiltzen du ur-jauzia sortzeko eta errotarria mugitzeko. 1555ean eraiki zuten, lehorte-garaietan ibaietako erroten ordez erabiltzeko, eta oraindik ere harlangaitzezko dikea mantentzen da. Horrekin ur-baltsa sortzen zen eta, itsasbehera hastean, ehotzeko makinak abian jartzen ziren. Errotaren eraikina 1980ko hamarkadan eraitsi zen, gero berreraiki zen eta, gaur egun, bioaniztasunaren interpretazio-zentro bat dauka. Bertan, Marierrotan bost mende baino gehiagotan egindako jarduera eta padura deskubritu ahal izango dituzu.