Itsasadarraren historia, Bizkaiko bizkarrezurra
Itsasadarra Bilboko kale nagusia izan zen, eraikin nagusien zola: Arriaga antzokia, udaletxea, Deustuko Unibertsitatea...
Historia apur bat
-
Nerbioi-Ibaizabal itsasadarraren ingurunea Europako industrialde handienetako bat izan da, erabakigarria Bizkaiko –zehazki– eta Euskadiko –oro har– gizartearen oraingo nortasun-zeinuak eratzeko orduan. Itsasadarraren gutxi gorabehera hamabost kilometroek bere garaian izandako indarrak, lanak eta energiak balio berezia dute, iragan gogor baina aldi berean epiko baten lekukoa direlako.
-
Bi ibaiertzetan hedatzen den industria-ondarea, beraz, Meatzaldekoarekin eta Enkarterrikoarekin batera, garai batean industria- eta meatze-jarduera biziko paisaia izan zenaren testigu mutua da. Zutik dauden antzinako meategiek, fabrikek, makineriak, trenbideek, ontziralekuek, dikeek edo zamalekuek balio historiko, kultural, teknologiko, sozial eta zientifiko handia dute, baita potentzial turistikoa ere.
-
Itsasadarra guztiz nabigagarri egitea izan zen Bizkaian XIX. mendearen azken laurdenean egindako ekintzarik berealdikoena. Burdina-mineralaren esportazioak sortutako premiek halabeharrez ekarri zuten itsasadarra bideratzea, ibilgua dragatzea eta itsasadarraren sarreran eratzen zen hareazko barra arriskutsua kentzea (Portugaleteko burdinazko kaiari esker deuseztatu zuten).
-
Bizkaiko Labe Garaien 1. labe garaia (Sestao), Ilgner pabiloia (Barakaldo) edo Bizkaia zubia (UNESCOk munduko ondare izendatu zuen) ezin daitezke ulertu, burdinoletan egindako lana (El Pobalekoan, adibidez) edo Zugaztietako meategiko nahiz Bodovalleko meatze-hobiko meatzarien lana aintzat hartu gabe (gaur egun, Euskal Herriko Meatzaritzaren Museoa dago Bodovalleko meatze-hobian).
-
Halaber, itsasadarreko industria-garapena ezin daiteke azaldu, Getxoko luxuzko etxeetan bizi zen burgesia industrialaren partaidetza aipatu gabe, ezta ezkerralde osoko langileentzako etxebizitza-taldeetan finkatu ziren milaka langile eta familia kontuan hartu gabe ere.
-
Eta, jakina, ezin dezakegu ontzigintza bazter utzi, Euskalduna eta La Naval enpresak buru zirela Bizkaiko kale nagusi eta bizkarrezur bihurtu baitzuen itsasadarra, produktuen eta lehengaien merkataritzarekin. ItsasMuseum Bilbao museoaren inguruetan, bada, ontzigintza haren ondare aberatsa gorde da.
-
Elementu horiek guztiek eratu dute Bizkaiko paisaia paregabe hau, etorkizuneko belaunaldiei eta gure historia ezagutu nahi duten bisitariei gorde, azaldu eta hedatu behar zaien paisaia bikain hau.