Bilbao Bizkaia 2030 Turismo Estrategiak –lankidetza, digitalizazioa eta jasangarritasuna oinarri harturik– parte-hartze prozesu zabal baten amaiera ekarri du. Lurraldeko turismo-sektoreko 250 eragile publiko eta pribatu baino gehiago inplikatu ditu prozesuak, eta haien ekarpenek aukera eman dute turismoaren arloan 2030erako lan-esparru komuna ezartzeko.


Bilbao Bizkaia 2030 Turismo Estrategiak bat egiten du garapenaren, marketinaren eta gobernantzaren ikuspegitik egindako ahaleginekin eta hausnarketa estrategikoekin, eta finkatuta dagoen eredu batean bermatzen ditu bere oinarriak.


Era berean, epe luzerako plangintza-ziklo berri baten barruan kokatzen da Estrategia, eta bi xede ditu: batetik, egindako apustuaren bidetik, Bilbao Bizkaia turismoaren hazkundea indartzen jarraitzea Garapen Jasangarriko Helburuei ekarpena eginez; bestetik, beharrezko diren politikak planteatzea, COVID-19ak sektorean eragin duen inpaktuari aurre egin ahal izateko.
Horregatik, Bilbao Bizkaia turismoak ingurumenaren, ekonomiaren eta gizartearen arloan jasangarritasunez garatzeko hartu duen konpromisoa indartu nahi du estrategia berriak, zehazki lurraldearen araberako turismo- kudeaketa azpimarratuz. Helburu horrekin, Bilbao Bizkaia 2030 Turismo Estrategiak bere balio-kateko partaide guztien ongizatea eta gogobetetasuna ditu xede, eta lankidetza, digitalizazioa, berrikuntza eta turismoko adimena ditu horretarako bitartekoak.