Martha Jungwirth (Viena, 1940) artistarentzat, bere gorputzak sorkuntzaprozesuan daukan inplikazioa jasotzen duen egunkari moduko bat da artea. Jungwirthen ustez, marrazki eta pintura bakoitza bere izaeraren luzapen dinamikoa da, non lerroz eta orbanez osatutako egitura adimendunak sortzen baitira, mugimenduek eta emozioek bultzatuta. Haren lana jariakortasunean, gardentasunean eta irekitasunean zentratzen da, eta handitasun-irrika orotatik aldentzen da landu gabe, zentsuratu gabe eta apaindu gabe dagoen hori arakatu nahian.

Jungwirthen obra, beraz, oroimena eta irudikapena elkarrekin solastatzen diren eremu batean kokatzen da. Artistak pertzepzio guztiz pertsonalak islatzen dituzten forma plastiko bihurtzen ditu bere bizipenak. Iturri gisa balio diona iradokitzen duten keinu-formen eta emozioz beteriko koloreen bidez, Jungwirthen margolanek kategorizazio estilistiko sinpleetatik harago doan leku bat hartzen dute, abstrakzioaren eta figurazio sotilaren artean kulunka. Haren espektro artistikoaren baitan, koadroetako batzuk pintzelkada ugariz hornituta daude, eta beste batzuk, berriz, trazuen urritasunagatik nabarmentzen dira. Horren emaitza zera da, abstrakzioaren eta mundu fisikoaren irudikapenaren artean dagoen tentsioaren esplorazioa.