Erriberako Merkatuaren historia

Bilboko merkataritza-gune historikoa XV. mendetik.

Historia apur bat

  • Bizkaiko hiriburuko Alde Zaharrean, merkataritza-tradizio luzeko toki batean dago kokatuta eraikin handi hau, elikagaien salerosketara bideratu baita XV. mendetik gutxienez. Are, 1300eko hiri-gutunean (hiribilduaren sorrera-agirian) jada, Bilbon astean behin azoka egiteko baimena ematen da. Gaur egungo Erriberako merkatua dagoen tokian, hiribilduko lehenengo plaza egon zen aspaldi. Beraz, hiriaren jatorrietara garamatzan leku bat da, Bilboren ezkutuan ageri diren San Anton zubi zaharrak eta elizak osatzen zutena. Lehen, baina, bestelako itxura zuen eremuak: duela mende pasatxo arte, eremua itxita zegoen, udaletxeak itxitura moduko bat eratzen zuelako. Bestetik, hiri historikoaren urertzeko fatxadak eta itsasadarrak berak mugatzen zuten eremua, eta, hiriaren hastapenetatik gaur arte, merkatua eta plaza izan da aldi berean.

  • 1882an, trena iritsi zen Atxuriko geltokira, eta San Anton zubi zaharra eraitsi zuten, berria elizaren goiko uretan altxatu ondoren. Urte hartan bertan, hainbat urtez toldoekin eta egurrezko eraikuntza arinekin muntatutako postu iragankorrek burdinazko eta beirazko merkatu bati eman zioten lekukoa. Handik urte gutxi batzuetara, 1895ean, udaletxea eraitsi zuten, eta, ondorioz, plaza publiko irekia izateari utzi zion tokiak.

  • Burdinazko eta kristalezko merkatuak, ordea, sekulako hutsuneak zeuzkan 1920rako, eta, beraz, Bilboko Udalak beste bat eraikitzea pentsatu zuen. 1925etik aurrera, askotariko proposamenak egin ziren, eta, azkenean, Pedro Ispizua Susunaga udal-arkitektoari agindu zioten merkatu berriaren proiektua egitea. Hala, eraikina 1929aren abuztuaren 22an inauguratu zuten, Aste Nagusi bete-betean, Miguel Primo de Rivera jeneralaren eskutik. Egitura izugarri hark 134 metroko luzera eta bi solairu zituen, eta jangaien salmentara zegoen zuzenduta oso-osorik: beheko solairuan, haragiak eta arrainak saltzen ziren (aldaketak egin zituztenean, erdisotoak arrainak hartu zituen), eta, goiko solairuan, gainerako salgaiak eros zitezkeen (hala nola, barazkiak, frutak, garauak eta eratorriak (ogia, esnea...)). Erriberako merkatuak erabateko lege-babesa dauka.

  • 1983ko uholdeetan, eraikinak kalte ugari jasan zituen, eta Bilboko Udalaren Arkitektura Zerbitzuek birgaitu zuten. XXI. mendearen etorrerak merkatua birmoldatu eta modernizatzeko prozesua ekarri zuen berekin: gaur, jatetxeekin eta erakusketa-guneekin konbinatzen da produktuen salmenta. Erriberako merkatuak erabateko lege-babesa dauka 2010eko urritik.