Deustuko tigrearen historia

Bizitegi-erabilerarako moldatu duten eraikin industrial honen dorrean, 9 metroko tigre baten eskultura ikaragarria dago.

Historia apur bat

  • Industria-eraikin bitxi hau Botikazarreko Erriberan dago, Deustu auzoan, eta, azken urteetan, Bilboren iragan industrialaren ikur ezagunenetako bat bihurtu da. Pedro Ispizua Susunaga arkitekto bizkaitarrak diseinatu zuen 1940an, Jesús Muñoz Mendizábal industrialariaren uhal-fabrika kokatzeko. Muñoz Mendizábalek pabiloi txiki bat zeukan Deustuko orube horretan bertan, eta eraistea erabaki zuen, eraikin berria eraikitzeko. Bada, eraikin berrian bulegoak jarri eta erakusketak egitea zen asmoa, baita industria arinei alokatzea ere; alabaina, 1940an jada, Defentsa Ministerioaren mendeko intendentzia militarrak erabiltzen zituen hiru solairu.

  • Ispizuaren hasierako proiektuak (neurri txikiko eraikin bat) hainbat aldaketa izan zituen denborarekin, eta oinplanoa nahiz solairu-kopurua handitu ziren, gaur egun ikus dezakegun tamaina hartu arte. Higiezina benetan bereizten eta pertsonalizatzen duena, ordea, eraikineko «L»-aren izkinan bertan eraikitako dorretxo edo tenpletearen gaineko erremate eskultorikoa da: bederatzi metroko hormigoizko tigre itzela dago hor, Joaquín Lucarini eskultore euskaldunarena (Ispizuarekin lankidetzan aritzen zen).

  • Gainerakoan, eraikin arrazionalista da, eta soiltasuna du ezaugarri nagusi. Eraikin soila da, estetika industrialekoa eta apaingarri gutxikoa. Dauden apaingarri eskasak, baina, oso deigarriak dira, egia esan: goiko solairuan daude, Rafaela Ibarra kaleko izkinan eta fatxadan, bereziki.

  • Erabilerak eta urteen joanak, baina, eraikin industriala narriatu zuten, eta, gaur egun, etxebizitzen bloke bat da. Hala, fatxada zaharberritu eta estalkia osorik berritzeaz gainera, barrualdea erabilera berriarekin bat etorriz egituratu eta zatitu zuten, pisu eta apartamentuetan.