Egur Konpainiaren historia

Itsasadarrean Abandoibarrarantz eginez gero, gaur egun Bilbo Bizkaiko eta Euskadi osoko ikurra den txokora iritsiko gara, Guggenheim Bilbao museora, alegia. 
Duela hamarkada batzuk, ordea, Bilboko itsasadarra zuinkatzen zuten zerrategi garrantzitsu eta ederrenetako bat zegoen hortxe bertan: Egurren Konpainia.

Historia apur bat

  • Egur-kontsumoa zeharo lotuta egon da Bizkaiko ekonomia ardaztu duten bi industria-jarduera nagusietara: burdingintzara eta ontzigintzara. XV. mendean jada, haritza erabiltzen zuten bai burdinolak elikatuko zituen ikatz begetala ekoizteko, bai Olabeagan, Deustuko Erriberan, Zorrotza lurmuturrean edo Portugaleten eraikitzen zituzten ontzien pieza handi eta okerrak egiteko. Baina ez zuten haritza bakarrik erabiltzen: ibaiertzeko zurginek eskuarki erabiltzen zituzten pagoa (arraunetarako), zumarra eta lizarra (zuakerretarako) eta intxaurrondoa (aparailu batzuetarako).

  • Bizkaian, nahiko erraza zen egurra lortzea, lurraldeak sekulako baso zabalak zituelako mende haietan. XIX. mendean, alabaina, egur-erreserbak desagertzen hasi ziren, industria-iraultzak berekin ekarritako eskari eskergarengatik. Biztanleria asko hazi zen, eta horrek Bilbo hiriaren mugak zabaldu zituen. Bilboko zabalguneak, baina baita itsasadarreko udalerri industrialek, Meatzaldeak eta Getxoko bizitoki-eremuek ere, gorabidean zen etxebizitza-eskari ikaragarriari erantzute aldera, inoizko hiri-hazkunderik handiena bizi izan zuten, eta, etxebizitzen eraikuntzan hormigoia orokortu zen arte (hau da, XX. mendearen 30eko hamarkadara arte, gutxi gorabehera), egurra ezinbestekoa zen. Egurra behar zen egituretarako eta kofratuetarako; egurra, lurzoru, leiho eta ateetarako; egurra, altzarietarako. Etxeak, gainera, berotu egin behar ziren, eta ikatz begetala edo sutako egurra erabiltzen zuten horretarako.

  • Hiri- eta industria-hazkundeak, baina, erabilera ugaritarako behar zuen egurra: pinuzko zutoinak linea elektrikoetarako eta telegrafo- edo telefono-lineetarako. Egurra, baita ere, itsasadarra tablaestakekin eta kofratuekin bideratzeko. Itsasadarreko mea-zamalekuak, jatorriz, egurrezkoak ziren, baita minerala garraiatzeko bagoiak edota garai hartako lehorreko garraio-sistema hedatu zuten trenbideetako zeharrorma ugariak, bagoiak, gurdiak eta orgak ere. Eta zer esan paper-fabrikei buruz, edo fabriketako produktuak (pieza metalurgikoak, armak, kontserbak, ardoa, arrain edo haragi gazituak eta abar) ontziratzeko behar zen egurrari buruz.

  • XVIII. mendean jada, Bizkaiko erriberako zurginek iparraldeko herrialdeetatik (hala nola, Suediatik, Norvegiatik edo Danimarkatik) inportatzen zuten egurra. Geroago, XIX. mendearen erdialdetik aurrera batez ere, enpresa norvegiarrek presentzia handia lortu zuten, eta, neurri handi batean, egurraren inportazio orokorra kontrolatzen hasi ziren; egurrarekin batera, gainera, bakailaoa ere saltzen zuten. Boom hark zerrategi asko ekarri zituen Bilbora, eta haietako batzuek lurruna zuten indar eragilea.

  • Bilboko itsasadarra zuinkatzen zuten zerrategi garrantzitsuenak norvegiarrak ziren. Guztietatik, Egurren Konpainiak iraun zuen gehien, baina, gaur egun, Guggenheim museoa dago toki horretan. Legez, 1884an eratu zuten konpainia, baina, egiazki, Sorensen Yakhelln & Cía etxe espainiarraren jarraipena zen, zeina jardunean baitzegoen 1874rako. 1908an, konpainiak Gregorio Ibarretxeri agindu zion instalazio berriak Salben eraikitzeko.

  • Ibarretxe tokiko arkitekto bat zen, eta industria-instalazio bati apaingarriak eta estiloen diskurtsoa aplikatzera ausartu zen lehenengotarikoa izan zen; hala, bat egin zuen Europako adiskide askoren esperientziarekin, eta ederki asko saihestu zuen ordura arte euskal industria astuna janzten zuen feismo erabilgarria.