Berezi egiten gaituena
Bizkaia eta bizkaitarrok bereziak bezain apartak gara. Itsaso eta mendien artean, ingurune paregabean kokatuta bizi gara, munduan bakarrak egiten gaituen kultura, ohiturak, gastronomia kirolak eta hizkuntza propioaz gozatuz, bisitariari ateak zabalduz.
-
Gastronomia
Pintxoak
Bilbora datorren edonork ezbairik gabe dastatu beharko lituzke bertako pintxoak, euskal gastronomiaren ardatz nagusiak. Askotariko pintxoak topa daitezke Bilboko tabernetan: gildak, txanpiak, txakadunak, tortillak… den-denak izendatzea ezinezkoa da. Hauekin batera Poteo fenomenoa hedatu da, turismo gastronomikoaren erreferente nagusia: ardo edo garagardoarekin batera pintxo bat doan dauka bezeroak taberna jakin batzuetan, bazkaldu edo afaltzeko aukera ezinhobea. Ostegun, ostiral eta asteburuak poteoa praktikatzeko egun ezinhobeak dira.
-
Bigarren platerak
Bizkaiak, itxasotik zein menditik gertu dagoenez, aukera paregabeak eskaintzen ditu bigarren plateretan: kostaldean sardinak, bisigua, rapea… bezalako arrain freskoak dastatzeko aukera eskainiko dizkizute Bermeo, Lekeitio, Elantxobe bezalako herriek. Gaur egun, produktu izarra bakailaoa pil-pilean da, berau prestatzeko bestelako moduak egon arren: bizkaitar eran, Bilboko eran, tomatearekin… Beste plater azpimarragarria Marmitakoa dugu, hegaluzea eta patataz sukaldaturiko erregosia, antzina marinelek sortutako errezeta.
-
Postreak
Bizkaiko postreek ere benetako altxorrak gordetzen dituzte. Bilboko pastelgintzaren erreginak bertako Carolinak dira, hostorezko tartaleta baten gainean muntatutako merengea, txokolatez eta gorringoz hornitutakoa. Jatorria antzinakoa da, gozogile batek Carolina izeneko alabari oparitutako pastela, hain zuzen ere. Carolinez gain, Bizkaian badira gurinezko opilak eta arrozezko pastela. Azken hauek ez daramate arrozik. Postre klasiko hauek, bai opila, bai pastela, ezin daitezke beste inon topatu.
-
Arkitektura
Guggenheim
1997an inauguratu zenetik, Guggenheim museoa Bilboko sinbolo nagusian bilakatu da. Gaur egun nazioarteko eszena kulturalaren mapan kokatu beharrekoa museoa da, eta Bilbora datozen bisitari gehienek gertutik sentitu nahi dute. Frank Gehryren eraikina Abandoibarran kokatuta dago eta La Salve zubiaren parean atrakatuta dagoen itsasontzi bat dirudi, antzinako ontziolei egindako omenaldia da-eta. Turista gehienentzat, Puppy izeneko landare naturalezko txakur erraldoi baten titaniozko etxea izan daiteke, eta milaka selfie egiten dituzte bere aurrean egunero. Urtaroaren arabera, txakurrak kolore ezberdinak janzten ditu. Erakusketa iraunkorrez gain, museoak XX. mendeko behin-behineko erakusketak antolatzen ditu. Airetik ikusita, arrosa ireki baten itxura dauka museoak.
-
Arriaga Antzerkia
Alde zaharreko atarian ezarrita, Arriaga museoa Bilboko eraikin erakusgarrienetarikoa da, betidaniko hiriaren sinbolo nagusia baita. Joaquín de Rucoba arkitektoaren eraikin hau 1890an inauguratu zen, Bilboko Juan Crisóstomo de Arriaga konpositorea omenduz. Neobarroko estiloko eraikuntza honetan askotariko obrak ikus daitezke: antzerkia, musika-ikuskizunak, dantza, zartzuela, kontzertuak… Ikuskizun horiek gustukoak ez badituzu ere, benetan merezi du eraikina kanpotik eta barrutik bisitatzea, parekorik ez dauka-eta.
