“Izateko harrotasuna” aldarrikatzen dute Zinegoak jaialdiaren sustatzaileek. Horrela, gizartearen aniztasuna goraipatzen du bere ikuskizunen sail interesgarriak, baita horren inguruan antolatzen diren hitzaldiak, tailerrak eta festak ere, beste ekitaldi kitzikagarrien artean.
Ehun lan inguru aurkeztu ohi ditu jaialdiak urtero, 2004ko bere lehendabiziko ediziotik. Zinegoak elkarteak (lehen Hegoak) bultzatzen duen egitasmoak Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia eta Bilboko Udalaren laguntza jaso du, beste erakundeen artean.
Zinemagileez eta adituez osatutako epaimahaiaren bitartez, kalitatezko programaren ildo nagusia honako hau da: arrazoi afektibo-sexualengatik bazterkeria eragoztea, hala nola gizartea eraldatzea eta honen aniztasuna ezagutaraztea. “Zinegoakek izateko harrotasuna aldarrikatzen du”, antolatzaileen hitzetan.
Arriaga Antzokiak eta Guggenheim Museoak hasiera eta amaiera ekitaldiak barne hartu ohi ditu, hurrenez hurren. Sarrera librea da, gonbidapenarekin. Jaialdiak hiriguneko hainbat areto ditu egoitza gisa, esaterako: BilbaoArte Fundazioa, Golem Alhondiga zinema-aretoak (Azkuna Zentroan) edota Hika Ateneo kultura-espazioa, besteak beste.
Nazioarteko filmen erakustaldiaz gain, Zinegoaken inguruko hainbat ekintzez disfrutatzea gomendatzen dizugu: hitzaldiak, kontzertuak, antzerki-lanak… Jai-giroa ere nabarmentzekoa da, jakina: zine-festibalaren omenez antolatutako festek nahiz era askotako ikuskizunek xarma are bereziagoa eransten baitiote hiriari.
Izaera parte-hartzaileko jaialdia dugu gainera: ikusleek beren botoekin aukeratu ditzakete film labur sariduna, emanaldi bakoitzaren aurretik proiektatzen dutenen artean. Halaber, boluntario izateko aukera ere baduzu, Zinegoak “barrutik” ezagutzeko asmoz.
Ohorezko Saridunak
Zinegoaken edizio bakoitzak bere Ohorezko Saria du. Aktore, zinema-zuzendari edota ekoizleen ibilbidea eta LGBT-ren aldeko konpromisoa balioesten da. Saridun batzuk aipatzearren: Eusebio Poncela (2006), Rosa Maria Sarda (2007), Josep Maria Pou (2008), Esther Garcia (2011), Hassam Kamoga (2017) edota Émile Jouvet (2018) aipatu genitzake.
Azken edizioan, Sridhar Rangayan zinemagile, ekintzaile eta zuzendariak jaso zuen 2019ko Ohorezko Saria. Zinemagileak 2001ean sortu zuen Solaris, LGTBIQ+ filmetan espezializatutako Indiako lehen ekoiztetxea, eta bertako lehen queer zinemaldiaren antolatzailea.
Zinegoaken epaimahaiari jarraiki, “ezberdintasunaren naturaltasuna, mugarik gabeko gizartea defendatzen dutenen eta pertsona guztienganako errespetua bilatzen dutenen ausardia” baloratu dute Jouveten lanean eta oro har bere ikuspuntu sozial-artistikoan.