Jaialdirik garrantzitsuenen artean Bilbao BBK Live nabarmendu dezakegu. Pop, rock eta elektronika uztartzen ditu eta uztailean ospatzen da, hiru egunetan zehar. Milaka pertsona batzen ditu urtero Kobetamendiko eszenatoki naturalak.

Edizio guztietan zehar, nazioko zein nazioarteko artista ospetsuak izan dira beren agertokietan: Guns N 'Roses, Iron Maiden, Fito & Fitipaldis, Metallica, Love of Lesbian, Muse edo Coldplay.
 

Bilbao BBK Live jaialdiak, gainera, Bilboko atsedenlekurik handienetako bat du. Kontzertu-esparrutik 3 kilometro eskasera jaialdiaren kanpin-gunea dago, zuhaitzez inguratutako eta 12.000 lagunentzako edukiera duen eremu berdea.
2017ko martxoan, Bilbao BBK Livek Iberiar Penintsulako Formatu Handiko Jaialdirik Onenaren saria jaso zuen Bartzelonako Iberian sarietan, eta, horrez gain, kanpatzeko gunerik onena, sustapen turistiko onena, ostatu eta harrera onena eta azpiegitura onena duen jaialditzat jo zuen epaimahaiaren aldetik.

Jaialdiak udako kontuak besterik ez direla esaten duenak ez daki zer galtzen den. Udazkenero, festazaleenek hitzordu bat izaten dute BIME Live jaialdian. Jaialdi horretan, bi gauez, musikaren gaur egungo artista garrantzitsuenak biltzen dira, eta, horrez gain, tokiko eta nazioarteko eszenaren etorkizuneko promesak ezagutarazten dira.
20.000 pertsona baino gehiago biltzen dira urtero Bilbao Exhibition Centreko instalazioetan bere artista gogokoenen kontzertuetara joateko (Crystal Fighters, Imagine Dragons, The Kooks edo Los Planetas, besteak beste), BIME Europako neguko jaialdi handienetako bat bihurtuz, nazioko eta nazioarteko publikoarekin.


Musika, festa eta girorik onena
Bizkaian musika-aniztasun handiko jaialdiak daude, eta, aipatutako jaialdi jendetsuenez gain, tamaina eta iraupen txikiagoko beste jaialdi batzuk ere badaude, rocka, metala, reggaea edo bluesa bezalako musika-estiloetako taldeen zaleei zuzendutakoak.
Zurea rock, blues edo soul taldeak badira, BBK Music Legends Festival jaialdian dago zure ezinbesteko hitzordua. Van Morrison, Georgie Fame, The Beach Boys, Paul Collins Beat edo Gov 't Mule bezalako nazioarteko artistek Bilboko Ola Zentroak Sondikan dituen instalazioak zapaldu dituzte. Kontzertuez gain, publiko guztiarentzako gune sortzaile eta gastronomikoak ere badaude. Gaur egun Miribillako Bilbao Arenan ospatzen da.

Reggae musikaren zaleek ere lekua dute Bizkaiko jaien munduan, uztailaren erdialdean Armintzan egiten den Txapel Reggae jaialdiari esker. Macka B, Danny Red edo Jah Observer bezalako artista ospetsuen eskutik, musikak eta dantzak ez dute etenik ematen gau osoan zehar.

Blues soinuek Getxoko kaleak betetzen dituzte udan ere, Nazioarteko Blues Jaialdiaren eskutik. Hirian zehar ematen diren hainbat kontzertuk (batzuk ordainpekoak) bluesaren munduan erreferente diren artista nazionalak eta nazioartekoak ezagutzera gonbidatzen dituzte, hala nola William Bell, Priscilla Band edo Confluence.

Nola heldu

Jaialdi gehienetara garraio publikoz zuzenean heltzeko aukera baduzu ere, herri edo hiritik aldenduta dauden jaialdietara heldu ahal izateko, aldaketak egin beharko dituzu. Horrenbestez, hartu beharreko garraioak zehazki jakiteko, jaialdien webguneei erreparatzea gomendatzen dizugu.

Accommodatie

Waar te slapen

Aukeratutako jaialdiak kanpalekua ez badu, Bilbo eta inguruko ostatu, hotel edota aterpetxeetan ostatatu ahal izango zara. Hiri erdialdean hainbat izarretako hotelak aurkitzeaz gain, aterpetxe edota ostatu merkeagoak aurkituko dituzu erraz.