Pobeña-Kobaron meategiaren eta Itsaslur bide berdearen historia

Santiago bideak, Muskizetik igarotzen den tokian, Kantabriarekiko mugan, Bizkaiko kostaldeko paisaia ederrenetako batekin egiten du topo. Tarte horretan, gainera, Santiago bidea Itsaslurreko Bide Berdetik (Pobeñarantz) eta Piquilloko Bide Berdetik (Ontón auzorantz) igarotzen da, ingurune honetako ustiategi garrantzitsuei zerbitzu ematen zieten meatze-trazadura zaharrak biak ala biak.

Historia apur bat

  • Santiago bideak, Muskizetik igarotzen den tokian, Kantabriarekiko mugan, Bizkaiko kostaldeko paisaia ederrenetako batekin egiten du topo. Tarte horretan, gainera, Santiago bidea Itsaslurreko Bide Berdetik (Pobeñarantz) eta Piquilloko Bide Berdetik (Ontón auzorantz) igarotzen da, ingurune honetako ustiategi garrantzitsuei zerbitzu ematen zieten meatze-trazadura zaharrak biak ala biak.

  • Pobeña-Kobarongo meatze-barrutia, dudarik gabe, Bizkaiko meatzaritzaren paisaiarik adierazgarrienetako bat da, baita lurraldeak XIX. mendearen erdialdetik jasan zuen meatze-jarduera latzarena ere. Bertan, Euskadiko burdina-erauzketak ekarritako ekoizpen-prozesuaren zati handi baten hondakinak daude, Bizkaiak ekonomiaren eta industriaren arloan izandako goraldiaren aztarnak. Barrutiak jarduera horren sekuentzia osoa eskaintzen du: aire zabaleko meategitik hasi eta, kostaldeko zamalekuaren bidez, mearen esportazioraino, materialak garraiatu, tratatu eta mekanikoki nahiz eskuz prestatzeko askotariko metodoetatik igaroz. Multzoaren kalitateak berak, natura-esparru paregabearekin batera, ahalegin handirik egin gabe birsortzen du meatze-kutsu handiko iragan hura.

  • Pobeña-Kobaronen, bost meatze-ustiategi finkatu ziren; horietan garrantzitsuena Amalia Vizcaína meategia izan zen, Kobaron auzotik hurbil zegoena. Eremuko gehienak bezalaxe, meategi hori ere aire zabalean ustiatu zuten: hegalean, eraso-kalexkak egiten zizkioten, zaina aurkitu arte. Helburua betetakoan, zuloa husten zuten. Askotan, miaketarako galeriak egitean lurpeko maila freatikoa zulatzen zenean, erauzketa-fronteak urpean geratzen ziren. Horrela, laku artifizial txiki bat sortu zen, Encantada koba. Paraje honetan, dena dela, Amalia Vizcaína meategiko bi kaltzinazio-labe bikiak dira benetan deigarriak, ikaragarri handiak direlako; zutik daude, baina XX. mendearen hasieran eraiki zituzten, eta narriatuta daude dagoeneko.

  • Kontserbatutako aztarna adierazgarrien artean, nahitaez aipatu behar ditugu, duten egitura erraldoia dela-eta, bai Amalia Vizcaína meategiko bi labeak, zeinak 1900ean eraiki baitzituzten eta oraindik ere zutik baitaude, bai Castilloko mea-zamaleku izugarriaren hondarrak (zamaleku horrek lotura izan zuen McLennan konpainiak meategietako mea hartu eta lurralde ingelesetara bidean jartzeko erabiltzen zuen trenarekin). 2008an, itsasoko ekaitz batek metalezko egitura erauzi zion, baina, hala ere, harrizko oinarri zimendatu ikusgarria kontserbatzen du. Bizkaia osoan ez dago parekorik, eta barrutiko interesgune ikonografiko handienetako bat da, itsasora begiratzeko behatoki ikaragarria.

  • Amalia Vizcaína barrutiaz gainera, Ontón auzorantz eginda (Kantabria), El Hoyo – Ontón barrutiaren aztarnak daude Kobaron auzoan. Barruti horretan, Josefa eta Celedonia meategiak daude. XIX. mendearen amaieratik 1970eko hamarkadara bitartean, meategi horietako burdina erauzi zuten, eta, trenbidea erabilita, Piquilloko zamalekura eramaten zuten minerala, Ontón auzora, gero handik itsasoz esportatzeko. Burdina-minerala galerietatik erauzten zuten, eta 1916tik 1929ra bitartean, mea kiskaltzeko sei labe eraiki zituzten, lege ferrikoa hobetze aldera. Kiskalitako minerala karbonato-gordailuan biltegiratzen zuten, eta, kable bakarreko aireko tranbia baten bidez, Ontongo badiaraino eramaten zuten. Han, Piquilloko zamalekuaren bidez, itsasontzietara sartzen zuten, itsasoz esportatzeko.

  • 1962an, burdina-mineralaren legea jaitsi egin zenez, hautaketetarako instalazio bat eraiki zuten, karbonatoak kiskali ostean lortutako mineralaren jatorrizko legea hobetzeko. Minerala uhal garraiatzaile baten bidez iristen zen horraino, eta haren aztarna kontserbatzen da oraindik orain. Horrela, bidali beharreko minerala baino ez zen kargatzen, esterilak bazter utzita (zamalekuaren ondoan hautatu eta bereizten ziren). Prozesu horretan sortutako esterilak (hondakinak) zabortegi handietan pilatzen ziren; orain, birlandatuta daude.