Buru handiko eta begi handietako haurren karikatura moldeko irudi ausartek ospe handia eman diote bere obrari. Irudiak liluragarriak dira eta, zenbaitetan, mehatxagarriak, desafiatzaileak eta lotsagabeak, edo malenkoniatsuak eta zalantzatiak, denboraren joanaren ondorioz gero eta bareago eta gogoetatsuago bilakatuak. Narak artearen munduan berehalako onarpena izan ez zuen arren, bere estilo grafiko berritzailea erabat dago gaur egun finkatua,.

Nararen pertsonaiak —irudiak, animaliak eta izaki hibridoak— bere buruaren isla dira, bere emozioen eta pentsamendurik sakonenen irudikapen plastikoa, eta bere gizatasunaren sakontasuna darakutsate. Bere sorkuntza-iturriak haurtzaroko oroitzapenak dira —bere oroimenean sutan grabatuak—, eta era berean, musikaz eta literaturaz duen jakintza, Japoniako eta Europako artearen historia —jakin-min asegaitzak aberastua—, eta halaber, Japonian eta atzerrian barrena egindako bidaietan hango eta hemengo jendearekin eta kulturekin izan dituen topaketa akuilagarriak, guztiak ere enpatiaz beteak.