Euskalduna ontziolaren historia - Itsasmuseum

Itsasmuseum museoan, Nerbioi-Ibaizabal itsasadarraren iragana topatuko duzu, ontzigintza eta portuak oinarri dituen iragana, itsasoak Bizkaian Izandako garrantzia gogorarazten duen portu-paisaia batean.

Historia apur bat

  • 1900eko martxoaren 27an, ontzigintzaren sektoreko enpresa handienetako baten eraketa-akta sinatu zuten Bizkaian: Ontziak Eraiki eta Konpontzeko Euskalduna Konpainiarena, hain zuzen ere. Ontzien eraikuntzan tradizio luzea zuen zonalde batean kokatu zuten enpresa, Olabeagatik hurbil. Hastapenetara iristeko, halere, atzera egin behar dugu, 1868ra, Dike Lehorrak konpainia sortu zuten urtera, Euskalduna sortu berriak konpainia haren instalazioak erosi baitzituen XX. mendearen hasieran.

  • Euskaldunak 90 urte iraun zituen bizirik, eta, urte haietan, Bilboko itsasadarreko industria-instalazio handienetako bat izatera iritsi zen: Olabeagako nasetatik Deustuko zubiaren inguruetarainoko lursaila hartzen zuen. Denbora batera, eraldaketa-prozesu bizi baten xede izan zen zonaldea, eta, 1990eko hamarkadaren erdialdean, Bilborako benetan garrantzitsua izan zen hirigintza-plan batekin amaitu zen prozesua: iragan industrialaren itxura goitik behera aldatzea zen asmoa.

  • Gaur egun, ontzigintza-esparru osoaren zati batzuk baino ez dira kontserbatzen; adibidez, Bihotz Sakratuaren plazako bulegoen eraikina, Ponpen Etxola izandakoaren hondakinak, makineria eta guzti, Itsasmuseum Bilbao museoan sartuta, eta ibaiertzeko aroztegi bat, Olabeagako nasan, ostalaritza-establezimendu bihurtuta. Instalazio handietatik eta elementu teknologikoetatik, museoaren barruan baita ere, 150 urte baino gehiagoko dikeak, ixteko kasetoia, Ponpen Etxea eta Carola garabia geratu zaizkigu, ontzigintzak tokian izandako indarraren lekuko. Dikeetan, museoko ontzien bilduma ikusgai dago; bertan, Portu gangila ikus dezakegu, Bizkaiko Labe Garaietarako eraikitako lehenengo ontzia. Bestalde, Carola garabi bereziak balioa ematen dio industria-ondareari, “Carolaren arima” argi- eta soinu-proiektu artistikoaren bidez.

  • Carola garabia sekulako mugarri teknologikoa izan zen 1950eko hamarkadan, Estatuan eraikitako potentzia handiko lehenengo garabia izan baitzen. Carola garabia 1954an instalatu zuten, 1. harmailaren burualdean (gaur, desagertuta dago), lantegietan kroskorako edo makineriarako egindako elementuak altxatu, mugitu edo iraultzeko eta itsasontzian ipintzeko. 60 metroko garaierarekin ia, Erandioko Tailerrak enpresak eraiki zuen garabia, eta Elorriaga Industrial enpresak fabrikatu zuen Lancor motor elektrikoa, aldameneko Zorrotzaurre penintsulan.

  • Museoaren barruko erakusketak ibilbidea egiten du bertako itsas historian barrena, Bilboko itsasadarretik abiatuta –ardatz gisara– Bizkaiko golkoraino, merkataritzaren, meatzaritzaren, industria-garapenaren, altzairuzko ontzigintzaren, kirolaren, aisialdiaren, ingurumen-leheneratzearen eta Port Center eremuaren bidez. Bisita amaitzeko, ERAIN proiektua ezin hobea da: Bizkaian XX. mendean nagusitu ziren erriberako aroztegien lanbidea berreskuratu du, erakusketa baten, ontzietan mantentze-lanak egin eta ontziak zaharberritzeko lantegi baten eta dikeen beraien bitartez.