Bilboko zubien historia

Nerbioi-Ibaizabal itsasadarra ezin daiteke ulertu zubirik gabe.
Gaur, 14 zubik gurutzatzen dute itsasadarra, eta, datozen urteetan, beste hiru irekiko dira.

Historia apur bat

  • Nerbioi-Ibaizabal itsasadarra ezin daiteke ulertu zubirik gabe. Bizkaiko hiriburuko ezkutuak berak zerbaitengatik darama sortzetiko zubia inskribatuta; hots, San Anton zubia ageri da ezkutuan, mende askoan Bilboko itsasadarraren bi ertzak lotu zituen gune bakarra. Hala ere, ezkutuan ageri dena antzinako zubia da, XV. mendekoa. Oraingoa 1938an inauguratu zuten.

  • Bilboren ingurunean, beti hitz egiten da “ezkerraldeaz” eta “eskuinaldeaz” metropoliko herritarren jatorria edo harrotasuna sailkatzeko, eta, bi ertzak elkarlotzeko, txalupak (gero, gasolinoak) eta zubiak ezinbestekoak izan dira, eta dira.

  • Itsasadarreko zubien historiak, halere, ez die zailtasunei iskin egin: batetik, itsasoko eta portuko trafikoari enbarazurik ez egiteko premiaren eraginez, oso gutxi izan ziren luzaroan, hainbat mendez, eta, bestetik, eraikitzen ziren zubiek baldintza bat bete behar zuten beti, mugikorrak izan behar baitzuten, irekitzeko modukoak, ibaiko trafikoa ez oztopatzeko. Gaur egun, 14 zubik gurutzatzen dute itsasadarra, baina San Inazio eta Zorrotzaurre lotuko dituena inauguratuko dute laster, eta Barakaldotik Erandiora joateko oinezkoen pasabidea eraikitzen hasiko dira hemendik gutxira, baita Olabeagatik Zorrotzaurrera joateko tranbia eramango duena ere.

    Zaila da bakar batekin geratzea. Nolanahi ere, ondarearen ikuspegitik, honako hauek dira garrantzitsuenak:

  • San Anton zubitik ur behera eginez, Erriberako pasabidea dago, 1938koa, nahiz eta aurretik beste zubi batzuk egon ziren. Agian, 1827tik 1852ra bitartean egon zena da ezagunena: burdinazko kate batzuetatik zintzilikatutako zubi bat zen, abesti herrikoiak aipatzen duen zubi eseki zaharra (eta ez Portugalete-Getxokoa): «No hay en el mundo, puente colgante, más elegante, que el de Bilbao, porque lo han hecho, los bilbainitos, que son muy finos, y muy salaos».

  • Areatzako zubia ere estrategikoa izan da historian. Ez alferrik, hortxe kokatu zen Bilbo hiribildu historikoa eta “Bilbo berria” (zabalgunea) komunikatu zituen lehenengo zubia. Lehendabiziko zubi hori 1845ean inauguratu zuten, Isabel II.a izenarekin. Burdinurtuzkoa zen, eta Boluetako Santa Ana fabrika hurbilean egin zuten; Estatu osoan, metalez egindako lehenengoa izan zen. Gezurra dirudien arren, zubi haren arkuetako bat gaurdaino iritsi da, eta Udondo eta Gobela ibaien bokaleko zubi batean dago jarrita, Leioan. Udondoko zubia esaten zaio.

  • Udaletxeko zubia 1934an inauguratu zuten, eta, Gerra Zibilean suntsitu ondoren, Ignacio Rotaetxe eta José Ortiz de Artiñano ingeniariei enkargatu zitzaien oraingo zubia eraikitzea; 1939an inauguratu zuten. 1969an, kulunkaria izateari utzi zion, eta behin betiko zigilatu zuten, ez zedin ireki.

    Aspaldi, burdinazko pasabide bat zegoen zubi horren ondoan; dagoeneko ez dago, baina oraingo zubitik metro eskasera zegoen. Pasabidea pribatua zen, eta bidesaria kobratzen zuten bertatik igarotzearren. “Burdinazko pasabide birakaria” zuen izena, baina «Perrochico» izenaz zen ezaguna, bidesaria bost zentimokoa zelako eta eskuarki halaxe esaten ziotelako txanpon horri.

  • Salbeko zubia, Juan Batanero ingeniariaren lana, 1972an inauguratu zuten. Tiranteekin eraikitako lehenengoa izan zen Estatuan, eta burdinazko estalkia duten urrietako bat da. Tiranteak bi mastatan daude iltzatuta: 60 metroko altuera dute, eta 270 metroko estalkiari eusten diote. Itsasontziak zubi parera iristen zirenean, marinelek Begoñako basilika ikusten zuten lehen aldiz, oso toki enblematiko eta maitea hiribilduan, eta, orduan, salbea abesten zioten Begoñako Andra Mariari.

  • Deustuko zubia Ignacio Rotaetxe eta José Ortiz de Artiñano ingeniarien lana izan zen, eta Ricardo Bastida udal-arkitektoak gainbegiratu zuen; bada, kulunkaria izateko diseinatu zuten, ibaiko trafikoari bidea jar ziezaion. Eraikuntza-lanak 1936an amaitu ziren, baina Gerra Zibilean bertan suntsitu zuten. Berriro eraiki zuten, eta 1939an inauguratu. Biaduktuak kontuan hartuta, 500 metroko luzera dauka, eta 2008an birgaitu zuten, nahiz eta ez duten berriro ireki. Txurruka kaitik irits gaitezke zubira, igogailuz nahiz eskaileretatik; beste ertzetik, berriz, Botikazarreko Erriberatik, eskailerak erabil ditzakegu.