La Encartada Fabrika-Museoaren historia
La Encartada Fabrika-Museoa ehun urte baino gehiagoko eraikin batean dago kokatuta, non artilezko gaiak ekoitzi baitzituzten 1892an sortu zutenetik 1992an itxi zuten arte.
Europako ondare industrialaren barruan, ale berezi-berezia dugu honako hau, ez baitauka parekorik.
Historia apur bat
-
La Encartada SA ehun-fabrika 1892an sortu zuten, eta, zehatz-mehatz, 100 urtez aritu zen jardunean. Bost indianok jarri zuten kapital soziala; Mexikon aberastutako emigrante bizkaitarrak ziren, eta haietako hiru Balmasedakoak ziren jatorriz. Lantegian, artilea lantzen zuten, eta askotariko gaiak egiten zituzten; besteak beste, txapelak (hori zuen produktu nagusia), mantak, zapiak, eskularruak, bufandak, biserak, buru-berokiak eta, jakina, matazak eta harilak. Fabrikaren inguruan, langileentzako auzo txiki bat garatu zen bertan lan egiten zuten familientzako etxeekin eta kapera-eskolarekin. Esparru berean, baratzeak eta zuzendariaren etxea zeuden, baina dagoeneko ez daude.
-
La Encartada Fabrika-Museoaren balio handienetako bat makineria-bilduma bikaina da; zatirik handiena ingelesa da, XIX. mendearen amaierakoa eta XX. mendearen hasierakoa. Fabrikak ia-ia bere horretan gorde ditu itxura eta zuzkidura teknologikoa, eta ekoizpen-prozesuko elementu guzti-guztiak dauzka, oso-osorik: lehengaia jasotzen zutenetik produktua paketatu eta bidali arte erabiltzen zituzten elementu guztiak daude. Osotasun tekniko horri eta kontserbazio-egoera apartari esker, La Encartada paregabea da bere gisakoen artean.
-
2007tik, La Encartada Fabrika-Museoa museo industriala da, eta Bizkaiko Foru Aldundiak kudeatzen du. Eraikinek, makineriak eta langile-koloniak hain sortzen dute oroitzapenezko multzoa, ezen penintsulako industria-iraultzaren hastapenetara eramaten baikaituzte. 2019an, ERIH (Industria Ondarearen Europako Ibilbidea) sare eta marka turistikoak ondare-balio nabarmenak aitortu zizkion museoari, eta “Anchor Point” (ainguraleku) kategorian sartu zuen, Europan duen balio aparta berresteko.
Museoa, besteren artean, mekanikoki eta funtzionalki lehengoratzen ari da fabrikako makineria.
Urtean zehar, egun seinalatuetan, hamar makina baino gehiago ikus daitezke funtzionamenduan. La Encartada Fabrika-Museoak, gainera, guztiontzako moduko askotariko jarduerak antolatzen ditu, eta toki paregabe hau ezagutzeko bisitak eskaintzen ditu.