Udako hilabeteak kulturaz, festaz, musikaz, kirolaz eta, azken batean, tradizioa eta modernitatea, hemengoa eta nazioartekoa batzen dituzten era guztietako ekitaldiez beteta datoz. Bilbao Bizkaia modu ezberdin eta berezian ezagutu nahi baduzu, gogoan izan: hemen dituzu hurrengo hilabeteetako ekitaldirik garrantzitsuenak.

Udan Bilbao Bizkaian egingo diren jai eta ekitaldi garrantzitsuenak

UZTAILA

Bilboko kalealdia (1 – 6)

Uztaileko lehen astean, kale antzerkiak, dantzak, musikak, clownak, zirkuak eta txotxongiloek hartuko dute Bilbo. Bizkaiko hiriburua Europa osoko konpainiek parte hartzen duten kaleko ikuskizunez beteko da, ia denak doakoak.

Getxo Jazz (3 – 7)

Jazzaldia, Getxoko Nazioarteko Jazz Jaialdia, lehendik datorren ekitaldia da, eta 2024an 47. edizioa ospatuko du. 5 egunez, Getxo jazz musikaren erdigune bihurtuko da, nazioarteko artisten kontzertuekin, familia ikuskizunekin, jam-sessionekin eta beste jarduera askorekin.

Kaleka. Lekeitioko Kale Arteen Jaialdia (5 – 7)

Kalekak, Lekeitioko Kale Arteen Jaialdiak, arte eszenikoak zein zuzeneko arteak biltzen ditu. Egun horietan zehar, diziplina ezberdinetako artista ugarik Bizkaiko herri eder honetako kaleak hartu eta ikuskizun bikaina eskainiko dute.

Bilbao BBK Live (11 - 13)

Tokiko eta nazioarteko artista ospetsuak, edertasun handiko ingurune naturala eta Bilboko bista ikusgarriak: proposamen honekin, Bilbao BBK Live erreferentziazko rock, pop eta indie musikako jaialdietako bat bihurtu da Europa mailan 2006ko lehen edizioaz geroztik.

Madalen Eguna Bermeon, Elantxoben eta Mundakan (22)

Madalen Eguna itsas giroko jai tradizionala da, eta urtero Bizkaiko Bermeo eta Mundaka udalerrien artean Izaro uhartearen jabetza lortzeko egon zen liskarra gogoratzen du. Kontatzen denez, gatazka Elantxobe arbitro zuen estropada batekin konpondu zen, bermeotarrak irabazle izan zirelarik. Gaur egun, Madalen Egunean hainbat ekitaldi antolatzen dira, liskar hori oroitzeko eta hiru herrien arteko senidetzea irudikatzen duen festa handi batekin amaitzeko.

Bilbao Blues Festival (25 – 28)

Bilboko blues jaialdi arrakastatsuak hirugarren edizioa ospatuko du 2024an, eta, ohi bezala, lehen mailako kontzertuz beteta dator. Bilbao Blues Festival jaialdiaren agertoki nagusia Areatzan egongo da, Bizkaiko hiriburuaren erdi-erdian, eta hiriko beste leku askotan ere jarduera ugari izango dira.

Getxoko zirkuitua (30)

2024an Getxoko 78. zirkuitua edo Otxoa Anaien Memoriala ospatuko da. Txirrindulari lasterketa enblematikoa da, eta aurten, gainera, Frantziako Tourra Bilbao Bizkaiako herri eta errepideetatik igaro berri dela gogoratuz antolatu da.

ABUZTUA

Pozalaguako jaialdia

Pozalaguako Jaialdia Armañongo Parke Naturalean egiten da, Karrantzan, izen bereko haitzuloen ondoan. Ingurune natural paregabea da, eta musika-, umore- eta antzerki-emanaldiak eskaintzen ditu mendian bertan zizelkatutako auditorioan.

Bilboko Aste Nagusia (17 – 25)

Bilboko Aste Nagusia, Marijaia ikonikoak ordezkatuta, Bizkaiko hiriburuko jai nagusia da. Egunsentira arteko 9 jaiegun dira, eta kontzertuak, publiko guztiarentzako jarduerak, desfileak, su artifizialak, euskal kultura eta askoz gehiago eskaintzen dute.

IRAILA

Getxo Folk BBK

2024an Getxoko Nazioarteko Folk Jaialdiaren 40. edizioa ospatuko da, eta 5 egunez bertako eta nazioarteko folk kultura eta soinu tradizionalak eramango ditu Bizkaiko herri horretara.

Bilbao Triathlon (14)

Irailean, igeriketa, txirrindularitza eta atletismoa uztartzen dituen kirol erronka helduko da Bilbora. Lasterketa honetan, milaka pertsona maila fisiko eta mentalean gainditzen saiatuko dira, itsasadarraz eta hiriburuko leku esanguratsuenez inguratuta.

Antzar Eguna (5)

Antzar Eguna Lekeitioko zaindariaren jaiegun nagusia da, San Antolin alegia. Tradizio honek hiru mende baino gehiagoko historia du, eta parte-hartzaileak Lekeitioko portua kai batetik bestera zeharkatzen duen soka batetik zintzilik dagoen antzarrari helduta mantentzen saiatzen dira.

Arrantzale Eguna Bermeon (9)

Arrantzale Eguna Bermeoko Andra Mari jaien egun handia da. Jende guztiarentzako jardueraz beteriko eguna da, eta bertako bizilagunak arrantzale jantzi tradizionalez jantzita ikus daitezke.