Bilboko tren geltokiaren historia

XX. mendearen hasierako Bilbon, bidaiariek zazpi geltoki zeuzkaten aukeran, treneko bidaia hasi edo amaitzeko. 
Iberiar penintsulan, beste hiri batek ere ez du kopuru hori gainditu.

Historia apur bat

  • Bilbo eta Bizkaia ezin daitezke ulertu, industria- eta meatze-jarduerak aintzat hartu gabe. Eta, jarduerok garatu ahal izateko, ezinbestekoak izan ziren hala itsasadarra, nola trenbideak: trenbideei esker, mundu osotik mundu osora ekarri eta eraman ziren lehengaiak, produktu bukatuak eta lur honetan industria iraultzen lagundu zuten milaka pertsona.

  • XX. mendearen hasierako Bilbon, bidaiariek zazpi geltoki zeuzkaten aukeran, treneko bidaia hasi edo amaitzeko. Iberiar penintsulan, beste hiri batek ere ez du kopuru hori gainditu. Beharbada, San Agustineko geltokia da ahaztuena, duela zenbait hamarkada desagertu baitzen. 1876an inauguratu zuten, udaletxearen atze-atzean. Areeta auzoa (Getxo) eta Bilbo komunikatzeko eraiki zuten terminal hori, pixkaka Areetara bizitzera zihoan burgesia handik hona eramateko. Kokapena, baina, ez zen egokiena izan, garai hartan hiribilduaren periferiatzat jotzen baitzen zonaldea. Beraz, odol- edo zaldi-tranbia lehiakideak ere hortxe zeudenez, zeinak San Nikolas elizaren atzealdera iristen baitziren, enpresaren jabe berriak Alde Zaharreraino eraman zuen geltokia; orduan, Bilbo-Aduana izenaz ezagutzen zen geltokia eraiki zuten (90eko hamarkadan eraitsi zuten).

  • Duela gutxi arte terminala izan den beste geltokia Atxurikoa da. Geltoki hori Ferrocarriles Vascongados konpainiaren sareko zati zen (gaur, Eusko Trenbideak da), eta monumentu izendatu zuten 2012an.

    1912an eraiki zuten, Manuel Mª Smith arkitektoaren planoekin; bada, euskal estiloko obra da, eta etxe-eguteradun dorre altua dauka. Multzoak, halaber, bolumen asimetrikoekin jolasten du, eta fatxaden akabera landatarrak oso arkitektura-pieza adierazkorra sortzen du. Gaur egun, dagoeneko ez du geltoki-erabilerarik, San Nikolas geltokira lekualdatu baitziren Euskotrenen linea guztiak; beraz, bere balio historiko, arkitektoniko, funtzional eta kulturalak errespetatuko dituzten erabilera berrien zain dago orain.

  • Konkordiako geltokia, Bailen kalearen amaieran, Santanderretik zetozen trenei harrera egiteko eraiki zuten. Linea 1896an jarri zuten martxan, baina mendez aldatutakoan ireki zuten terminala, 1902an. Urteen poderioz, eraikinak bere gain hartu zuen Leonetik eta, beraz, Enkarterritik zetozen bide estuko trenetako bidaiarien trafikoa.

  • Abandoko geltokia da, zalantzarik gabe, monumentalena. Tuteratik Bilborako linea artatzeko eraiki zuten lehena izan zen, 1862an. Oraingo geltokia 1941ean proiektatu zuen Alfonso Fungairiño Nebot arkitektoak, eta lanak 1948an amaitu ziren. Bidaiarientzako eraikin berria plaza Biribileraino aurreratu zen, eta fatxada nagusia Hurtado Amezaga kalearekin lerrokatuta dago. Eraikinari 192 m gaineratu zizkioten: nasen nabeko bobedadun markesinaz ari gara. Bada, Bizkaiko Labe Garaiek fabrikatu zuten, eta saretazko hamabi arku handik eusten diote –De Dion labanek–, hormigoizko dadoetan ainguratuta eta artikulatuta. Tren-geltokietan, soluzio hori oso ohikoa da, 1863an Londresko Saint Pancras geltoki zoragarria inauguratu zutenetik eta Parisko 1878ko Erakusketa Unibertsaleko Makinen Galerian arrakastaz erabili zenetik. Abandoko geltokia, hala, munduan tipologia horrekin eraikitako azken geltokietako bat bada ere, Bilbo garaikidearen nortasun-zeinu bihurtu zen, iraganeko tren-geltoki handien azken adierazgarria Euskadin.

  • Nasen nabeko bobedadun markesinaren burualdeko fatxada koloretako beirate batekin itxi zuten. Beirate horretan, erlojua eta ezkutua daude, trenen eta industriaren arloko edota eskualdeko motiboek inguratuta. Horrela, efektu artistiko bikaina lortu zen: hiribilduaren aurkezpen-gutun ederra, benetan, Abandora iristen diren bidaiarientzat. Gainera, argi iragazi berezia dago nasen barrualdean. Beirateak 15 metroko zabalera eta 10 metroko altuera dauzka, eta Miguel Pastor Veigak sortu zuen; lana, baina, Irungo Beiragile Artisten Batasunaren tailerreko Jesús Arrecubietak egin zuen. Bi fresko dauzka alboetan, Santos Iturriozek egindako zirriborroetan oinarrituak.

  • Najako geltokia, zeina Areatza zubiaren azpian baitago, eta Galtzadetako geltokia dira mendearen hasieran jardunean zeuden azken bi geltoki terminalak. Industrializazio handiaren garaian itsasadarraren ezkerraldetik mugitzen ziren milaka bidaiarientzat eraiki zuten lehenengoa. 1888an inauguratuta, bilbotarrek txoritegi edo kapera deitu zioten Najako geltokiari, Areatzako zubiaren ondoan molde modernista zuen eraikineko teilatuan gailentzen zen dorretxoarengatik. Pablo Alzolaren eraikinak kalte handiak jasan zituen Gerra Zibilean, zubia lehertu zutenean, eta 1937an eraitsi zuten; gero, geltokia lurpean eraiki zuten, eta zerbitzu eman zuen duela hamarkada pasatxo arte, Renferen trenen trazadura lurperatu izanak Abandoko geltokira eraman zituelako aldiriko trenak.

  • Azken terminala Mallonako galtzadetakoa da; 1895etik, zerbitzu eman zion Lezamarainoko trazadurari, eta arreta eman zien Derioko hilerriko premiei. Egin kontu, trenek hilkutxetarako bagoi bat ere bazuten-eta. Aurreko hamarkadan, Bizkaiko Arkeologia Museoak hartu zuen geltokiaren tokia, eta trenen inguruko aztarna oro desagertu zen, sarrera ederra eta oraindik ere ordua ematen digun erlojua kenduta.