Aniztasunaren balioa. Garen bezalakoak izatearen harrotasuna.

Bilbao Bizkaian, harrotasuna hitz bat edo egutegian markatutako data batzuk baino askoz gehiago da. Jarrera bat da, izaeraren ezaugarri bat. Pertsonen DNAren zati bat da, eta ikusgarritasunaren eta berdintasunaren aldeko aldarrikapena eta borroka beti presente egon diren ingurune eta gizarte baten berezko ezaugarria.

Bilbao Bizkaia HARRO!

Duela ia hamarkada batetik hona, Bilbok Bilbao Bizkaia HARRO ospatzen du, aniztasun sexuafektiboa aldarrikatu, ikusarazi eta ospatzeko helburuarekin sortutako plataforma.

Horrela, ekainero Bizkaiko hiriburua ostadarraren koloreekin tindatzen da eta mota guztietako jarduerak eskaintzen ditu, hala nola ikuskizunak, animazioa eta ibilbide gastronomikoak.

Gainera, Bilbao Bizkaia HARROk bisita gidatuak ere antolatzen ditu, iraganean eta gaur egun kolektiboarentzat funtsezkoak diren agertokiak ezagutzeko, LGBTI+ pertsonak historian zehar nola erlazionatu eta ikusarazi diren azaltzen diguten testigantza zuzenekin eta dokumentuekin batera.

Bizkaiko PRIDEk, ekainaren amaieran Mundaka, Santurtzi eta Plentziara ere hedatzen denak, gero eta jende gehiago biltzen du, eta gure lurra ezinbesteko friendly erreferente bihurtu du Europa mailan eta, bereziki, eskualde atlantikoan.

Normalizazioa eta diskriminaziorik eza funtsezko konpromisoak dira, eta, horregatik, Bilbao Bizkaiak lanean jarraitzen du berdintasun-sareak, prestakuntza-planak eta erakundeak, enpresak eta gizarte-eragileak lotzen dituzten protokoloak sortu eta indartzeko.

Aste Nagusia: jai ireki eta inklusiboak, LGBTI+ programazio zabalarekin

Abuztuko bigarren hamabostaldian Bilboko Aste Nagusia ospatzen da. Festa paregabeak dira munduan, ez bakarrik beren izaera herrikoi eta parte hartzaileagatik eta giro izugarriagatik, baita LGBTI+ kolektiboari lotutako ekitaldi eta emanaldien programazio zabalagatik ere.

Kontzertuak, txosnak, kultur ekitaldiak... Bilboko Aste Nagusia 9 egunez ospatzen da, eta dibertimendua, aldarrikapena, tradizioa eta kultura dira nagusi hirian. Guzti hau ulertzeko, ezinbestekoa da Aste Nagusia lehen pertsonan bizitzea.

Lehen lerroa primerako helmuga batean

Otsaila eta martxoa bitartean, Zinegoak antolatzen da Bilbon, Gaylesbitrans Nazioarteko Zinema eta Arte Eszenikoen Jaialdia. Aniztasunarekiko konpromisoa pantaila handira eramaten da lehiaketa batean, eta publikoak aukera du film labur onenaren alde bozkatzeko.

Zinegoak zinema harroa da, noski, baina baita gehiago ere, jaialdiaren egunetan Bizkaiko hiriburuak solasaldiak, jaiak eta giro handia hartzen baititu.

Neguan, udan, harrotasunaren hilabetean eta urteko beste edozein unetan, Bilbao Bizkaia inklusio eta aniztasuneko lurraldea da, eta bertan edonork goza dezake nahi duen bezalakoa izate hutsaz eta maite dituenak maitatzeaz.