Planifikatu Bilbao Bizkaiako kostaldea ezagutzeko bidaia eta gozatu paisaia paregabeez.

Bizkaiko flyscha, kostalde paregabe eta zirraragarria

Bizkaiko flyscha arroka sedimentarioen geruzen bidez milioika urteko historia azaleratzen duen formazio geologikoa da. Kostaldeko paisaia paregabe eta ikusgarri hau lurraren eta itsasoaren arteko elkarrekintzaren lekuko da. Flyscheko itsaslabarrak, agerian dituen geruzekin, geologoentzat ez ezik, paisaia harrigarriak bilatzen dituzten turistentzat ere gozagarri dira.

Flyscha Bilbao Bizkaiako kostaldearen ekialdeko muturretik Gipuzkoaraino hedatzen da, bisitariei mendi ibilaldiak eskainiz paisaia natural apartak esploratzeko.

Urdaibaiko Biosferaren Erreserba

Urdaibai, UNESCOk Biosferaren Erreserba bezala aitortua, aberastasun ekologiko eta edertasun natural handiko txokoa da. Oka ibaiaren bokalean kokatua, Urdaibai hegazti migratzaileentzako babeslekua da eta hegaztien maitaleentzako paradisua. Urdaibai Bird Center guneak urtero txoko honetatik igarotzen diren 200 espezie baino gehiago behatzeko aukera paregabea eskaintzen du.

Laga eta Laidako hondartzak eta Antzoras eta Aritzatxu kala txikiak erlaxatzeko eta natura behatzeko leku perfektuak dira. Horrez gain, Santimamiñeko koba aurkituko duzu, Paleolitoko labar-pinturak dituen interes historiko handiko gunea, eta baita Omako Basoa ere, non natura eta artea elkartzen diren.

Gaztelugatxe, kostaldeko altxorra

Gaztelugatxe Bilbao Bizkaiako kostaldeko txoko liluragarrienetako bat da. Uhartetxo hau harrizko zubi baten bidez lur sendoari lotua dago Kantauri itsasoaren gainean. Ermitara heltzeko 241 eskailera igotzea merezi du bista zoragarriez gozatzeko.

Ermita honek konexio sakona du inguruko arrantzaleekin eta barruan eskaintzak uzten dituzte erauntsietatik salbatzeagatik eskerrak emateko.

Gaztelugatxetik hurbil dauden Matxitxakoko itsasargiak eta Akatz eta Izaro uharteek txoko hau xarmaz betetzen dute. Uharte horietan itsas hegaztien koloniak daude eta naturaren maitaleentzako interes gune dira.

Nortasuna duten kostaldeko herriak

Bilbao Bizkaiako herri arrantzaleak kostaldeko bizitzaren esentzia islatzen duten bitxiak dira. Herri bakoitzak izaera propio eta xarma berdingabea du:

Portugalete: Bizkaia Zubiagatik ospetsua, Getxorekin lotzen den Zubi Esekia, alegia. Alde zaharrak eta arrantza-tradizioek osatzen dute herri honen nortasuna.

Ondarroa: Kantauri itsasoko arrantza-portu garrantzitsuetako bat da arrantzagatik eta kontserben produkzioagatik.

Lekeitio: Erakargarritasun turistikoagatik eta portuagatik da ezaguna, non arrantzaleen lana itsasoko eskaintza gastronomikoarekin uztartzen den.

Elantxobe: Mendixka baten gainean kokaturiko herri txiki honek izugarrizko bistak ditu.

Mundaka: Urdaibaiko Biosferaren Erreserban kokatua, ezkerreko olatuengatik da ospetsua mundu osoan, surf egiteko perfektua.

Bermeo: Arrantzaleen portua, Arrantzaleen Museoa eta kontserben fabrikak aurkituko dituzu.

Herri arrantzale xarmangarrien artean ere Armintza, Ea, Plentzia, Getxo, Santurtzi eta Zierbena aurkitzen dira. Herri hauek tradizioa, edertasun naturala eta gastronomia zoragarria eskaintzen dituzte, bisita bakoitza esperientzia ahaztezin bilakatuz.

Bizkaiko kostak esperientzia anitz eta ahaztezinak eskaintzen ditu. Historiaz, naturaz, gastronomiaz edo bista zoragarriez gozatu nahi baduzu, Bilbao Bizkaiako kostaldeak badu zer eskaini.