Gogoko izango duzu hauek EGITEA
-
KIROLA AIRE ZABALEAN. Natura, jokaleku
Mendi garaiek, muino leunek eta landa-esparru garbi batean kokatutako bailara sakonek nortasuna ematen diote Bizkaiaren barrualdeari, zeinak dei egiten baitie kontrastez beteriko naturaz gozatzen dakitenei, gustukoen duten kirola bertan egin dezaten, aire zabalean. Nabarmentzeko eskualdeetako bat Durangaldea da, besteak beste Atxondoko bailarara eta Urkiolako natura-parkera hurbilduko baitzaitu. Arratiako eta Urduñako bailarak xarma landatarrez jositako ohiko tokiak dira.
Halaber, itsasotik hurbilen dauden eskualdeetatik (Uribetik, Urdaibaitik edo Lea Artibaitik) igarotzen diren ibilbide txiki eta handiez goza dezakegu, edota GR-38 ibilbideaz. Azken horri ardoaren eta arrainaren ibilbidea ere esaten zaio, bertatik ibiltzen zirelako Arabako Errioxako ardoa iparraldera eraman eta, bueltan, Bizkaiko portuetatik zetorren arraina gatzunetan ekartzen zuten mandazainak.
-
Mendebaldeak, bestalde, itsas industriaren aztarnak erakusten ditu, antzinarotik burdina-hobien kalitatearen berri eman duten mendiak baitauzka. Peñas Negras Ingurumen Interpretazioko Zentroak, berriz, eremu bitxi horretatik egiteko dauden ibilbideei buruzko informazioa ematen du.
Enkarterri eskualdeak Ordunteko mendietatik eta Armañongo natura-parketik igarotzen diren hainbat ibilbide eskaintzen ditu.
-
LURREAN
Bizkaiak golf-zelai ugari dauzka kostaldean nahiz barrualdean sakabanatuta, eta abonamendurik ez dutenak ere sar daitezke. Gainera, haurrentzako eta helduentzako ikastaroak ematen dituzte. Golf-zelaien artean, honako hauek dauzkagu: Meaztegi Golf Ortuellan, Severiano Ballesterosen diseinuarekin; Martiartu Kluba golf-eskola; Pitch&Putt modalitatean, Urgoitiko golf-jauregia, Mungian, eta Dima Golf Center, Dimako errepidean; Derion, Celles golf-eskola.
-
… edo ZERUAN
Bizkaikoa hain da paisaia ikusgarria, ezen merezi baitu airetik ikustea, globoan. Urduñako bailara ikaragarria da, eta 800 metrotik gorako horma bertikalak dituen zirku batek ikuspegi ezin hobeak eskaintzen dizkigu. Neguan, Urdaibai ere aukeratu dezakezu, Gernika-Lumotik abiatuta itsasadarraren bokaleraino joanda. Edo, bestela, Gorbeiako natura-parkea.
Bestetik, parapentean ibil zaitezke kostaldeko labarretan (hala nola, Sopelan eta Getxon) edo barrualdean, Urduñan edo Arriolako esparruan, Santa Marinan. Hasiberrientzat, kirol hau ezagutzen hasteko eskola asko daude.
-
BURU eta BIHOTZ
Karrantza Haranean, Molinar termak dauzkagu, 1847an eraikiak. 2003an, goitik behera berritu zituzten, baina XIX. mendeko jatorrizko arkitekturari eutsi zioten. Landaredi ugariko paisaia eder-eder batek inguratzen du bainuetxea.
Gorbeiako natura-parkearen hegalean bertan, Areatza bainuetxea toki ezin hobea da oraindik ere birjina den natura-paisaiaz gozatu nahi duenarentzat. Erlaxatzeko tratamendurik onenak eskaintzen ditu, eta bertako meatze-ur sendagarriak bereziki gomendagarriak dira tratamendu dermatologiko eta erreumatikoetarako.
Urduñako bainuetxe-hotela XVIII. mendeko eraikin batean dago, udalerriaren erdialdean. Gimnasioa, sauna, spa (masaje-zerbitzua barne) eta urpeko txorrotadun igerilekua (ur minerala) dauzka.
Lurrarekin harremanetan jartzen garenean, izpirituak bat egiten du ingurunearekin, ongizatea eta eguneroko errutinekiko deskonexioa eraginez.