Bizkaiko gastronomia jendartean disfrutatzen dugun ekitaldi soziala da. Giro atseginean, kalitatezko sukaldaritza ezagutuko duzu, gogoberotasuna eta maitasuna ezaugarri nagusiak dituela. Gure platerrik kuttunenak sukaldari entzutetsuenen eskutik ikasi eta disfrutatuko dituzu.

Errezeten xehetasunak ezagutzeaz gain, chefarekin hartu-eman hurbila izango duzu, berarekin merkatura joan zaitezkela, lehengaiak erosteko, kasu. Ikastaro berezi hauek barne hartzen dute dastatzeak hala nola show-cooking deritzoten ikuskizunak, non zuzenean prestatzen diren jakiak. Ikasitakoarekin, zure familia eta lagunak aho bete hortz geldituko direla bermatu dezakegu!

Tradizio handiko errezeten artean, putxerak egiten ikas dezakezu, adibidez. Historia handiko sukalki mamitsua dugu hau, XIX. mendeko Enkarterrin lekutzen dena, hain zuzen. Eskualde honetan lan egiten zuten trenbideko langileek asmatu zuten. Trenaren lurrunarekin berotzen zituzten bere jakiak, eta honela bide eman zioten putxerei, babarrunez, barazkiez eta ‘sakramentuez’ osatutakoa. Balmasedako platerrik nabarmenena da gaur egun ere.

Halaber, taloa egiten ikasteko parada izango duzu, hots, arto-irinarekin egindako ogitarte ederra, txorizoa edota txistorra barne duela. Urtean zehar antolatzen diren azoka eta merkatuetan topatuko duzu hamaiketako biribil hau.

Gure kostaldean egiten den txakolin upeltegiak bisitatzea ere esperientzia zoragarria da. Tokian-tokiko mahatsekin txera handiaz egindako ardoa dugu txakolina, gure jaki gozoekin bat datorrena primeran. Ardo hau tenperatura oso hotzean hartu ohi da. Beste askoren artean, Urduñan, Larrabetzun, Markinan edota Mungian bisitatu ditzakezu upeltegiak. Bisita hauek barne hartu ohi dute dastatze gastronomikoak eta, bide batez, pare bat botila erosteko aukera ere izango duzu, etxera eramateko edota opariren bat egiteko ‘souvenir’ bikaina, alegia.

Artzaina egun batez

Gazta egiteko ikastaro batean parte hartzea esperientzia gogoangarria izango da ezbairik gabe. Idiazabal jatorri-deiturako gaztaren xehetasun guztiak ezagutzeaz ezezik, kalitatezko produktu honen ekoizleen egunerokotasuna oso gertutik ezagutzeko aukera izango duzu.

Urkiolako Parke Naturalaren paisaia ikaragarria zerumugan, gaztandegiko artzainarekin batera lan egingo duzu, ardien jeztean nahiz ile-moztean lagunduz. Ardien esnea behin jetzita, gazta freskoa edota gatzatua egin dezakezu. Deigarria iruditu dezakeen arren, soberan den gazurarekin xaboia egin daiteke, horri buruzko tailerrak ere eskuragarri daudela.

Paradisu natural honetan barrena, ibilaldi patxadatsua eskertuko duzu ziurrenik, eta eguna ezin baino hobeto bukatzeko, Idiazabal gazta dastatze batean parte hartzera animatzen zaitugu. Ekintza hauek guztiak Gorbeiako Parke Naturalean ere egin ditzakezu.

Nola heldu

  • Esperientziak hauek zukutzea iradokitzen dizugu, zure baitan daukazun ‘gourmet’ sukaldaria garatu dezazun. Izaera parte-hartzaileko ekintza dira guztiak ala guztiak. Gainera, goi-mailako profesionalengandik jasoko duzu ikasbide mamitsua, dela sukaldariak, artzainak, baserritarrak nahiz abeltzainak.