-
Iberdrola Dorrea
Euskadiko eraikin altuenak 165 metro neurtzen ditu eta César Pelli arkitekto argentinarrak diseinatu zuen. 2007ko martxoaren 19an inauguratu zen. Euskadi plazan egon arren, Bilboko ia edozein lekutik ikus daiteke Iberdrola dorrea. Egun eguzkitsuetan Bilbotik hainbat kilometrotara dauden herrietatik ikus daiteke inolako arazorik gabe. 41 solairu eta 50.000 metro karratuko azaleradun eraikina hiriko eraldaketa prozesuaren adibide paregabea izateaz gain, Bilboko alde finantzarioaren ardatzean bihurtu da. Kristal horien barrualdean bertako, estatu mailako eta nazioarteko 40 enpresen bulegoak daude.
-
Hizkuntza
Jatorria
Gure hizkuntza da Euskaldunon altxorrik preziatuena: euskara. Edozein herrialdek ezin du esan bere hizkuntza Europako hizkuntza bizien artean zaharrena dela. Harro egoteko modukoa da, gero! Gaur egun arte ez dugu zehatz-mehatz jakin zein den gure hizkuntzaren jatorria. Teoria batzuek diote Frantziako Akitania departamentuan dagoela. Hizkuntzalari askoren ustetan, euskara duela 15.000 urte Altamira, Ekain edo Lascaux-eko kobazuloetan bizi ziren pertsonek hitz egiten zuten hizkuntzaren oinordekoa da.
-
Euskara gaur egun
Gure altxor preziatuena izan arren, soilik euskal herritarren %34ak euskaraz hitz egiten du. Eremu geografikoaren arabera, euskarak aldaketa linguistikoak dauzka, eta aldaketa horiek euskaratik eratorritako euskalki deritzotenak sortzen dituzte. Euskal herrian euskalki ugari daude, eta Bizkaian: Txorierri aldekoa, Durangaldeakoa, Uribe Kostakoa, Durangaldeakoa… topa ditzakegu, besteak beste. Horietako bakoitzak berezitasun propioak dauzka, eta horixe bera da gure hizkuntza hain berezi egiten duena: eraldaketa eta aberasgarritasun ugari dauzkala.
1968an, Koldo Mitxelenak euskalki guztien artean estandarizazioa bilatu nahian euskara estandarizatua sortu zuen, gaur egun euskara batua bezala ezaguna. Helburua euskaldun guztion arteko ulermena lortzea izan zen.
-
Aholkuak
Bizkaian egiten dugun euskarak, orokorrean aldaketa batzuk dauzka, hiztunaren zonaldearen arabera. Horrela, elkarren artean agurtzeko “kaixo” edo “aspaldiko” eta agur esateko “agur” eta “adio” dira esapide erabilienak, baina “ondo ibili” eta “ondo izan” bezalako agurrak erabili ohi ditugu ere. Zer moduz gauden jakiteko “zer moduz?” eta “zelan?” dira galdera arruntenak, eta baita “ondo gara?” ere. Ondo gaudela adierazteko “obuan” esan ohi da zonalde jakin batzuetan (erdaraz “vamos tirando”).
Horiez gain, beste hizkuntza batzuetan gertatzen den bezala, egunean zehar agurtzeko forma ezberdinak ditugu: goizean “egun on”, arratsaldean “arratsalde on” edo “arrasti on” eta gauetan “gabon” esan ohi dugu, eta eguerdirako “eguerdi on”.
Eskerrak emateko “eskerrik asko” (eskerrak emateko ezin da “eskerrik” hitza bakarrik erabili) edo “mila esker”. Ikusten duzunez, oinarrizko esapide batzuek ere bertako euskararen ukitu propioa daukate. Ondo etorri Bizkaira eta ondo pasa!
-
Herri kirolak
Aizkolaritza
Herri kiroletan entzutetsuenetarikoa, aizkolaritza dugu. Aizkoren bidez enborrak bitan moztean datzana. Jatorria azalik gabeko pagoen mozketan oinarritzen da herri-kirol hau, nahiz eta aizkolaritza txapelketetan era askotako enborrak egon. Kirol honetan hainbat esparru daude, baina hedatuena denbora tarte batean ahalik eta enbor gehien behar bezala eta ahalik eta azkarren moztean oinarritzen dena dugu.
