Euskal Herriko Meatzaritzaren Museoaren historia

Euskal Herriko Meatzaritzaren Museoa Gallarta auzoko antzinako hiltegian dago, Concha 2.a meategiak eratzen duen ebaki izugarriaren oinetara, eta Euskal Herriko meatzaritzaren historia azaltzen eta ezagutarazten dio jendeari, Meatzaritza Museoaren Kultur Elkarteko boluntario meatzari ohiak mendietan eta fabriketan urtez urte biltzen joan diren piezen, erreminten, makinen eta dokumentuen bilduma ikusgarriaren bidez.

Historia apur bat

  • Euskal Herriko Meatzaritzaren Museoa irabazi-asmorik gabeko entitatea da, eta 1986an Meatzaritza Museoaren Kultur Elkartea eratu ondorengo gizarte-ekimen batetik sortu zen.

    Elkarte hori, besteak beste, meatzari ohi eta siderurgiako langile batzuek eratu zuten, ordura arte Bizkaiaren esentzia osatu zuten elementuak abandonatzen hasiak zirela ikusi baitzuten industria-krisi bete-betean.

  • Elkarteak, bada, meatzaritzako elementuak (bagonetak, erramintak, argazkiak eta dokumentuak) musu truk berreskuratu eta kontserbatzea du helburu, gure historiaren zati hori ahanzturan gera ez dadin, eta, 2002an, Abanto-Zierbenako Udalarekin lankidetzan, Euskal Herriko Meatzaritzaren Museo Fundazioa sortu zuen.

  • 2001ean, museoak ateak ireki zituen Gallarta auzoko hiltegi zaharrean. Meatzaritza Museoaren Kultur Elkarteak, hala, ametsetako bat bete zuen: mendietan eta fabriketan urtez urte bildutako piezen, erreminten, makinen eta dokumentuen bilduma ikusgarria jendeari azaldu eta ezagutaraztea.

  • Ordutik, ez dio utzi monografiak editatu, erakusketak antolatu eta guziontzako moduko hedapen-jarduerak egiteari. Halaber, ikerketa-lanak sustatzen ditu, eta ahozko lekukoak hartzen; gaur egun, etorkizunera begirako proiektu handiak arrakastaz jorratzeko hausnarketa-prozesu estrategiko batean murgilduta dago, eraikin berri bat eraikitzeko asmotan dabil-eta.

  • Euskal Herriko Meatzaritzaren Museoa Euskadiko meatzaritzaren kultura eta historia aztertu eta hedatzen duen zentro bat da, eta, bereziki, Bizkaiko Meatzaldea du xede. Hona hemen helburu nagusiak:

    • • Meatzaritzaren garapen historikoa eta ondorio ekonomiko, sozial eta ingurumenekoak aztertu eta hedatu daitezen sustatzea.
    • • Meatzaritzaren ondoriozko elementu materialak eta industria-, hiri- eta azpiegitura-elementuak babestu eta berreskuratzea.
    • • Meatzaritzaren garaiko eta jarduerako dokumentuak, artxiboak, planoak, irudiak eta argazkiak berreskuratu eta kontserbatzea.