Bilboko baldosaren historia

Bilbao eta Bizkaiko ikurra da, eta Bizkaiko Labe Garaietako burdina-txirbilekin eginda dago.

Historia apur bat

  • XX. mendearen hasieran, Josep Puig i Cadafalch arkitekto modernistak ‘panot de flor’ edo ‘Bartzelonako lorea’ asmatu zuen, erdialdean lau petalodun lore bat marraztuta daukan hiri-lauzaren diseinua, Amatller etxeko gurdi-patioa dekoratzeko. Puig i Cadafalch arkitektoaren ‘panot de flor’ hiri-lauza hain egin zen ezaguna, ezen konde-hiriko lurzorua estaltzeko hautatutako bost diseinuetako bat izan baitzen. Hala, lore ospetsua modernismoaren eta Bartzelonaren ikur nabarmenenetakoa bihurtu zen.

  • Datu zehatzik ez badugu ere, Bilboko Udalak “Bartzelonako lorearen” egokitzapen bat diseinatu zuen, antza, zementu hidraulikozko 20x20 cm-ko lauzetan, 1940ko eta 1950eko hamarkaden artean, orduko Bideen Sailaren tailerretan. Beste iturri batzuek atzerago jotzen dute, 1920ko eta 1930eko hamarkadetara. Hala, Eduardo Sáenz de Venturinik edo La Moderna mosaiko-faktoriak egin omen zituzten lauzak, erroseta-formarekin jada, euriteetan ura ondo ateratzeko lau albo-kanalekin.

  • Egiazki, eremuan hain ohikoa den klima euritsuaren premiak konpondu ziren diseinu berriarekin, espaloiak urez hustea errazten zuen-eta: lauza berriak erdialdean mantendu zuen lau petalodun lorea, baina, gainera, lau kanal txiki zituen alboetan, kaleetako euria drainatzeko. Aldaketa txiki horri esker, bilbotarrek beti zapalduko zuten lurzoru lehorra.

  • Jatorrizko lauzak eskuz egin zituzten, batez ere hormigoia, harea lodia, ura eta Bizkaiko Labe Garaietako burdina-txirbil txikiak erabilita; azken horiek, oinezkoek irrist egitea saihesteko. Gaur egun, lauzak zementuz eginda daude, baina lehenengoen diseinu berbera dute.

  • Denborarekin, hiriko ikonorik adierazgarrienetako bat bihurtu dira lauzak, hiriaren ikur.