2007. urtetik Euskal Herriko txapelduna Aitzol Atutxa dimaztarra da, egun Urrezko Aizkoraren zaindaria, kirol honetako titulu gorena.
-
Barrenariak
Bizkaiko meatzaritzak aztarna izugarria utzi du. Bizkaian batez ere burdina lortzen zuten barrenariek Meatzaldea deritzon zonaldean: Trapagako haranean, Zierbanan, Ortuella eta Muskizen. Altzarizko barrena luzeak lurrean erruz kolpatzen zituzten. Batzuetan bi metroko sakoneradun zuloak egiten zituzten.
Praktika hauek ez ziren lanpostuetara mugatu soilik: ospakizunetan plazarik plaza ikuskizunak antolatzen hasi ziren, herri kirola bihurtu arte, eta jendeak, bestelako herri kirolekin egiten den antzera, apustu egiten zuen. Azken urteetan kirol hain entzutetsua ez izan arren, astiro-astiro berragertzen ari da.
-
Harrijasotzea
Harrijasotzailearen helburua harri pisutsu bat lurretik jaso eta sorbaldaraino altxatzean datza. Antzina, praktika hau baserrietan eta harrobietan baino ez zen egiten, landako lan gogorrak egin ahal izateko. Gizonezkoen lana zen.
XX. mendearen hasieran lau forma geometrikodun harri topatu ziren: zilindrikoa, kubikoa, esferikoa eta paralelepipedo formadun laukizuzena. Hauen inguruko araudia sortu eta kirola normalizatu zen. Orduan, proba hauek Euskal Herriko plazetara pasa ziren. Gaur egun, kirolari gehienak gizonezkoak izan arren, gero eta emakume gehiago ikusten ari dira harri artean. Esparru honetako erreferente esanguratsuena Nafarroako Iñaki Perurena dugu.
-
Tradizioak
Dantzak
Euskal dantzak gure kulturaren euskarrietako bat dira. Bizkaian dantza talde ugari, eta herri bakoitzak bere dantza propioak dauzka. Bizkaian, famatuenak dira Lekeitioko Kaixarranka eta Durangaldeko Dantzari dantzak. Hala ere, badira Markinako Zagi Dantza eta ezpatadantza, Lekeitioko Andrazkoen Aurreskua… dantza ugari daude Bizkaian.
Urtero Bizkaiko Dantzari eguna antolatzen da gure lurraldeko herrietan, Bizkaiko dantzarien topaketa nagusia. Aurtengoa XXXn antolatuko da, maiatzaren 20an.
-
Mitologia
Gure inguruko mendiak, kobazuloak eta ibaiak, zoragarriak izateaz gain, bertako mitologiako hainbat pertsonaien bizilekuak ere badira. Horrela azaltzen digu Ataungo Joxe Migel Barandiaran antropologoak. Euskal kulturarekiko ikerketa lan sakonari esker, euskal mitologiaren izakiak inoiz baino biziago daude.
Anbotoko haitzuloen artean Mari lamia bizi da, ama jainkosa, babesa eta justizia banatzeaz arduratzen dena. Diman, ostera, Gentilak bizi dira, neurrigabeko indarreko izakiak. Kristauen helduerarekin, horietako bat izan ezik guztiak lurperatu ziren. Gentil bakar hura Olentzero da.
-
Jaiak
Bizkaian jai ugari ospatzen dira urtean zehar gure geografiako herri askotan. Gehienak udan izan ohi dira: Lekittoko antzarrak, Bermeoko Andramariak, Getxoko paellak...
Urriko azken astelehena Gernikaren txanda izan ohi da. Egun horretan, herriko produktuen salerosketaren nekazaritza, abeltzaintza eta artisautza azoka antolatzen da. Tokian tokiko produktuak erosteko aukera dago: bertako piperrak, indabak, Idiazabal gazta… Horrez gain, Bizkaiko gazte asko bertara hurbiltzen dira egun osoan parrandan egoteko.
Abuztu erdialdean Bilboko Aste Nagusia ospatu ohi da, edozein bilbotarrentzako derrigorrezko hitzordua. Astebetez Bilbo bertako eta baita mundu osotik etorritako jendez betetzen da eta 29 konpartsek hiria kontzertuz, antzerkiz eta umeentzako ekitaldiz girotzen dute. Ez zara batere aspertuko!