Zorrotzaurreko historia: Deustuko kanala eta erribera
2018an, azkenik, Zorrotzaurre izeneko eremua irla bihurtu zen, erabilera berrietara zuzendutako hirigintza-berroneratzean ipinita begiak, harribitxi industrial batzuk berrerabiliz izaera industrialari eusteko asmoz.
Historia apur bat
-
Donostiak bere irla daukan bezalaxe, Santa Klara irla, Bilbok ere bereak izan ditu: San Kristobalekoa Peña auzoan eta Uribitartekoa. Hamarkadak dira biak desagertu zirela; halere, Bilbok uko egin zion irlarik gabe geratzeari, eta, azkenean, Deustuko Erriberan lortu du, eskuarki Zorrotzaurre esaten zaion tokian.
-
Bizitegi- nahiz merkataritza-erabileretarako lurzorua behar zenez, Deustuko eta Begoñako elizateak desagertu ziren 1925eko urtarrilaren 1ean, eta Bilbora lotu ziren biak. Deustuko behealdea, erribera, industria-jarduerako eremua izan da historian; izan ere, Erdi Arotik izan dira bertan ontziolak eta itsasoko nahiz portuko bestelako jarduerak.
-
Aurreko mendearen 20ko hamarkadan, itsasadarrari beste trazadura bat ematea pentsatu zuten serio, bai ontzientzat arriskutsua bezain zaila zelako Elorrietatik, Zorrotzatik eta Olabeagatik igarotzea, bai Areatzarainoko bidea oztopoz gabetu nahi zutelako. 1929an, Bilbo hiribildua Begoña, Deustu eta Erandioren zati bat beretuz hedatzeko proiektua sinatu zuten Segurola eta Odriozola arkitektoek, eta, dokumentu horretan jada, Deustuko Eriberan kanal bat irekitzea planteatu zen, hiru bihurguneak saihesteko.
-
Gerra Zibila tarteko, proiektua hamarkada batez baino gehiagoz atzeratu zen, eta lanak 1950ean hasi ziren. Ia-ia bost kilometro kai egiteko, lanak 1968ra arte luzatu ziren. 18 urtez lanean aritu ostean, lanak eten behar izan zituzten; batetik, lursaila egoera txarrean zegoelako, eta, bestetik, ingeniariak ez zirelako gai izan lurzoru bigun-bigun haietan irtenbideak planteatzeko. Hortaz, trazadura itsasadarretik 400 metro ingurura amaitu behar izan zuten, Euskalduna ontziolaren ondoan. Deustu, beraz, erdibituta geratu zen, baina ez guztiz.
-
Kanala azkendu ez bazuten ere, eraikitako badia nahikoa izan zen merkataritza-trafiko gorakorrari erantzutea lortzeko. 70eko hamarkadaren erdialdean, kanalaren ezkerraldera eraman zuten gordetegi frankoa (gaur, ezagutezin dago). Uribitarteko kaietatik iritsi zen, gaur Isozaki dorreek hartzen duten tokitik. 2002an, beste mudantza batean, portuko zerbitzuak kanala utzi zuen, Santurtzira jaisteko; gaur, hortxe dago. Kanaleko estertoreak ziren. Portuko jarduera Santurtziko eta Zierbenako instalazio berrietan zegoen finkatuta jada, eta salgaien trafikoa oso urria zen. Portu Agintaritzak 2006an itxi zuen dartsena.
-
Horrenbestez, Deustuko kanala, izen hori eduki arren, ez zen inoiz kanala izan. Badia artifizial bat eraikitzea izan zen helburua, eta, berez, eraikitzen hasi ziren, itsas pasealeku bete-betea izan zedin, baina amaitzeko 400 metro falta zirela eten zen guztia, lana azkentzea eragotzi zuen lursail lohitsu batekin egin baitzuten topo. 2018an, azkenik, Zorrotzaurre industriala irla bihurtu zen, erabilera berrietara zuzendutako hirigintza-berroneratzean ipinita begiak, harribitxi industrial batzuk berrerabiliz izaera industrialari eusteko asmoz.